Frankismoaren bilakaera politikoa eta nazioarteko harremanak autarkia garaian
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,7 KB
Frankismoaren bilakaera politikoa eta nazioarteko harremanak autarkia garaian
Gerra zibila amaitu ondoren, Frankok bere gain hartu zituen botere guztiak, arlo politikoan baita arlo militarrean ere. Falangearen, militarren eta Elizaren laguntza izan zuen. Frankoren diktadurak ahalegin berezia egin zuen aurreko guztia eta Errepublikaren aldeko pertsonak ezabatzeko ere. Hori dela eta, Errepublika garaian egindako aurreramendu guztiak desegin zituen: irakaskuntza laikoa, nekazaritza erreformak, etab.
Horrez gain, Errepublikari lagundu izanagatik, jende asko epaituak eta horietako asko espetxeratuak izan ziren. Errepresio bortitzak, gerrak ekarri zuen hondamendiaz gain, ondorio larriak izan zituen demografian.
Frankismoaren osagai ideologikoak eta gizarte oinarriak
Estatu berria Frankoren pertsonan kontzentratuz joan zen, eta 1973an gaixotu arte, Estatuaren buru izan zen. Frankismoaren osagai ideologikoak honako hauek ziren: nazional katolizismoa (erlijio fundamentalismoa: “Espainol izateak berezkoa dauka fede katolikoa”), militarismoa (estatuko postuak militarren esku: “armada aberriaren salbatzailea”), espainiar nazionalismo zentralista (espainiar nazioaren inposaketa euskaldun eta katalanei) eta korporatibismo faxista (nazional sindikalismoa lan arloan: sindikatu bertikalak, lanaren forua, FET eta JONS alderdi bakarra eta demokrazia organikoa kontzeptuaren erabilpena: familiak, sindikatuak eta udalerriak zuten ordezkaritza politikoa eta hautagaiak erregimenak zeharka aukeratzen zituen). Bestetik, Frankismoaren gizarte oinarriak Falangea, Eliza, armada, oligarkia, nekazari katolikoak, eta burges txikiak ziren.
Elizaren garrantzia Frankismoan
Nabarmentzekoa da Elizak paper garrantzitsua bete duela Frankismoan. Aipatu dudan bezala, Eliza Frankismoaren gizarte oinarrietako bat zen, eta Gerra Zibilean laguntza handia eskaini zien altxatuei, Gerra Zibila “Gurutzada Erlijioso” moduan plazaratuz. Trukean, Elizak dirua Estatuaren partetik jasotzeaz gain, erlijioaren irakaskuntza nahitaezkoa bilakatu zuen eskoletan.
Errepublikaren aurkako jazarpena
Errepublikaren aurkako jazarpena ez zen amaitu Gerra Zibilaren amaieran, boterean ongi errotzeko eta diktaduraren aurkako oposizio guztia deuseztatzea helburu zuen Frankismoak. Horretarako, terrorea erabili zuen. 1939 eta 1945 artean, 60.000 pertsona fusilatu zituzten. Kartzelak eta kontzentrazio esparruak errepublikarrez beteak zeuden (1945ean 100.000 inguru) eta preso asko bortxazko lanak egitera behartuak zeuden (langile batailoiak). Horrez gain, prentsaren gainean zentsura gogorra ezarri zuen diktadurak. Errepresioaren aurrean, askok erbesterako bidea hartu zuten.
Frankismoaren moldaketa nazioarteko egoerara
Frankismoak hainbeste urte irauteko arrazoia nazioarteko egoerara moldatzeko gaitasuna izan zuela da. Gerra zibila 1939ko apirilean amaitu zen eta Bigarren Mundu Gerra 1939ko irailaren 1ean hasi zen. Gertaera horrek erregimenaren kanpo politika ez ezik, barne politika eta ideologia ere baldintzatu zuen.
Estatu barrura begira, Bigarren Mundu Gerrak iraun bitartean, Falangek izugarrizko pisua hartu zuen Estatuaren agintaritzan eta behin eta berriz gerran parte hartzearen alde egin zuen. Baina, Frankok ez zituen haren nahiak bete, eta 1951an, Falangea ia posturik gabe geratu zen Gobernuan. Orduan, moderatuek bete zuten Falangearen lekua eta, gero, Opus Deiko teknokratek.
Hitlerrek eta Mussolinik Espainiako gerran laguntza emanagatik, Frankok Espainiaren neutraltasuna aldarrikatu zuen, frantziar eta britainiar inportazioak beharrezkoak baitzituen. Hala ere, alde faxistarekiko hurbiltasuna nabaria zuen.
Espainiaren parte hartzea Bigarren Mundu Gerran
Espainiak gerran ez zuela parte hartuko sinatu arren, Ardatzak irabazten zihoala ikusita (1940-42), 1941eko abuztuan Sobietar Batasunera Dibisio Urdina bidali zuen komunismoaren aurka eta alemanen alde aritzeko (47.000 soldadu).
Baina, Italian Mussolini erori zenean, eta AEBen blokeo ekonomikoaren beldur, Espainiak bere burua neutral izendatu zuen berriro, aliatuen mesedetan. Frankok aliatuekin hitz egin ondoren, 1943an Dibisio Urdina Espainiar estatura itzultzea erabaki zuen. Azken finean, jarrera horrek Frankismoaren irudia kaltetzen zuen aliatuen begietan.
Nazioarteko isolamendua eta Gerra Hotza
Horregatik, nazioartean isolatua egon zen Frankismoa, eta 1946an ez zioten utzi Espainiari NBE-n sartzen. 1944 eta 1947 bitartean, diktaduraren unerik zailenak bizi izan zituen, baina Gerra Hotza hasteak nazioarteko egoera aldatu zuen.
AEBekiko eta Vatikanoarekiko akordioak
Komunismoaren aurkako gerra orokorrean, AEBen interesen arabera, Espainiar Estatua toki estrategikoan zegoen kokatuta eta Franko antikomunista zenez, AEBk eta Espainiak elkar laguntzarako akordioa sinatu zuten, 1953an. AEBk emandako diru laguntzaren truke, Frankok penintsulan base militarrak egitea utzi zuen. Baina, Espainiari ez zioten NATOn sartzea utzi.
Bestetik, nazioarteko irekiera prozesu horretan, Frankok eta Vatikanoak, 1953an, sinatutako konkordatuak garrantzi handia izan zuen. Izan ere, mundu mailako katoliko guztien onespena lortu baitzuen diktadurak. Funtsean, Elizak diru laguntza eta eskumen zabalen truke, Frankoren aldeko propaganda egin zuen.
Nazio Batuen Erakundean (NBE) sartzea
Bi akordio horiek Mendebaldeko munduan bere lekua egiteko balio izan zioten Frankismoari, eta 1955ean, NBE-n sartu zen Espainiar Estatua.
Marokoren independentzia eta Ifniko gerra
1956an, Frantziako Estatuak bere zati marokoarrari independentzia eman zion eta, Frankok bere zatiari ere eman behar izan zion (Ceuta eta Melilla hiriak izan ezik). 1957an, Ifniko gerra izan zuten Espainiak eta Marokok.