Gipuzkoako Industrializazioaren Ezaugarriak

Clasificado en Formación y Orientación Laboral

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,11 KB

Gipuzkoako industrializazio-prozesuak ez zuen alderdi askotan Bizkaikoaren antz handirik izan. Lurralde honen industrializazio-prozesua azkartu zuten faktoreen artean ditugu kokalekua eta komunikabide bikainak, manufakturaren arloan zuen tradizioa, merkatuen existentzia, eskulan egokia eta beharreko kapitalen egokiera.

Kapitala eta Inbertsioak

Kapitalak jatorri anitza izan zuen, baina Bizkaiko kasuan ez bezala, ez zen oro har inbertitzaile handien eskuetatik iritsi. Atzerriko kapitala bazen ere, Espainiakoa ere bai, bizkaitarra neurri batean, baina baita herrialdekoa ere, hainbat giza taldetatik sortua: merkatariak ziren gehienak, baina baziren era berean landa-eremuen jabeak, indianoak edo lanbide liberaletako kapitalistak. Gipuzkoako industria herrialdean zehar banatu zen, han eta hemen; 19. mendearen amaieran, 90 udalerrietatik 35ek gutxienez industria bat zuten, eta horiek txikiak edo erdi mailakoak izaten ziren. Ondorioz, kapitalismo ez-monopolista batek gidatu zuen Gipuzkoako industrializazio-prozesua; honez gainera, kapital hori ez zegoen pertsona edo familia bakar batzuen esku, enpresa txiki eta ertain askok hartu zuten parte, era askotakoa zen, Berrezarkuntzaren garai osoan luzatu zen eta bultzada nabarmena eman zuen Lehen Mundu Gerra garaian.

Industria Sektore Nagusiak

  • Papera: 1842an, La Esperanza, Espainiako lehen faktoria. Sektore hori ere barne merkatuari esker hazi zen eta hainbat enpresa bat eginda, Papelera Española eratu zuten.
  • Ehuna: Katalanen konpetentziak sektorea espezializazioa bilatzera behartu zuen. Espartinak edo txapelak (Azkoitian) fabrikatuz arrakasta lortu zuten.
  • Armagintza: Energia elektrikoa erabiltzen hasi zenetik hazkunde handia ezagutu zuen, baita nazioartean ospe handia lortu ere.

Langileria eta Gizarte Ondorioak

Gipuzkoako industrietako langileria, gehienbat, bertakoa izan zen, nekazal mundutik zetorrena; ondorioz, etorkinen arazoak ez zuen izan Bizkaian adinako eraginik. Industrializazioa mantsoa izatean, horren ondorioak ere apalagoak izan ziren, ez zen hainbeste gatazka sozialik izan.

Banka eta Finantzak

Industria-hazkundea bankarekin eta finantza-erakundeekin oso harreman estuan egon zen. Banco de Bilbao eta geroago sortuko ziren beste erakunde batzuk, Banco de Vitoria kasu, epe laburreko eta epe luzeko deposituak jasotzen zituzten, eta horrenbestez, errazagoa zuten inbertsio-jarduera industrializazio-prozesuan.

Garraio Azpiegiturak

Garapen ekonomikoak garraio-sare moderno bat eskatzen zuen. Errepide-sarea nabarmen garatu zen XVIII. mendearen amaiera aldera, Aldundiek eta bidezain enpresek egindako ekimenei esker. Itsas trafikoak berebiziko garrantzia izan zuen, eta Bilboko portua izan zen haren erreferentzia nagusia. Baina trenbidea izan zen garraio-munduko berritasun handiena. Isabel II.aren erreinaldian eraiki zen Euskal Herriko lehen trenbidea, Bilbo eta Tutera artean, lerro nagusietako bat osatzen zuena. Berrezarkuntzaren garaian eraikiko ziren Euskal Herriko burdinbide gehienak, bai barnekoak, bai Europarakoak zein Espainiarako.

Entradas relacionadas: