Garapen Bidean Dauden Herrialdeen Zama eta Oztopoak
Clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,01 KB
Kolonialismoak Utzitako Ondarearen Zama
Europako herrialdeek ia mundu osoa konkistatu zuten, espainiarrek Amerika aurkitu zutenetik XX. mendera arte. Europako gobernuek beren mesederako ustiatu zituzten konkistatutako lurrak. Ekonomia-esplotazioaren egoera areagotu egin zen XIX. mendean.
Metropoliek kolonietatik ateratzen zituzten industriarako behar zituzten lehengaiak, eta ondoren kolonietan saltzen zituzten egindako produktuak. Metropoliek ez zuten utzi kolonietako industria garatzerik. Kolonien independentzia lortu zutenean, askok finantza-, industria-, eta teknologia-mendekotasuna izaten jarraitu zuten.
Kanpo-Zorraren Zama: Garapenaren Oztopoa
Urteetan zehar kanpo-zor handia pilatu dute zenbait herrialde pobrek. Horrek herrialde horien garapena oztopatzen du, ekoizten duten aberastasunaren zati handiena zor hori itzultzeko erabili behar izaten baitute. Ordaintzen ez badute, nazioarteko komunitatetik baztertuak izaten dira.
Teknologia Desoreka eta Zaharkitzea
Herrialde pobreek ez dute berezko teknologiarik, ezta herrialde garatuen teknologia eskuratzeko edo berdintzeko gaitasunik ere. Teknologia-aurrerapenek, zaharkituta utzi dute herrialde horien ekoizpenaren zati garrantzitsuena, eta horrenbestez, ondorio hauek sortu dira:
- Esportazioak murriztu dira.
- Diru-sarrerak gutxitu dira.
Biztanleriaren Pisua eta Baliabide Eskasia
Jaiotza-tasa altuak izaten jarraitzen du herrialde pobre gehienetan. Horrek demografia-hazkunde handia eragiten du, baliabideak ez baitira neurri berean hazi. Herrialde horietan, osasun maila txikia da. Gaixotasunek eta goseteek gastu handiak eragiten dizkiete, eta ondorio sozial larriak dituzte:
- Gaixo eta elikatu gabe dauden helduek lana utzi behar izaten dute, eta familia diru-sarrerarik gabe geratzen da.
- Haur askok eskola utzi eta lan egin behar dute.
Gobernu Txarrak, Ustelkeria eta Gatazka Armatuak
Garapen bidean dauden herrialde askok ezaugarri berak izan dituzte:
- Egonkortasun politikorik eta lege argirik eza.
- Gobernuen ustelkeria.
Egoera horiek atzerriko inbertsioak uxatzen dituzte. Gainera, gatazka armatuei gobernuek berek eusten diete, eta horrek herrialdeak hondatu egiten ditu.
Munduko Merkatuaren Antolaketa eta Merkataritza Oztopoak
Munduko merkatuaren antolaketak alde batera utzi ditu herrialde pobreenak. Teknika tradizionalen bidez lantzen dutenez, ekoizpen urria lortzen dute eta autokontsumorako erabiltzen dute.
Merkataritza-Oztopoak
Herrialde garatuek nekazaritza-esportazioak oztopatzen dizkiete herrialde horiei. Herrialde aberatsek, beren ekoizpena babesteko, bi neurri nagusi hartzen dituzte:
- Aduana-tasa garestiak jartzen dizkiete atzerriko produktuei.
- Diru-laguntza handiak ematen dizkiete beren nekazariei.
Ondorioz, garapen bidean dauden herrialdeek merkataritza-oztopo handiak aurkitzen dituzte.