Francoren Diktadura: Oinarriak, Erresistentzia eta Bilakaera
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 11,48 KB
Francoren Erregimenaren Oinarriak
Kausak
Eskuindarrek, hala nola Renovación Española (Calvo Sotelo) eta CEDA alderdiek, ezkertiarrak gorrotatzen zituzten eta monarkiaren itzulera nahi zuten. 1937an, Francok eskuineko talde guztiak bateratu eta alderdi bakarra sortu zuen: Falange Española Tradicionalista y de las JONS, frankismoaren kontrol politikoa sendotuz. Ideologia nazionalista eta autoritarioa garatu zen, Alemaniako nazismoa eta Italiako faxismoa eredutzat hartuz. Aldi berean, Eliza Katolikoak Francoren babesa izan zuen, Errepublika garaian jasandako jazarpenaren ondorioz. Elizak eragin handia izan zuen hezkuntzan, moral publikoan eta gizarte-kontrolerako propagandan. Militarizazioa eta errepresioa funtsezko zutabe izan ziren. Armada frankistak boterearen oinarria osatu zuen, eta disidentziaren aurkako errepresio gogorra ezarri zen. Jurisdikzio militarra aplikatu zen biztanleriaren gainean, eta aurkari politikoak espetxeratu, erbesteratu edo exekutatu zituzten. Herritarren kontrol soziala ezartzeko, propagandaren bidez nazioaren batasuna eta ordena aldarrikatu ziren. Industrializazio ahula eta gizarte-desorekak baliatu zituen frankismoak. Errepublikako erreformak bertan behera utzi ziren, autarkia ekonomikoa ezarri zen, eta gizarte-kontrolerako Falangeak hainbat erakunde sortu zituen. Familia, lana eta erlijioa frankismoaren zutabe sozial bihurtu ziren, eta emakumeek paper tradizionala bete behar izan zuten. 1939tik aurrera, erregimenak propaganda, erlijioa eta errepresioa erabili zituen gizartea bere ideologiaren arabera moldatzeko, autoritatea eta diziplina ezarriz.
Ondorioak
Lehenik, goi-mailako klaseak nagusitu ziren; burgesiak eta lurjabeek botere ekonomikoa eskuratu zutelako, langile klasea baztertuta geratu zen. Eliza Katolikoak eragin handia izan zuen gizartean eta hezkuntzan, estatuaren aliatu nagusi bihurtuz, batez ere 1953ko Konkordatuaren ondoren. Elizak moral katolikoa ezarri zuen bizitza publikoan, emakumeak rol tradizionaletara mugatuz eta gizarte-kontrola indartuz. Armada funtsezko tresna bihurtu zen errepresiorako eta gobernatzeko, eta frankismoaren zutabe nagusietako bat izan zen. Justizia militarrak disidentzia politikoa zapaldu zuen, eta oposizioko kide asko espetxeratu edo erbesteratu zituzten. Polizia politikoa, Brigada Soziala eta informazio-sare zabala erabili ziren oposizioa desagerrarazteko. Nazioarteko harremanen aldetik, 1940ko hamarkadan Espainia isolatuta geratu zen, nazien eta faxisten aliatua izateagatik. Hala ere, 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzaren testuinguruan, Estatu Batuek Francoren erregimena onartu eta laguntza ekonomikoa eman zioten. Autarkia politikak porrot egin zuen, eta Espainiako ekonomia krisi larrian murgildu zen. Pobrezia eta hornidura arazoak areagotu ziren, eta horrek gobernua ekonomia liberalizatzera behartu zuen. 1959an, Egonkortze Planak autarkiari amaiera eman eta merkatu-ekonomia ezarri zuen, baina langabezia eta emigrazioa handitu ziren. Herritarren bizi-baldintzak oso gogorrak izan ziren hamarkada horietan, elikagai-eskasia, txirotasuna eta migrazio handia nagusituz.
Oposizioa eta Barne Erresistentzia
Kausak
Lehenik, frankismoaren aurkako ideologia sakona zegoen, bereziki errepublikanoen, sozialisten eta nazionalisten artean, eta haien helburua errepublika eta askatasun politikoak berrezartzea zen. Gerra Zibilaren ostean, frankisten errepresio basatiak oposizioa bultzatu zuen. Alderdi politikoak eta sindikatuak debekatu ziren, eta milaka pertsona espetxeratu, exekutatu edo erbesteratu zituzten. Erbesteratuen kopurua handia izan zen: 1939an milaka pertsonak Frantziara ihes egin zuten, eta askok Bigarren Mundu Gerran nazien aurka borrokatu zuten, hala nola Gernika Bataloia 1945ean. Nazioarteko polarizazioak eragin handia izan zuen oposizioaren garapenean. Aliatuek nazien aurka borrokatzean, erbestean zeuden espainiar askok itxaropenak zituzten Francoren aurka ere jarduteko. Hala ere, Gerra Hotzaren hasierak aliatuak Francorekin akordioetara eraman zituen, eta oposizioak laguntza galdu zuen. Bestalde, barne erresistentzian makiak aritu ziren, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan gerra aztarnak jarraituz. 1944an Vall d’Aran inbaditzen saiatu ziren, baina porrot egin zuten. Hala ere, sabotaje eta borroka armatu txikiak jarraitu ziren, eta oposizio politikoa klandestinitatean antolatzen saiatu zen. Propaganda, grebak eta protesta ekintzak ere erabili ziren erregimenaren aurka, nahiz eta errepresioa gogorra izan. Hala ere, erresistentziak jarraitu zuen hamarkada osoan zehar, nahiz eta kontrol militarrak eta Polizia Politikoaren jardunak zailtasunak sortu.
