Finantza Ratio Nagusiak: Azterketa eta Aholkuak

Clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,3 KB

1. Erabilgarritasun Ratioa

Eskudirua eta beste aktibo likidoak / Pasibo korrontea = (0,3 - 0,4)

Emaitza tarte horretan dagoenean, enpresak bankuan eta kutxan epe labur-laburrean edo berehala egin behar dituen ordainketak egiteko nahiko diru baduela esan nahi du. Beraz, hemen ez diogu aholkurik emango.

Emaitza erreferentzia-datua baino handiagoa denean, enpresak bankuan eta kutxan diru gehiegi dauka, eta hori ez da ona enpresarentzat, diruari ez diolako etekinik ateratzen. Aholkua: Diru hori inbertitzea izango da, eta aurrerago esango diogu non inbertitu dezakeen.

Emaitza erreferentzia-datura iristen ez bada, enpresak ez dauka behar duen dirua epe labur-laburrean edo berehala egin behar dituen ordainketak egiteko. Hau kezkagarria da; beraz, dirua berehala lortu behar du: epe laburreko inbertsioak salduz, bezeroei deskontuak eskainiz unean ordaintzen badigute, edo letrak bankuan deskontatuz.

2. Altxortegi Ratioa

Aktibo korrontea - Izakinak / Pasibo korrontea = (0,8 - 1,2)

Emaitza 1 baino txikiagoa bada, ordainketa-etendura baten arriskua dago. Ratio honetan, enpresa honek kobratzeko fakturak zenbatekoak diren aztertuko dugu. Horretarako, aurreko ratioan lortutako emaitzan oinarrituko gara, eta horren arabera esango dugu kobratzeko duguna egokia den ala ez. Egokia ez bada, konponbide bat emango diogu enpresari.

Ratio honetan, emaitza 1 baino txikiagoa bada, ordainketa-etendura baten arriskua dagoela aipatuko dugu, eta hurrengo ratioan baieztatuko dugu horrela den ala ez.

  • Kobratzeko faktura gutxiegi baditu: Gehiago lortu beharko ditu. Horretarako, enpresak gehiago saldu beharko du: publizitatearen, deskontuen, oparien bidez, etab.
  • Kobratzeko faktura gehiegi baditu: Kobratzen hasi eta dirua lortu ondoren inbertitzea komeni da.

3. Likidezia Ratioa

Aktibo korrontea / Pasibo korrontea = (1,5 - 1,8)

Ratio honetan izakinen kopuruari buruz hitz egingo dugu, baina beti ere aurreko bi ratioen emaitzak kontuan hartuta.

  • Izakin asko baditu, arazoak hauek dira: izakinak galtzeko, kadukatzeko, hondatzeko arriskua, biltegiak kontrolatzeko edo kudeatzeko gastu handiak, eta balio-galerak. Konponbidea: Hori saltzea, eskaintzak jarriz, marketina erabiliz, etab.
  • Izakin gutxiegi izatea: Hemen enpresa arazo larri batekin aurkituko da; stock-haustura baitago. Nola konpondu: Produktu gehiago erosi.

Ratio hau maniobra-funtsarekin lotu behar da. Maniobra-funtsa positiboa bada, ratio hau 1 baino handiagoa izango da. Kasu honetan, ondare-masak orekatuta daude. Baina maniobra-funtsa negatiboa bada, likidezia-ratioaren emaitza 1 baino txikiagoa izango da; beraz, ondare-masak desorekatuta daude eta ordainketa-etendura batean dago. Horrek esan nahi du aktibo korrontearekin ez zaiola iristen pasibo korrontean dituen zor guztiak ordaintzeko. Arazo hau larria da.

Baina, erabaki egokiak hartuz gero, hemendik irten daiteke. Erabaki onak hartzen ez badira, ordea, enpresak porrotean amaitu dezake.

Irtenbide posibleak: Aktibo ez-korronteko zerbait saldu (erabiltzen ez duguna), ondare garbia handitu (kapital gehiago eskatu, diru-laguntzak eskatuz), pasibo ez-korrontea handitu (pasibo korrontean ordaintzeko dugun epea luzatu eta ez-korrontean sartu), etab.

