Foruak eta Gerra Karlistak: 1839-1841 Aldaketak
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,72 KB
Foruak eta Gerra Karlistak
1839ko Legea eta Bergarako Hitzarmena
Foruei dagokienez, Lehen Gerra Karlistaren amaiera 1839ko Bergarako Hitzarmenarekin (Bergarako Besarkada) amaitu zen. Bertan, Esparterok gobernu liberalari foruak errespetatzea eskatzeko konpromisoa hartu zuen, baina horiek aldatzeko aukerarekin. (Baldomero Espartero kapitain jeneralak gogotsu gomendatuko zion gobernuari Gorteei foruak ematea edo aldatzea formalki proposatzeko konpromisoa betetzeko). Hala, Gorteek 1839ko Urriaren 25eko Legea eman zuten, zeinak euskal foruak berresten zituen, baina monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe, eta zehaztuz Gobernuak foruetan haien interesa aldarrikatzen duen nahitaezko aldaketa proposatuko diela Gorteei, Konstituzioaren interes orokorrarekin bat egiteko. Formula honen bidez, Gobernuak foruak mantentzeko konpromisoa betetzen zuen, baina, era berean, egoki irizten zituen aldaketak egiteko aukera irekita uzten zuen.
Nafarroako Hitzartutako Legea (1841)
1840an progresistek agintea hartzearekin batera aldaketa handiak gertatu ziren. 1839ko legea ez zuten berdin interpretatu paktistek eta ez-paktistek:
- Foruzale paktistek legeak foruak berresten zituela iritzi zioten, eta gobernu zentralarekin negoziatzen jarraitu zuten.
- Foruzale ez-paktistek, aldiz, legea foruen abolizioa zela iritzi zioten, batez ere, foruak aldatzeko ahalmena ematen zielako Madrilgo erakundeei. Horregatik, etengabe eskatu zuten bertan behera uztea.
Nafarroan paktistak nagusitu ziren eta beste hiru probintzietako luzamenduez aspertuta, gobernu zentralarekin negoziatzera joan ziren beraiek bakarrik. Negoziazio horretatik 1841eko Abuztuaren 16ko Hitzartutako Legea sortu zen, Nafarroari aurrerantzean zorrotz errespetatuko zen autonomia administratibo handia ematen ziona.
Lege horrekin foru pribilegio garrantzitsuak kendu zitzaizkien nafarrei:
- Foru baimena
- Soldadutzara ez joan behar izatea
- Antzinako Gorteak baliogabetzea
- Aduanak kostaldera eta Pirinioetara eramatea
- Erresuma izaera galtzea
Baina, ordainetan, antzinako foru eskubide zibila mantentzen zen, Aldundi Probintzial berriari autogobernu administratibo eta ekonomiko handia emateaz gain (Autonomia horrek kupoa ―adostutako diru kopuru zehatza― ordaintzearen truke, zergak ezarri eta kobratzeko ahalmena eskaintzen zion Aldundi edo Foru Aldundiari), eta udalei kontuak hartzeko ahalmena onartzen zitzaien.
Beste Hiru Probintzietako Dekretua (1841)
Nafarroa urrunduta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru lurraldeek beren jarrerak bateratzea eta harremanak estutzea erabaki zuten. Horretarako maiz egiten zituzten ordezkaritza bilerak Madrilgo negoziazioei aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, azkenean, gobernu zentralak bere kontura hartu zituen erabakiak.
1841ean, euskal lurretan izandako matxinada txiki batez baliatuta, Esparterok 1841eko Urriaren 29ko Dekretua atera zuen Gasteizen, Gorteetan eztabaidatu gabe eta euskal probintziei kontsultarik egin gabe. Dekretu horrek hainbat aldaketa ekarri zituen:
- Foru baimena indargabetu zuen.
- Aduanak barnealdetik kostaldera eta Pirinioetara eraman zituen.
- Lehen auzialdiko epaitegiak ezarri zituen.
- Garrantzi gutxiagoko beste aldaketa batzuk eragin zituen: korregidoreari izena aldatu eta gobernadore edo buruzagi politiko jarri, eta foru aldundi edo diputazioei diputazio soilik deitu.
Aldaketa horien aurrean protesta handiak egin ziren, aduanen lekualdaketaren kontra bereziki; nahiz eta batzuk azkar asko jabetu ziren hori oso mesedegarria zela merkataritza eta industria negozioetarako (Bilbo eta Donostiakoak nagusiki).