Filosofia Politikoa: Gizartea, Estatua eta Legitimitatea
Clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,69 KB
Politika, gizartean bizitzeko trebetasuna da. Filosofia politikoa, berriz, gizarteko bizitzaren antolamenduari buruz gogoeta egiten duen diziplina da.
1. Giza Soziabilitatea
Giza soziabilitatea gizartean bizitzeko joera da, beste banakoekin bizitzeko eta haiez arduratzeko joera, alegia.
1.1. Interesagatiko Soziabilitatea
Thomas Hobbesek zioen gizakia otso dela gizakiarentzat, baina gizartekoi izatera behartuta dagoela; izan ere, gizartea desegiten bada, gerra piztuko litzateke guztien artean eta biziraupena bermatuta ez lukete izango.
1.2. Berezko Soziabilitatea
Aristotelesen arabera, gizakia berez da gizartekoia, gizartean biziz soilik garatu ditzakeelako bere gaitasunak.
2. Estatua
Estatua lehenengo gizataldeetako kide bat edo batzuk gainerakoen komunitate-bizitza zuzentzeaz arduratzen hasi zirenean agertu zen. Estatu modernoa XVI. mendean sortu zen, botere modu berri gisa, eta ulermen zehatzagoa behar zuen.
2.1. Estatuaren Ezaugarriak
- Lurralde boterea du: Estatuaren boterea mugek mugatzen duten lurralde osora hedatzen da.
- Burujabea da: Estatuaren mugen baitako erakunde oro haren mende dago, baina estatuak ez du inoren aurrean erantzun behar.
- Ordenari eusteko ardura du: Funtzio nagusia legea betetzea dela ziurtatuta bakea eta egonkortasuna bermatzea da, baita herritarrak atzerriko mehatxuetatik babestea ere.
3. Estatua Beharrezkoa al da?
Anarkismoaren ustez, estatua boteredunek herria zapaltzeko duten tresna bat da. Hala, estatuaren desegitearen alde dago. Hona hemen estatua beharrezkoa dela baieztatzeko bi arrazoi:
- Egonkortasun soziala ezingo litzateke bermatu indar basatiaren erabileraren legitimitatea monopolizatuko duen erakunde bat izan ezean.
- Estatua interes orokorraz eta guztion ongizateaz arduratzen da.
John Stuart Millen hitzetan, "Estatua gaitz bat da, baina beharrezkoa". Hau dio aginduak eman eta zenbait ekintza debekatzen dituelako, baina beharrezkoa eta mesedegarria da, segurtasun handiagoa ematen baitu. Ez lioke mugarik jarri behar estatuak banakoen askatasunari, ez bada batak besteari kalte egitea eragozteko.
3.1. Teoria Kontraktualistak
Teoria kontraktualisten arabera, estatua itun sozial baten emaitza da, eta hura gabe egoera jasanezina litzateke gizakiarentzat. Hiru teoria kontraktualista nagusi daude:
- Hobbes: Berezko egoera, guztien aurkako gerra dela dio; estatuak ordena eta bakea bermatzen ditu, pertsona bakar batek subiranotasun erabatekoa duen neurrian.
- Locke: Itunaren aurreko eskubide natural batzuk aitortzen dizkio gizakiari, baina estatua jotzen du eskubide horiek bermatzeko bide bakartzat.
- Rousseau: Berezko egoeran banako askeak, berdinak eta onak dira, eta itunaren ondorioz sortutako gizartea da banakoak moralki galbideratzen dituena. Hala ere, itun soziala da giza beharren estaldura bermatzeko modu bakarra. Agintariak nahi orokorrari men egin behar dio.
4. Estatuaren Formak
4.1. Estatu Autoritarioa
Boterea mugarik eta kontrolik gabe aplikatzen da, ez dago botere-banaketarik, agintariak ez dira hautatzen eta ezin da boterea gauzatzeko moduari buruzko desadostasunik adierazi. Absolutismoa eta totalitarismoa dira estatu autoritarioaren bi forma.
4.2. Zuzenbidezko Estatua
Botere politikoak men egiten die legeei, herritarrek bezalaxe. Zuzenbidezko estatuetan, konstituzioak jasotzen ditu estatuak oinarritzat dituen funtsezko printzipioak, eta, honela, inork ez du haiek ukatzeko ahalmenik. Botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereizten dira, eta karguek ezin dituzte botere horietako bat baino gehiago aldi berean erabili.
4.3. Zuzenbidezko Estatu Soziala
Estatua herritarren ongizate materialaz eta segurtasun ekonomikoaz arduratzen da, eta gizarteko desberdinkeriak murrizten saiatzen da. Bestela, zuzenbidezko estatuaren berdina da. Ongizatearen estatu ere esaten zaio.
5. Estatuaren Legitimitatea
Max Weberrek hiru legitimazio-forma bereizi zituen:
- Tradizionala: Boterea tradizio bidez legitimatzen da; zenbait familiak, dinastiak edo klasek betidanik izan dute boterea euren esku, eta berdin jarraitzeak naturala dirudi.
- Karismaduna: Boterea karismaren bidez legitimatzen da, liderrak herritarrengan pizten duen erakargarritasunaren arabera.
- Arrazional-legezkoa: Boterea legearen bidez legitimatzen da; estatua legezkoa da demokratikoa bada.