4. Bermatze Ratioa

Aktibo osoa / Pasibo guztia = (1,7 - 2)

Ratio honetan enpresaren bermea aztertuko dugu, hau da, duen guztiarekin (aktibo osoa) zor duen guztia ordaintzeko (pasibo osoa) duen gaitasuna.

  • Erreferentzia-datua baino handiagoa bada: Enpresa horren bermea oso ona dela adierazten du, eta horrek abantailak ekarriko dizkio enpresari: maileguak lortzeko, bazkide berriak lortzeko, diru-laguntzak lortzeko, etab. Aholkua: Gehiago zorpetzea esango diogu, baldin eta interesak baxuak badira.
  • Emaitza erreferentzia-datua baino baxuagoa bada, baina bat baino handiagoa: Enpresaren bermea txarra dela adierazten du. Neurri egokiak hartzen ez baditu, porrotean amaituko du. Aholkua: Ondare garbia handitu beharko du; beraz, diru-laguntzak lortu beharko ditu, etab.
  • Ratioaren emaitza 1 baino gutxiago ateratzen bada: Enpresa porrotean dago. Horrek esan nahi du enpresan dagoen guztia saldu ondoren ez dela iristen dituen zor guztiak ordaintzeko (bere aktibo osoa likidatu du eta ez da nahikoa zorrak ordaintzeko). Normalean, egoera honetan enpresak itxi egin beharko du.

5. Autonomia Ratioa

Ondare garbia / Pasibo guztia = (0,8 - 1,5)

Ratio honetan enpresaren finantziazio-iturriak aztertzen dira, eta lortu dituen finantziazio-iturriak norberarenak diren ala inorenak diren ikusten dugu.

  • Emaitza erreferentzia-maila baino altuagoa bada: Enpresa oso autonomoa dela adierazten du, gehien erabili dituen finantziazio-iturriak norberarenak izan direlako. Aholkua: Pixka bat gehiago zorpetzea esango diogu, betiere interesak baxuak badira.
  • Emaitza erreferentzia-datuaren azpitik bada: Enpresa ez da batere autonomoa; beraz, bere erabakiak ezin ditu askatasun osoz hartu. Aholkua: Ondare garbia handitu beharko du.

6. Zorpetze Ratioa

Pasibo guztia / Ondare garbia = ( < 1 )

Ratio honetan aurreko ratioaren berdina neurtzen dugu, baina zorpetzearen ikuspegitik.

  • Zorpetze-maila altua badu: Beste enpresen menpekotasuna duela esan nahi du. Aholkua: Ondare garbia handitzeko esango diogu, eta alderantziz.
  • Zorpetze-maila txikia bada: Beste enpresen menpekotasuna txikia da, eta pixka bat gehiago zorpetzeko marjina baduela esango diogu.

7. Zorraren Kalitate Ratioa

Pasibo korrontea / Pasibo guztia = (0,2 - 0,5)

Ratio honetan enpresaren zorrak nolakoak diren aztertzen dugu. Enpresari ahalik eta beranduen ordaintzea komeni zaio; beraz, epe luzeko zorrak zor guztien artean gehiengoa izan behar du.

  • Emaitza erreferentziazko emaitza baino altuagoa bada: Epe laburreko zorrak proportzioan gehiegi dituela esan nahi du; beraz, enpresaren zorren kalitatea txarra da. Aholkua: Enpresa saiatu behar da ordaintzeko epe hori luzatzen.
  • Emaitza erreferentziazko datua baino txikiagoa bada: Epe laburreko zorrak oso gutxi direla esan nahi du, eta ez dago gaizki.

8. Ibilgetasun Ratioa

Ondare garbia + Pasibo ez-korrontea / Aktibo ez-korrontea = ( > 1 )

Ratio honetan maniobra-funtsaren bigarren formula erabiliko dugu. Ratio honen emaitza bat baino txikiagoa bada, ordainketa-etendura batean dagoela adieraziko diogu, maniobra-funtsan eta likidezia-ratioan ikusi dugun bezala. Ratio honetan, iruzkina maniobra-funtsarekin lotu behar da.

Enpresa batek bere epe luzerako finantziazio-iturriekin finantzatu behar ditu bere aktibo ez-korronteko elementu guztiak, gehi aktibo korronteko hainbat elementu.

9. Ondorioa

Ratio guztiak aztertu ondoren, amaieran enpresaren egoera nolakoa den laburbilduta adierazi behar da.

Entradas relacionadas: