Gerra Zibila Euskal Herrian: Bilakaera eta Ondorioak
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 4 KB
Gerra Zibila Euskal Herrian: Testuingurua eta Hasiera
Gerra Zibilaren testuinguruan, Euskal Herrian hainbat faktorek eragin zuten egoera berezi bat sortzea. Batetik, gerra-egoerak sortutako isolamenduaren ondorioz, euskal armada, Eusko Gudarostea, antolatu zen. Bestetik, kleroaren jokaera ere berezia izan zen, parte garrantzitsu batek matxinatuen aurka egin baitzuen. Azkenik, matxinadaren aldeko masa-mugimendu garrantzitsu bat zegoen: karlismoa, bereziki Nafarroan.
Altxamenduaren hasiera probintziaka
Altxamenduaren aurrean, egoera ezberdinak eman ziren Euskal Herrian:
- Araba eta Nafarroa: Altxamenduak biztanleria zibilaren gehiengoaren atxikimendu eta laguntza izan zituen. Horren arrazoi nagusiak nekazaritza-oinarriko ekonomia, eskuinaren nagusitasuna eta elizaren eragin handia izan ziren. Altxamendua Nafarroan hasi zuen Mola jeneralak, eta Araban, Alonso Vega teniente koronelak Molarekin bat egin zuen.
- Gipuzkoa: Altxamendu bat egin nahi izan zuten Loiolako kuartelean, baina ez zuen arrakastarik izan.
- Bizkaia: Ez zen altxamendurik gertatu.
Gerraren bilakaera eta faseak
Gerraren bi fase nagusiak Euskal Herrian
Gerra laburra izan zen Euskal Herrian, eta bi fasetan banatu daiteke:
- Lehen fasea: Gipuzkoako frontea
Gipuzkoa laster geratu zen Nafarroatik sarturiko matxinatuen agindupean. Irailaren 4an Irun konkistatu zuten, eta Donostia irailaren 13an erori zen. Leitza, Ataun, Betelu eta Zegamatik sarturik, laster kontrolatu zuten Gipuzkoaren barrualde osoa, eta gerra-frontea Bizkaia aldera aldatuz joan zen.
- Bigarren fasea: Bizkaiko frontea eta Bilboren erorketa
Fase hau Autonomia Estatutua onartu ondoren garatu zen. Hasiera batean, frankisten presioa lasaitu egin zen, Madril baitzuten helburu. Bitarte hartan, Jaurlaritzak Eusko Gudarostea eratu eta Bilboko babesak (“Burdinazko Gerrikoa”) gotortu zituen. Bilbo erori ondoren, batailoi nazionalistak italiarren eskuetara errenditu ziren.
Gerraosteko errepresioa eta ondorioak
Errepresio bortitza eta giza eskubideen urraketa
Gerraren ondorioz, estatuko gainerako lurretan bezalaxe, errepresioa guztiz bortitza izan zen Euskal Herrian. Frankistek Bizkaia menderatu ondoren, erbesteratze masiboa gertatu zen. Lehen unean bertan (1937), 36.000 espetxeratu zeuden. Errepresio mota ugari aplikatu ziren:
- Epaiketak eta fusilamenduak
- Isunak eta ondasunak kentzea
- Lan eremuak
Garbiketa politikoa eta soziala oso sakona izan zen administrazioan, irakaskuntzan eta beste hainbat arlotan.
Euskara eta euskal kulturaren zapalkuntza
Giza eskubideek eta eskubide politikoek ez ezik, euskara eta euskal kulturak ere zapalkuntza handia jasan zuten, eta horien agerraldi publikoak maiz debekatuak izan ziren. Apaizgoaren aurkako errepresioa ere nabarmena izan zen, batez ere nazionalistaren aurkakoa.
Kontzertu Ekonomikoen egoera eta ondorio politikoak
Autonomia bertan behera geratzeaz gainera, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidoretzat hartuak izan ziren. Errepublikari leial irauteagatik zigor modura, beren Kontzertu Ekonomikoak ezabatuak izan ziren. Nafarroan eta Araban, aldiz, ez ziren Kontzertu Ekonomikoak ezabatu, altxamendu faxistari emandako babes handiagatik.
Ondorioz, Gipuzkoako eta Bizkaiko probintziek berdintasun osoa lortu zuten lehen aldiz Espainiako gainerako probintziekin. Gero, Kataluniako eta Euskal Herriko autonomia araudia ere indargabetu zen. Bi neurri hauek horrela mantendu ziren frankismoaren berrogei urteetan, Nafarroa eta Araba izan ezik. Kontuan izan behar da, frankismoa amaitu ondoren, Kontzertu Ekonomikoak berriro idatzi zirela 1978ko Konstituzioan, Gernikako Estatutua onartu ondoren.