Frankfurteko Eskolaren Kritika: Arrazoi Instrumentala vs. Arrazoi Komunikatiboa

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,64 KB

Giza eskubideak arrazoi instrumentalaren aurrez aurre. Gizakiaren ikuspegi berri bat. Frankfurteko Eskolako filosofoek modernitatearen proiektu ilustratua eta ilustrazioaretzat oinarrizkoak ziren arrazoimenaren, askatasunaren eta justiziaren ideiak indarberritu nahi izan zituzten. Horretarako, subjektuan zentratuta dagoen arrazoi autonomoaren alde egin zuten, baina ikuspegi horren zenbait gabezia gainditu nahi izan zituzten. Haien ustez, arrazoimenak soilik justifika ditzake kanpo esperientzia eta askatasuna gidatu behar duten legeak (lehena zientziaren bidez, eta bigarrena moralaren, zuzenbidearen eta politikaren bidez). Alabaina, egia-irizpide bakartzat natur zientzien arrazionaltasuna hartu duen positibismoaren erruz, arrazoimen zientifiko-teknikoak ito egin du asmo hori. Beraz, Frankfurteko Eskola oso kritikoa izan da pentsamendu modernoarekin, uste baitu arrazoimenak ez duela lortu gizakia naturan, autoriatean edo tradizioan oinarritutako botereetatik askatzea. Aitzitik, arrazoimen teknikoaren menpeko egin du. Habermasen pentsamendua testuinguru horretan txertatuta dago. Hain zuzen ere, Habermasek bere egiten ditu Frankfurteko Eskolako ordezkari izan ziren Max Horkheimer-rek, Theodor Adorno-k eta Herbert Marcuse-k arrazionaltasun ilustratuari egindako kritikak, baina uko egin dio arrazionaltasun, askatasun eta justizia printzipioak baztertzeari. Aldiz, Habermasek oinarri berriak eman nahi izan dizkie printzipio horiei Ekintza Komunikatiboaren Teoriaren bidez.

Beraz, Habermas ez dago ados Frankfurteko Eskolako filosofoek modernitateaz egindako diagnostiko ezkorrarekin. Ontzat ematen du filosofo horiek arrazoi instrumentalari egindako kritika, baina uste du arrazoimen komunikatibo edo dialogikoaren bidez lor daitezkeela ilustrazioaren helburuak. Hain zuzen ere,


Habermasen ustez, arrazoi komunikatiboa giza ekintzak ulertzea ahalbidetzen duten printzipioei buruzko hausnarketa egiten duen arrazoimena da. Horren guztiaren harira, Habermasek dio subjektuan oinarritutako arrazoimenaren edozein ikuspegi desegokia dela, arrazoimenaren alderdi instrumentala soilik hartzen baitu kontuan. Arrazoi komunikatibo edo dialogikoak, ordea, historia eta giza ekintza ulertzen laguntzen duten printzipioei buruzko hausnarketa egin dezake arazo horretan erori gabe. Bestalde, Habermasengan ekintza komunikatiboaren ikuspegia egiaren teoria kontsentsual deritzonarekin lotuta dago. Egiaren ikuspegi kontsentsualaren arabera, egia elkarrizketa zintzoan sortuko litzatekeen kontsentsu edo adostasuna da. Halaber, Habermas mundu mailako identitate kolektibo berri bat sortzearen alde agertu da. Haren ustez, identitate hori moral unibertsal baten bidez soilik gauza daiteke, eta moral unibertsal hori egiaren ikuspegi kontsentsualean oinarrituta egongo litzateke. Indibidualtasuna eta unibertsaltasuna bat eginda leudekeen identitate kolektibo hori ikuspegi ontologiko, antropologiko edo erlijiosoei lotuta zeuden lehenagoko identitateereduetatik guztiz desberdina izango litzateke. Hain zuzen ere, horregatik, identifikazio berri hori ez litzateke gauzatuko talde edo erakunde jakin baten bidez (nazioa, eliza, alderdia, etab.). Aitzitik, identitate berri hori lortzeko ezinbestekoa litzateke erakunde horien oinarrian dauden presupuesto unibertsalei buruzko hausnarketa egitea, erakunde horiek guztiak elkarrizketarako komunitate idealaren nolabaiteko gauzatzea bailirateke. Hortaz, Habermasen arabera, giza eskubideen urraketa askoren oinarrian egon diren identitate eredu zaharrak gainditu egin daitezke eta identitate eredu berri batez ordezkatu. Horrek, baina, arrazoi instrumentalaren eredua baztertu eta arrazoi dialogikoaren eredu berria onartzea eskatzen du.

Entradas relacionadas: