Finantza Sistemak, Dirua eta Bankuak
Clasificado en Economía
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,64 KB
Finantza Sistemak eta Bankuak
Kontsumo eta inbertsio planak gauzatzeko, finantza baliabideak behar ditugu. Batzuek dirua aurrezten dute eta beste batzuek dirua behar dute beren proiektuak aurrera eramateko. Beraz, beharrezkoa da bideren bat egotea finantza baliabideak aurrezleengandik inbertitzaileengana eskualdatzeko.
Eskaintzailea finantzaketa-gaitasuna duen pertsona da, bere errentaren zati bat aurrezten duelako. Dirua mugitu egiten du, alegia, eta ez badu hau egiten ez du ezer irabazten.
Eskatzaileak, berriz, finantzaketa-beharra du, adibidez, inbertsio berria egin behar duen enpresa edo etxebizitza erosi nahi duen norbanakoa.
Finantza sistema eskaintzaile eta eskatzaileen artean bitartekari lana egiten duten erakunde multzoez osaturik dago. Espainiako finantza bitartekari garrantzitsuenak bankuak dira.
Diruaren Funtzioak eta Ezaugarriak
Diruak hainbat funtzio betetzen ditu:
- Truke bidea: Denok onartzen dugu dirua truke bidetzat. Diruak trukea errazten du. Izan ere, dirua erabiliz gero, saltzaileak eta erosleak ez dute bi ondasunetan ados jarri behar (batek zaldia nahi du eta besteak ardiak, adibidez), baizik eta erosleak saltzailearen ondasuna nahi du eta horren salneurrian ados jarri behar dira biak.
- Neurri gisa: Prezioak zehazteko eta kontuak eramateko unitatetzat hartzen da. Balioa kalkulatzeko neurritzat erabiltzen da, hots, ondasun eta zerbitzuen balioa kalkulatzeko.
- Balio gordailua: Aberastasuna modu desberdinetan gorde daiteke (etxeak edukita, urrea gordeta, etab.), baina erosoena dirua da, berehala erabili daitekeelako. Izan ere, familiek zein enpresek ondarearen zati bat dirutan edukitzen dute.
Diruaren ezaugarri nagusiak:
- Iraunkorra
- Zatigarria
- Garraiatzeko erraza
- Denok onartua izatea
Diruaren funtzioekin lotutako ekintzak: NEURTU, GORDE, GASTATU.
Legezko Dirua eta Historia
Egungo sistema ekonomikoan, paperezko diruak ez du metal preziatuaren babesik; ezin zara bankura joan eta duzun diruaren balioa urretan eskatu. Egungo paperezko diruaren balioa elkarrekiko konfiantzan datza. Guk paperezko dirua onartzen dugu, besteek ere guri ordainbidetzat onartuko digutela uste dugulako. Konfiantza hori hausten denean, salerosleek beste moneta batera (adibidez, dolarra) edo trukera jotzen dute.
Legezko dirua erakunde batek jaulkitako dirua da. Hiru fase ezagutu ditugu legezko diruaren historian:
Diru Jaulkipenaren Faseak
- Banku pribatuek: XIX. mendean, billeteak egiteko ahalmena zuten, beti gordailuan zuten urrearen arabera. Egoera honetan, arazoak sortu ziren bankuek zuten urrea baino diru gehiago jaulkitzen baitzuten (kontrol falta; hori ekiditeko hurrengo fasea etorri zen).
- Banku nazionalek: XX. mendean, diru jaulkipena monopolizatu eta estatuak eskuratu zuen diruaren kontrol osoa. Urre-patroia (dirua egin dezakezu duzun urrearen arabera) sistemarekin jarraitu zuten Bigarren Mundu Gerra arte. Orduan, munduan zeuden urre-erreserbak ez ziren nahikoak ekonomiaren garapenak behar zuen diru kopurua sortzeko. Urre-patroia bertan behera utzi eta estatu bakoitzak bere ekonomiaren garapenaren arabera dirua jaulki zezakeen. Zer gerta daiteke diru gehiegi sortuz gero? Inflazioa eta, gainera, beste herrialdeek ez dute dirua onartuko, beraz debaluatuko da. Eta diru gutxiegi egiten badute? Deflazioa eta errebaluatuko da dibisen merkatuan. Ondorioa: oreka egon behar da jaulkitako diru kopuruaren eta ondasun eta zerbitzuen balioaren artean.
- Europar Banku Zentrala: 2002. urtean Europar Batasuneko 11 estatuk beren ahalmen monetarioa Europar Banku Zentral bakar baten esku utzi zuten. Banku honek euroa jaulkitzen du eta berak erabakitzen du zenbat diru sortu, oinarrizko interes-tasa eta abar.
Diruari buruz gaizki-ulertze bat dago, Estatuak behartzen gaituelako erabiltzen dugula legezko dirua. Baina, gogoratu diruaren erabilgarritasuna besteek onartzean oinarritzen dela. Antzeko zerbait gertatzen da eskola-umeen kromoekin edo gerrako preso-lekuko zigarroekin. Diru gisa erabiltzen dira truke bidetzat onartuak direlako, lege-babesik gabe. Beste pertsonek gure erosketetan ordainbidetzat onartuko dutelako konfiantzagatik erabiltzen dira. Adibidez: 3. munduko estatu asko ez dira beren diruaz fidatzen eta dolarrera jotzen dute babes bila.