Ondorioak
II. Mundu Gerran, Francok Alemaniarekin kolaboratu zuen, Dibisio Urdina SESBra bidaliz, baina aliatuek gerran nagusitu zirenean, Espainiak isolamendua jasan zuen eta NBEtik kanpo geratu zen. Erbestean, Eusko Jaurlaritza 1939an Frantziara eraman zen eta 1941ean Agirre lehendakariak AEBra ihes egin zuen. Eusko Jaurlaritzak Londresen eta New Yorken ordezkaritzak ireki zituen, eta errepublikano askok aliatuekin kolaboratu zuten, hala nola Gernika Bataloia 1945ean. Barnean, erresistentzia armatuak porrot egin zuen; 1944an Vall d’Aran inbaditu zuten 4.000 gerrillarik, baina armada frankistak eraso azkar batekin neutralizatu zituen. 1945ean, oposizio errepublikanoak eta euskal indarrek Baionako Ituna sinatu zuten demokrazia eta autonomia berrezartzeko asmoz, baina itxaropen horiek zapuztu egin ziren Gerra Hotzaren testuinguruan, AEBk Franco bereganatu baitzuen komunismoaren aurkako harresi gisa. 1950eko hamarkadan, Espainiak nazioarteko onarpena berreskuratzen hasi zen, eta 1953an AEBrekin akordio militarrak sinatu zituen. 1958an, Eusko Jaurlaritzak PC baztertu zuen eta oposizioaren barne hausturak sakondu egin ziren. Erresistentzia gune garrantzitsu bat Eliza izan zen, non apaiz euskaldunek 1950etik aurrera erregimenaren aurkako jarrera hartu zuten. Azkenean, barne eta kanpo oposizioaren ahultasunak Francoren diktaduraren sendotzea ahalbidetu zuen, eta oposizioak hamarkadetan ez zuen diktadura eraistea lortu.
Autarkia Ekonomikoa
Kausak
Espainiako Gerra Zibilaren (1936-1939) ondorioz, herrialdea ekonomia hondatuta, azpiegiturak suntsituta eta populazioa pobretuta geratu zen. Gerra garaian lurraldeak banatuta egon ziren, eta gatazkak ekoizpen-sare osoa desegituratu zuen. Francoren diktadurak, faxismoaren eta nazismoaren eredua jarraituz, estatu zentralizatua eta esku-hartze ekonomiko osoa ezarri nahi izan zuen, ekonomia merkatu librearen esku uztea saihestuz. Francok Hitler eta Mussolinirekin harremanak izan zituen, eta Europako diktaduren ohiko joerari jarraituz, estatuaren bidez ekonomiaren kontrola ezartzea erabaki zuen. Hala ere, Bigarren Mundu Gerra amaitzean, potentzia irabazleek frankismoa arbuiatu zuten, eta Espainia nazioarteko isolamenduan geratu zen. 1946an, Nazio Batuen Erakundeak Espainiako erregimena baztertu zuen eta enbaxadoreak kentzeko gomendatu zuen. Isolamendu horrek atzerriko inbertsio eta laguntza ekonomiko oro moztu zituen, Espainia Marshall Planetik baztertua izan baitzen eta NATOtik kanpo geratu baitzen. Horrek krisi ekonomiko izugarria eragin zuen, eta Espainiak autosufizientzia ekonomikoa bilatzera behartuta ikusi zuen bere burua. Ondorioz, autarkia ekonomikoa ezartzea erabaki zen, baina Espainiak ez zuen behar adina baliabide ekonomiko eta industrial, eta politika hori porrotera bideratuta zegoen hasieratik.
