Francoren Diktadura (1959-1975): Finkapena eta Krisia
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,96 KB
Frankismoaren Diktadura: Finkapena eta Krisia (1959-1975)
Lege berriek aldaketa ugari ekarri zituzten. 1957an gobernuaren eta Estatuaren jarduerak bereizi egin ziren arren, Francok bien buru izaten jarraitu zuen. 1966an, aldez aurretiko zentsura kendu zen. Horrek komunikabide berriak sortzeko aukera eman zuen, argitaratzeko aukerak ere sortuz. 1967an, katolizismoaren monopolioa amaitu zen. 1970ean, derrigorrezko eskolatze-aldia hamalau urtera arte luzatu zen. Beste zenbait lege ere aurkeztu zituzten.
Ekonomia-hazkundea eta Gizarte-aldaketa
Espainiako bizi-mailak gora egin zuen. 1959ko Ekonomia Antolamendu Berrirako Lege Dekretuaren bidez erregimenaren autarkia-aldia amaitu zen. Espainiako ekonomia Europako herrialdeen ekonomian integratzeko apustua zen, kapitalismoaren hedatze-zikloa baliatuz. Helburua ordainketa-balantza orekatzea zen, moneta- eta zerga-erreformak aplikatuz eta merkataritza-neurriak hartuz. Hasieran bizi-baldintzek okerrera egin bazuten ere, 1960ko neurriek hazkundea bultzatu zuten; garapenaren hasiera markatu zuten.
1962-1975 bitartean garapen planak egin ziren. Eraginkortasun txikikoak izan ziren, ez baitzuten eskualdeen arteko desoreka murrizterik lortu. Planak industriara bideratu ziren batez ere. Garraioaren hobekuntzak ere ez ziren nahikoak izan. Azkenik, huts egin zuten produktua banatu eta merkaturatzeko alorrean, bai eta enplegu-sorkuntzan. Hala ere, arrakastaren gakoak hauek izan ziren:
- Europan zegoen ekonomia-ziklo ona aprobetxatzea,
- merkatua liberalizatzea eta
- sektore giltzarriak atzerriko inbertsiora irekitzea.
Espainiak eta EEEk lehentasunezko hitzarmena sinatu zuten 1970ean. Espainia Europako ekonomian integratu zen. Espainiako langileak Europara joan ziren lan egitera, eta familiei dirua bidaliz, garapenean lagundu zuten. Bestalde, europarrak Espainiako hondartzetara etortzen hasi ziren. Urtetik urtera bisitarien kopurua handitzen joan zen. Turismoak eragin handia izan zuen.
Nazio-errenta hirukoiztu egin zen eta per capita errenta bikoiztu baino gehiago egin zen. Espainia herrialde industrializatu bihurtu zen. Nekazaritza-ekonomiatik industria-ekonomiara aldatzearen ondorioz, lehen sektoreko biztanleria aktiboak nabarmen egin zuen behera.
Garapenak espainiarren ohiturak eta pentsaera aldatu zituen. Ekonomia-aldaketaren ondorioz biztanleriak nabarmen egin zuen gora. Demografia-hazkundeak eta aberastasunen banaketa desorekatuak migrazio-prozesua areagotu zuten. 1950eko hamarkadan, errenta baxuko landatar biztanleek industria eta zerbitzuetara emigratu zuten. Barne- eta kanpo-emigrazioa eman zen. Migrazio-mugimenduek ondorioak izan zituzten hiritartze-prozesuan. Landa-eremu ugari despopulatzen ari ziren, eta hiriak, aldiz, oso erritmo bizian hazi ziren, askotan inolako antolamendurik gabe. Gainera, biztanleriaren banaketa aldatu egin zen, eta giza ondorioak ere izan zituen.
Nekazaritzan oinarritutako ekonomiatik industrian eta zerbitzuetan oinarritutako ekonomiara igarotzeak aldaketak eragin zituen gizarte-egituran. Nekazaritza-jornalariak nabarmen gutxitu ziren, industriako eta zerbitzuetako langileen taldea asko hazi zen, erdiko klaseko kideen kopuruak gora egin zuen eta 1975ean goi-klaseak biztanleriaren %6 baino ez ziren.
Espainia hiritarrak (irekiagoa, libreagoa eta pluralagoa) Espainia landatarra ordeztu zuen. Langile-klase berri bat sortu zen, ekonomia- eta politika-baldintzak hobetzeko borroka egin zuena. Eskolatutakoen kopuruak gora egitea eta hezkuntza publikoa eta pribatua hobetzea garapenaren sinbolo eta gizarte-arrakastarako giltzarri izan ziren. Bizi-maila hobetzearekin, espainiarren ohituretan ere aldaketak izan ziren: pentsamolde berri bat nagusitu zen, frankismoaren kontrolak eta mugak gainditzen zituena. Erlijioan, ordura arteko eraldaketa sekularizatzailerik handienak izan ziren. Espainiar asko Elizatik urrundu ziren, traidore gisa hartuak izanik. Emakumeen rola ere aldatu zen, hezkuntzaren eta lan-merkatuan hasi izanaren ondorioz.
Ekonomia-maila hobea zen eta kontsumismoa, nahiz eta nolabaiteko atzerapena izan, indar handiz sartu zen Espainian. Etxetresna elektrikoak (batez ere, telebista), seiscientosa eta oporrak edo bidaiak ohikoak bihurtu ziren.
Kontsumo-gizarteak politikarekiko ardura falta bultzatu zuen nolabait. Liberalizazio politiko xume eta etengabeak aukera eman zuen erregimenetik at erregimenaren aurkako kultura sortzeko; aldizkarien eta lehen debekatuta zeuden liburuen edizioen bidez.