Moneta Agregatuak (M1, M2, M3)
- M1: Jendearen eskudirua gehi ageriko gordailuak (diru-stocka). Jendeak poltsikoan duena + kontu korrontean duzuna.
- M2: Jendearen eskudirua, ageriko gordailuak gehi aurrezki-gordailuak. (M1 + Aurrezki-gordailuak - libretan; kontu korronteak ez bezala, honek ez du txekerik).
- M3: Jendearen eskudirua, ageriko gordailuak, aurrezki-gordailuak eta eperako gordailuak. Honi, likidezia erabilgarria ere deitzen zaio. (M2 + Eperako gordailuak - plazo fijo).
Moneta Agregatuen arteko Desberdintasunak
- Ageriko gordailuak: Titularrak berehala erabili ditzakeenak dira.
- Aurrezki-gordailuak: Libretan gauzatzen dira eta ageriko gordailuen antzeko eragiketak ahalbidetzen dituzte, baina ezin dira txeke bidez erabili.
- Eperako gordailuak: Epe finkoan hartutako fondoak dira eta ezin dira eskuratu hitzartutako epea baino lehen, zehapenik gabe.
Bankuen Zeregin Nagusiak
Bankuek familien aurrezkia erakartzen dute finantza erakundeetara. Diru horren truke, gordailua egiten duenari kopuru jakin bat, interesa, ordaintzen diote.
Jasotako gordailuen arabera, kontsumo edo inbertsio gastuak egiteko finantzaketa behar duten pertsonei edota enpresei maileguak ematen dizkiete. Zerbitzu horren truke, finantza erakundeek interes bat kobratzen diete. Interesari, ehunekotan emana, interes-tasa edo tipoa deitzen zaio (adibidez, %5).
Mailegu eskatzaileei kobratzen dieten interes-tasaren eta finantza erakundeetan dirua gordetzen dutenei ordaintzen dieten interes-tasaren arteko aldean lortzen dituzte bankuek mozkinak.
Kontzeptu Garrantzitsuak
- Europako Banku Zentrala
- Euroguneko herrialdeen interes-tasak finkatzen dituen europar erakundea da. Guztira hamasei herrialderen interes-tasak ezartzen zituen 2009. urtean. Interes-tasak ezartzeaz gain, moneta-politika gauzatzea du helburu, diru kopurua handituz edo gutxituz, besteak beste.
- Dirua
- Ordaintzeko balio duen gauza da, batez ere gauzak eta zerbitzuak erosteko eta zorrak kitatzeko erabilia. Hori dela eta, dirua bitarteko bat da, ondasun natural edo artifiziala. Diru gisa onartuta izan dadin ondasun batek hiru irizpide bete behar ditu:
- Trukagarria izatea.
- Zenbakarria izatea.
- Balioa gordetzea.
- Interes-tasa
- Dirua maileguan hartzeagatik ordaindu beharreko ordainsaria da, mailegatutakoa itzultzeaz gain. Interesa dirua alokairuan hartzeagatiko errenta dela esan daiteke. Gehienetan, dirua maileguan hartzeagatik ordaindu beharreko interesa interes-tasa jakin batez kalkulatzen da.
- Mailegua
- Finantzetan, mailegua diru kopuru jakin bat jasotzen den finantzaketa-modua da, non zenbatekoa epe jakin batean hainbat kuotatan itzuli behar den.
- Finantza erakundea
- Finantza erakundeak (Bankuak, besteak beste) finantza bitartekariak dira, eta jasotako gordailuen arabera, kontsumo edo inbertsio gastuak egiteko finantzaketa behar duten pertsonei edo enpresei maileguak ematen dizkiete. Zerbitzu horren truke, finantza erakundeek interes bat kobratzen dute.
- Moneta politika
- Helburua prezioen egonkortasuna mantentzea da. Horretarako, interes-tasak finkatzen dira, besteak beste, inflazioa kontrolatzeko.
- Inflazioa
- Ondasun eta zerbitzuen prezioen maila orokorraren igoera iraunkorra da.
- Euriborra
- Europar Ekonomia eta Moneta Batasuneko bankuek elkarri maileguak emateko ezartzen duten batez besteko interes-tasa da. Tasa horrek mugaegun desberdinak ditu, laburrena egun batekoa eta luzeena urtebetekoa.
- Enkantea
- Ekonomian, saltzaile bat eta erosle anitz salneurri onena lortzeko lehian daudenean gertatzen den salerosketa mota bat da. Saltzaile anitz eta erosle bakar bat dauden enkanteak ere badaude.
- Libera esterlina
- Erresuma Batuko moneta ofiziala da.
- Baldintza
- Mailegu bat eskatzerakoan, bankuak eskatzailearen egoera ekonomikoa aztertzen du (lana, soldata, aurrezkiak...). Egoera horren arabera, baldintzak gogorragoak edo malguagoak izango dira.