Ondorioak
Autarkia ekonomikoaren ezarpenak Espainiako ekonomiaren geldialdia eta porrota ekarri zituen. Kanpo merkataritza desagertu egin zen, eta industriak ekimenik gabe geratu ziren, estatuaren kontrol zorrotzaren ondorioz. Nekazaritzak ere behera egin zuen, eta oinarrizko produktuen eskasia larriagotu zen. Pobrezia zabaldu egin zen, eta jendea gosez hiltzen hasi zen. Inflazioa kontrolik gabe hazi zen, eta ekonomiaren geldialdia gero eta sakonagoa bihurtu zen. Ekoizpena eta kontsumoa nabarmen jaitsi ziren, eta inork ez zuen ekoiztu nahi, eroslerik ez zegoelako. Eskasiak errazionamendu-kartillak ekarri zituen, baina horrek ez zuen arazoa konpondu. Egoera horretan, merkatu beltza (estraperloa) nagusitu zen, oinarrizko produktuak legez kanpo saltzeko. Bizitza-baldintzak izugarri okertu ziren: higiene falta, pobrezia orokorra eta osasun-sistemaren gabeziek gaixotasunak eta izurriteak zabaldu zituzten. Espainiarren bizi-itxaropena 40-44 urtekoa zen, eta jende askok etxebizitza duinik gabe egin behar izan zuen bizitza. Langileek lan-baldintza gogorrak pairatu zituzten, eta miseriak urte luzez iraun zuen. Autarkia ekonomikoak huts egin zuela argi geratu zen, eta 1950eko hamarkadan Francoren gobernuak merkatu globalerako irekiera hasi behar izan zuen. Azkenik, 1959ko Egonkortze Planarekin, autarkia alde batera utzi zen, Espainiako ekonomiaren berreskurapen motela hasiz.
Nazioarteko Politika
Kausak
Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) amaitu ondoren, Francisco Francok diktadura ezarri zuen, matxinatuen garaipenari esker. Gerra honetan, Errepublikaren aldekoak (sozialistak, komunistak eta anarkistak) matxinatuen aurka borrokatu ziren, baina azken hauek irabazi zuten, Alemania naziaren eta Italiako faxisten laguntzarekin. II. Mundu Gerran (1939-1945), Francok neutraltasuna aldarrikatu zuen, baina, praktikan, nazien alde agertu zen, eta Dibisio Urdina izeneko unitatea bidali zuen SESBen aurka borrokatzeko. 1942an, AEBk gerran parte hartu zuen, eta 1945ean aliatuek naziei eta faxistei garaipena lortu zieten. Horrek Francoren Espainia nazioartean isolatuta utzi zuen, eta 1945ean sortu zen Nazio Batuen Erakundetik (NBE) kanpo geratu zen. Isolamendu ekonomiko eta diplomatikoa gogorra izan zen, Espainiak nazioarteko merkatuetara sarbidea galdu baitzuen. Gerra Hotzaren testuinguruan (1947-1991), SESBen aurkako jarrera indartu zen, eta AEBk lagun berriak behar zituen. Francoren antikomunismoak aukera bat eskaini zion nazioarteko isolamendutik irteteko. Vatikanoak Francori babesa eskaini zion, eta Eliza Katolikoaren bitartez, AEBrekin harremanak hobetzeko aukera izan zuen. Espainian gosea eta pobrezia hedatu ziren, autarkia politikak porrot egin zuelako. Francok nazioarteko laguntza bilatu behar izan zuen.
Ondorioak
Espainiak isolamendu politiko eta ekonomikoa pairatu zuen II. Mundu Gerraren ostean, eta herrialdearen egoera okertu egin zen. 1950eko hamarkadan, nazioarteko harremanak berreskuratzen hasi ziren, batez ere Gerra Hotzaren ondorioz. AEBk SESBen aurka aliatuak behar zituen, eta Francok horretaz baliatu zen. 1953an, Madrilgo Ituna sinatu zuten AEB eta Espainiak, eta horren bidez, Espainiak lau base militar uzten zizkion Estatu Batuei. Trukean, Francok laguntza ekonomikoa eta babes politikoa jaso zituen. Urte berean, Konkordatu bat ere sinatu zuen Vatikanoarekin, Eliza Katolikoaren babesa ziurtatzeko. 1955ean, Espainia Nazio Batuen Erakundean (NBE) onartu zuten, eta horrek bere nazioarteko irudia hobetu zuen. Ondoren, Mundu Bankuan (BM) eta Nazioarteko Diru Funtsan (FMI) sartzea lortu zuen, nazioarteko laguntza ekonomikoak eskuratzeko. 1950eko hamarkadaren amaieran, Espainiak laguntza ekonomikoa jaso zuen eta industria garatzen hasi zen. 1959an, Francoren gobernuak politika ekonomikoa aldatzeko urratsak eman zituen. Egonkortze Plana martxan jarri zen, autarkia amaitu eta merkatu-ekonomia sustatzeko. Atzerriko inbertsioak erakartzea eta nazioarteko harremanak hobetzea izan ziren helburu nagusiak. Honek Espainiako ekonomiaren berpizkundea ekarri zuen, eta herrialdearen isolamenduaren amaiera iragarri zuen.