1970eko hamarkadan Espainia herrialde industrializatua bazen ere, desoreka handiak zeuden oraindik. Bizi-mailak hobera egin bazuen ere, zerbitzu publikoak urriak ziren eta langile asko babesik gabe zeuden. Biztanleen zati handi baten kultura-maila oso baxua zen; horrek hazkundea moteltzen zuelarik.
Oposizioa eta Errepresioa
1960ko hamarkadan, frankismoaren aurkako oposizioa sektore guztietara hedatu zen. Erregimenaren aldekoek kontrakoa espero bazuten ere, ekonomia-hazkundeak ez zuen erregimena sendotu; aldiz, apurka-apurka hondatuz joan zen, eta espainiar asko erregimena isilik onartzeari utzi eta sistemaren aurka nabarmen egitera igaro ziren.
Langile-mugimendu berria industriagune nagusietan hazi eta sendotu zen, Langile Komisioak (CCOO) sindikatuaren inguruan. Sindikatu hori ideologia komunistakoa izan arren, irekita zegoen sektore eta ideologia guztietara.
Unibertsitateko ikasleek Espainiako gizartearen nahiz unibertsitatearen demokratizazioa aldarrikatu zuten. Ikasleen etengabeko mobilizazioa amesgaiztoa izan zen Francorentzat. 1969ko urtarrilean, Bartzelonako ikasleek errektoretzari eraso egin zioten eta handik gutxira, Ruano ikaslea hil egin zen Madrilen. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen, poliziek atxilotuta zutenean. Unibertsitatean gero eta ikasle gehiago zegoen, eta haien kontzentrazio politikoa gero eta handiagoa zen. Unibertsitatea frankismoaren aurkako gune bihurtu zen. Horri aurre egiteko neurriak hartu zituen Francok:
- polizia-errepresioa,
- instalazioak okupatzea,
- irakasleak zigortzea eta
- fakultateak ixtea.
Eliza erregimenetik urrundu zen. Elizaren zenbait sektore askatasunaren eta giza eskubideen alde zeuden eta sindikatu-erakundeetan parte hartzen hasi ziren, manifestazioak eta itxialdiak egin zituzten.
Oposizio politikoaren protagonistak alderdi politikoak izan ziren. Alderdi Komunista izan zen aktiboena. PSOEn banaketa zegoen, baina 1974an bere burua antolatzen hasi zen. PCE oposizioa gidatzen eta monopolizatzen saiatu zen. Porrot egin zuen. Erregimenaren aurkako oposizioa Europako Mugimenduaren IV. Biltzarrera gonbidatu zuten. Amaieran, demokraziaren aldeko eta erregimena gaitzesteko adierazpena egin zuten. Mugimenduaren prentsak Municheko hitzarmen maltzurra esan zion biltzarrari. Gobernuak gogor egin zuen barneko parte-hartzaileen kontra. Francok, krisi hori aprobetxatuta, gobernu berria eratu zuen, itxura atseginagokoa.
Euskadin, ETAren terrorismoak EAJ bazterrean utzi zuen.
Frankismoaren Agonia
Francoren diktadura luzea amaitzear zegoen. Erregimenak ez zuen jakin gizartera egokitzen. Beti polizia-errepresioarekin erantzuten zuen.
Erregimenaren barne-tentsioak areagotuz joan ziren Francoren heriotzara arte. Erregimenaren oraina eta Francorik gabe izan zezakeen etorkizuna ziren eztabaidaren funtsa. Eztabaidan alde hauek zeuden: irekitasunaren aldekoek erregimena gizarte-errealitatera egokitu nahi zuten; immobilistek Gerra Zibiletik sortutako erregimenaren ezaugarriei eutsi nahi zieten inolako aldaketarik gabe; eta kontserbadoreek erregimenak oinarriak aldatu gabe jarraitzeko egin beharreko erreformak baino ez zituzten onartzen. 1968an asoziazionismoari buruzko eztabaida hasi zen; hau da, Mugimenduaren barruan elkarteak sortzeko aukerari buruzkoa, nolabaiteko pluralismo politikoa egon zedin. 1969an MATESA eskandalua eman zen; ezegonkortasun politikoaren sentsazioa transmititu zuena. Krisi orokorraren ondorioz, Francok joera bakarreko gobernua eratu behar izan zuen.
Frankismoak eboluziorako ezintasuna azaldu zuen. Erregimenaren ageriko krisiak areagotu egin zituen lan-gatazkak, oposizioaren presentzia, Elizarekiko tentsioa eta armada barruko disidentzia (Batasun Militar Demokratikoa, UMD). 1973an Francok gobernuko buruzagitza eta Estatuko buruzagitza bereizi zituen eta gobernuko presidente izendatu zuen Luis Carrero Blanco, handik gutxira ETAko atentatu terrorista batean hil zena. Ondoren, Carlos Arias Navarro kontserbadorea izendatu zuen presidente, baina, porrot egin zuen. Gainera, urte hartan, gobernuak aurre egin behar izan zien ekonomia-krisiari, ordena publikoari, terrorismoari eta Portugaldik sartutako askatasun-haizeei.
Francok, zahartuta zegoenez, ezin zuen jada boterean zuzenean jardun. Barne- eta kanpo-politikan erregimenaren ahultasuna nabarmendu zen. 1975eko azaroaren 20an hil zen Franco, berak eraikitakoak jarraituko zuelakoan. Baina, Francorik gabe, frankismoa ezinezkoa zen.