Filosofo Presokratikoak: Jatorria eta Pentsamendua

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,64 KB

Filosofo Presokratikoak

Mendebaldeko filosofia Greziako joniar kostaldean sortu zen, K.a. VI. mendean. Garai horretan, zenbait gizon-emakumeri ordura arte erabilitako kondaira mitikoek emandako azalpenak ez zitzaizkien aski iruditu mundua nola sortu zen edota naturako fenomenoak zerk eragiten zituen azaltzeko, eta lehenengo aldiz gizadiaren historian gizakiek azalpen arrazional hutsa eman nahi izan zieten euren kezka eta galdera kosmologiko-existentzialei, kontakizun mitikoetara jo gabe.

Lehenengo Filosofoen Kezka Nagusia: Arkhé-a

Lehenengo filosofoen kezka nagusia gauza guztiak, azken batean, diren lehen ekaia (arkhé) aurkitzea izan zen. Filosofo joniarrek susmatzen zuten naturaren (physis-aren) aniztasunaren azpian errealitate iraunkor bat egon behar duela, aniztasunari batasuna emanez.

  • Miletoko Talesentzat ura da arkhé hori.
  • Anaximenesentzat airea.
  • Efesoko Heraklitorentzat (K.a. 535-475) sua.

Izan ere, suaren dinamismoak bat egiten du Heraklitoren panta rei (“dena isurian”) formularekin: aldaketa prozesu etengabea da errealitatearen ezaugarri nagusia, eta, hortaz, “inoiz ezingo gara ibai berean bi aldiz sartu”.

Parmenides eta Aldaketaren Ukapena

Beste filosofo presokratiko batek, Eleako Parmenidesek (K.a. 544-450), oso era ezberdinean pentsatzen zuen: gure begi aurrean dugun aldaketa prozesu etengabe hori iruzur itxurazkoa baino ez da. Arrazoimen logikoa erabiliz gero, ondorioztatuko dugu aldaketa ezinezkoa dela, aldaketa izatetik ezerezaino eta ezerezatik izaterainoko urratsa inplikatzen duelako, eta urrats hori logikoki ezinezkoa da, “ezin daitekeelako esan ezereza badenik”, hau da, ezerezatik ezin da izatea sortu. Antzeko argudioekin ondorioztatzen du Parmenidesek izatea (hau da, errealitatea) bakarra, aldaezina eta betierekoa izan behar duela.

Pitagoras eta Zenbakien Garrantzia

Amaitzeko, aipatu beharreko beste filosofo presokratiko nagusi bat Samosko Pitagoras da. Pitagoras eta bere jarraitzaileen ustez, arkhé-a zenbakia da: unibertsoko izaki guzti-guztiak formula matematikoen bidez azal daitezke. Ezagunak dira astronomia, musika eta matematika arloetan pitagorikoek egindako ekarpenak. Era berean, aipagarria da ere sekta erlijioso antzeko bat osatzen zuten pitagorikoek orfismoan jatorria duten sineskerak zituztela: ezagutza arimaren garbitzapenerako tresna gisa, arimaren hilezkortasuna eta metempsikosia (transmigrazioa), etab. Ideia guzti hauek berebiziko eragina izango dute Platon eta beste hainbat filosofoengan.

Entradas relacionadas: