Frankoren Dekretua: Kontzertu Ekonomikoaren Abolizioa Bizkaian eta Gipuzkoan

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,14 KB

Testu hau, Francisco Franco jeneralak 1937ko ekainaren 23an Burgosen idatzitako lege-dekretuaren atal bat da, eta bere helburua Bizkaiko eta Gipuzkoako probintziek zuten trataera ekonomiko berezia, gerra karlisten ondorioz hitzartutako kontzertu ekonomikoaren bidezkoa, hain zuzen, deuseztatzea da. Izaera juridiko eta publikoa du, idatzi eta egun bat beranduago, ekainaren 24an, BOEn argitaratua izan baitzen. Gertaeren garaian idatzi zenez, lehen mailako iturri historikoa da.

Dekretuaren Gakoak

Dekretuko ideia nagusiak ondorengoak dira:

  1. Indarrean dagoen sistemak pribilejio nabarmenak ematen dizkie euskal probintziei, probintzia horietako aldundiek arlo ekonomikoan duten askatasunagatik eta estatuari ekonomikoki laguntzeko egin behar duten esfortzu txikiagoagatik.
  2. Gainera, kontzertu ekonomiko horiek mesedetutako probintzia batzuk, hala nola Gipuzkoa eta Bizkaia, Nafarroa eta Araba leialak ez bezala, gudu zibilean tropa nazionalen aurka eta errepublikarren alde aritzearen ondorioz, traidoretzat hartzen ditu Francok testu honetan. Honexegatik, tropa nazionalekin borrokatzeagatik, hain zuzen, Arabak ez du berezitasun ekonomikoa galduko.
  3. Azkenik, dekretu honek, Gipuzkoak eta Bizkaiak pribilejio ekonomiko oro galduko dutela xedatzen du.

Testuinguru Historikoa

1936ko hauteskundeak Fronte Popularra izeneko koalizio errepublikarrak irabazi arren, militarrek eta eskuineko taldeek, erreformen beldurrez, altxamendua prestatu zuten, 1936ko uztailean Melillan zegoen armadako Franco jeneralak zuzenduta. Kolpean, Francok herrialdearen agintaritza hartu zuen bere baitan, baina armada guztiaren babesa izan ez zuenez, errepublikarrek boteretik dimititu eta eskuindarrek hura eskuratu ordez, 3 urte iraungo zuen gudu zibilari hasiera eman zitzaion. Espainiar lurraldea bi bandotan banatu zen; alderdi nazionalak, Franco jeneralaren aldekoak, indar handia izan zuen landa eremuan, besteak beste, Extremadura, Andaluzia eta Gaztela inguruetan, eta alderdi errepublikarra, bestetik, nagusi izan zen Katalunia eta Euskal Herriko eremu industrializatuetan. Euskal Herrian, Nafarroa eta Araba, tradizio karlistaren ondorioz, alderdi nazionalarekin elkartu ziren, Bizkaia eta Gipuzkoa, nazionalek proposatutako zentralismoarengatik pribilejio ekonomikoak galtzeko beldurrez errepublikarren alde agertu ziren bitartean. Honegatik, Bizkaitar eta Gipuzkoar probintzien desleialtasunaren ondorioz, Francok 1937ko ekainean kontzertu ekonomikoak abolitzen ditu Euskal Herriko bi probintzia hauetan soilik, Araba eta Nafarroa abolizio dekretutik at utziz.

Ondorioak eta Garrantzia

Ondorioz, testu honek, Francok Gipuzkoa eta Bizkaiari ezarritako zigorra adierazten du, 1876. urtetik indarrean zeuden Kontzertu Ekonomikoak galtzean datzan zigorra hain zuzen. Honek Bizkaia eta Gipuzkoan izan zuen soilik eragin, Araba eta Nafarroa nazionalei leial izan zirenez, euren pribilejioek indarrean jarraitu baitzuten. Azkenik, esanguratsua da Frankoren diktaduraren ondoren, 1978ko konstituzioak oraindik indarrean dauden Kontzertu Ekonomiko probintzialak ezartzen dituela Espainian, estatua deszentralizatzeko asmoz.

Entradas relacionadas: