Finantza Tresnak: Kredituak, Maileguak eta Obligazioak
Clasificado en Economía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,17 KB
Epe Ertain eta Luzeko Kreditu eta Maileguak
Finantzaketa bi eratakoa izan daiteke, batez ere:
- Aktibo finkoko ondasunen hornitzaileek emandakoa. Kreditu hau kreditu komertzialaren antzekoa da, baina muga-eguna epe ertain eta luzekoa izango da.
- Finantza-erakunde edo bankuek emandakoa. Fondo hauek lortzea, muga-eguna zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta konplexuagoa izango da. Segurtasun falta eta, ondorioz, arriskua handiagoak direnez, kostua edo interes-tasa eta bankuek eskatutako bermeak handiagoak izango dira.
Kreditu Sindikatua
Maileguak kopuru handikoak direnean, banku-sindikatua sortzen da mailegua kudeatzeko eta eskatzen duenari eman ahal izateko. Banku bi edo gehiagoren arteko akordiotik sortutako mailegua da, zeinaren helburua maileguaren eskariari aurre egitea eta inplikatuta dauden finantza-erakundeen artean arriskua banatzea den.
Kreditu Sindikatuaren Parte-hartzaileak
- Manager bankua: Banku-sindikatua eratzearen arduraduna da. Mailegu-hartzaileak manager bankura joko du mailegua eskatzeko.
- Banku agentea: Kreditu sindikatuan parte hartzen dutenek izendatuko dute administrazio-izaerako jarduera guztiak burutzeko. Mailegu-hartzaileari baliabideak emateaz eta interesen kobrantzaz arduratuko da. Ordainketetan bitartekari lana egingo du komunikazioaz arduratuz.
- Banku mailegu-emaileak: Maileguan parte hartzen duten banku guztiak dira.
Kreditu sindikatuaren kostuak bi osagai ditu: interesak (merkatuko interes-tasen bilakaeraren menpe egongo dira) gehi diferentzial bat, eta komisioak. Kreditu sindikatuak diru-kopuru handiak behar izaten dituzten sektoreetan erabiltzen dira, adibidez, sektore elektrikoan edo sektore publikoan.
Obligazioen Jaulkipena (Jesapenak)
Jesapena, zati alikuotetan banatuta dagoen mailegua da. Zati hauetako bakoitzari obligazioa deitzen zaio. Beraz, jesapena jaulkitzen duen enpresa zorpetu egiten da eta obligazio bat duena enpresaren hartzekodun bihurtzen da. Obligazio bakoitzak bizitza zehatza du, hau da, amortizatua izateko sortzen da.
Akzioen eta Obligazioen arteko Desberdintasunak
- Akzioduna enpresaren bazkidea den bitartean, obligazioduna enpresaren hartzekoduna da.
- Obligazioek ezaguna eta iraunkorra den errendimendua sortzen dute aldizka; akzioaren errendimendua, ordea, enpresaren emaitzen menpe dago, beraz, bere zenbatekoa zalantzazkoa da.
- Obligazioak muga-eguna heltzerakoan itzuli egiten dira; akzioen kasuan, ordea, inbertitutako kapitala sozietatea likidatzen denean edo akzioak merkatuan salduz bakarrik berreskuratu ahal izango dira.
- Obligaziodunak interesak jasotzeko eskubidea eta muga-eguna heltzen denean printzipala jasotzeko eskubidea izango du. Akziodunak, dibidenduak jasotzeko eskubidea, lehenespenezko harpidetza-eskubidea, batzarretan botoa emateko eskubidea, eta abar izango ditu.
- Obligaziodunak duen arriskua enpresa ordainezin egoeran egotea edo enpresak porrot egitea da; akzioduna, ordea, enpresaren zoriari lotuta egongo da.