Frankismoaren Amaiera eta Euskal Herria: Krisia, Errepresioa eta Autarkia
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,26 KB
Frankismoaren Azken Urteak eta Diktaduraren Krisia
Diktadorearen adin nagusiagatik eta oposizioaren presioagatik, erregimenaren barruan bi joera nagusi osatu ziren: erreformen aldeko “aperturistak”, baina frankismoa zalantzan jarri gabe; eta joera gogorrena, “inmobilistak” edo “bunkerra”, bertan bildu ziren frankista sutsuenak eta erreformen kontra zeudenak.
Estatuko Lege Organikoa jarraituz, 1973an Francok, osasun arazoengatik, Carrero Blanco gobernuburua izendatu zuen, eta gobernuan Carlos Arias Navarro Gobernazio ministroa zen.
Gobernu berri horren lehenengo eginkizunen artean 1001 Prozesua aurkitzen dugu: epaituak izango ziren 1973ko abenduaren 20an CCOOko sindikalista klandestino garrantzitsuenak, Marcelino Camacho barne. Egun horretan, ETAk Carrero Blancoren aurkako atentatua egin zuen Madrilen. Hiltzear zegoen Francorentzat eta frankismoarentzat oso kolpe handia izan zen hau. Haren ordez Arias Navarro gobernuburu izendatu zuten.
1975eko irailean, epaiketa militar baten ostean, FRAPeko (Frente Revolucionario Antifascista y Patriótico) 3 kideri eta ETAko 2 kideri heriotza zigorra aplikatu zieten. Nazioarteko protestak berriro piztu ziren.
Francoren agonia hasi zenean, Espainiako gobernuak amore eman zuen eta NBEren aginduari muzin eginez (autodeterminazioa), Marokori eta Mauritaniari utzi zien kolonia. Azkenean, 3 hilabeteko agoniaren ostean, 1975eko azaroaren 20an Franco hil zen.
Diktadura Frankista Euskal Herrian (1939 – 1975)
Gerraostea
Errepresioa
Estatuko gainerako lurraldeetan bezala, Francoren diktadurak eragindako errepresioa guztiz bortitza izan zen Euskal Herrian.
- Gerra garaian 30.000 haur erbesteratu ziren eta frankistek Bizkaia menderatu ondoren, erbesteratze masiboa gertatu zen: 150.000 pertsona inguru Frantziara eta beste batzuk Kantabriara edo Amerikara joan ziren. Horietatik erdia ez zen inoiz itzuliko.
- 20.000 lagun inguru hil ziren frontean, bonbardatutako hirietan eta frontearen atzealdean, hurrengo urteetako demografian eragina izan zuena.
- Hildakoen kopuruari, tifus edo tuberkulosia bezalako gaitzen hedapena, higiene kaskarra, elikadura eskasa eta goseak eragindako hildakoen kopurua erantsi behar zaizkio; haurren heriotza-tasaren igoerak argi adierazten du datu horrek.
- Euskal Herriko espetxeak presoz bete ziren.
- Administrazioan garbiketa politiko sakona egin zen eta auziperatze eta epaiketa asko izan ziren erantzukizun politikoengatik.
- Apaizgo nazionalistaren aurkako errepresioa ere izan zen: 16 fusilatu, 278 preso, 1.300 deserritu.
- Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidoretzat hartuak izan ziren eta beren kontzertu ekonomikoak zigor modura ezabatu zituzten Errepublikari leial irauteagatik; ez, ordea, Nafarroa eta Araban, altxamendu faxistari emandako babes handiagatik.
- Giza eskubideek eta eskubide politikoek ez ezik, euskara eta euskal kulturak ere zapalkuntza handia jasan zuten eta beren agerraldi publikoak maiz debekatu ziren.
Dena dela, euskaldun askok (karlista, kontserbadore…) altxamendua babestu eta erregimen frankistaren aldeko sektorea osatu zuten. Euskal burgesiak, Errepublikaren garaian galdutako agintea berreskuratu ez ezik, erregimenarentzat ezinbestekoa bilakatu zen ematen zion laguntzagatik.
Autarkia: Depresio Ekonomikoa eta Miseria
Gerraosteko urte haiek ekonomikoki oso gogorrak izan ziren, gerrak eragindako kalteak eta ezarri zen politika autarkikoa kontuan hartzen baditugu.
Aldeko faktoreak izan arren (protekzionismoa, langile-klasearen zapalkuntza…), Euskal ekonomiaren erronka autarkiara egokitzea izango da. Gerra ekintzek gehien kaltetu zituzten sektoreak elektrizitate-azpiegitura eta bide-sareak izan ziren. Aldiz, industria-egitura ia ukitu gabe geratu zen eta, frankistek euskal lurraldeaz erabat jabetu ondoren, bete-betean ustiatu ahal izan zituzten meatzeak, ontziolak eta instalazio siderometalurgikoak beren hornidurari begira. Guztiz erabakigarria izan zen Francorentzat gerra-produkzio hori gerrako azken hilabeteetan.
Gerra ondoren, isolamenduaren ondorioz, lehengaiak eta erregaiak erabat murriztu ziren, eta estatuak inbertsio gutxi egin zituen Euskal Herrian, industria ez zen bere produkzio-ahalmen gorenera iritsi.
Dena dela, kapital-metaketa garrantzitsu bat egin zen eta enpresa-askatasunari legezko oztopo ugari jarri bazitzaizkion ere, aurrera egin zuten honako hauek:
- Altos Hornos de Vizcaya.
- Bankuen jardueraren hazkunde handia.
- Bilboko burtsaren berrirekiera.
- Elkarte berrien kopuruaren hazkundeak eta horiek ekarritako kapitalak.
Burgesiak irabazi handiak zituen; biztanleak, berriz, miseria gorrian zeuden: oinarrizko produktuen eskasia, gosea, errazionamendua, merkatu beltza, bizi-kostuaren igoera, soldata baxuak, gaixotasunak, besteak beste.
1950eko hamarkadan, oinarrizko arazo batzuen desagertzeak (lehengai eta erregaien hornikuntza, eskulan espezializatua…), Espainiako Estatuko ekonomiaren pixkanakako liberalizazioak eta nazioartean integratzeak 1960ko hamarkadako hazkunde handia ahalbideratu zuten.