Gipuzkoako Oinordetza eta Dohaintzen Zerga
Clasificado en Derecho
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,23 KB
1. Sarrera
Zerga honek pertsona fisikoei bakarrik eragiten die. Pertsona juridikoek gauza edo eskubide bat dohainik jasotzen dutenean, sozietateen gaineko zerga ordainduko dute. Zergak pertsonaren ondarean dohainik jasotako gehikuntza kargatzen du, eta horretarako hiru modu daude:
- Mortis causa eskurapenak
- Bizi aseguruak
- Dohaintzak
Zerga progresiboa da, baina ahaidetasuna eta eskuratzailearen ondarea kontuan hartzen dira.
2. Betebehar pertsonala eta erreala
1. Artikulua. Betebehar pertsonala.
Gipuzkoako araudia aplikatuko da zergadunak ohiko egoitza Espainiako lurraldean duenean, betebehar pertsonalagatik, kasu hauetan:
- Mortis causa moduko eskurapenetan, kausatzaileak sortzapen egunean ohiko egoitza Gipuzkoan duenean.
- Bizi aseguruetako onuradunek aseguratuaren heriotzaren ondoren zenbatekoak jasotzen dituztenean, baldin eta kausatzaileak sortzapen egunean ohiko egoitza Gipuzkoan badu.
- Ondasun higiezinen kasuan, dohaintzan ematen direnean, baldin eta ondasun horiek Gipuzkoan kokatuta badaude.
- Gainerako ondasun eta eskubideak dohaintzan ematen direnean, baldin eta dohaintza-hartzaileak sortzapen egunean ohiko egoitza Gipuzkoan badu.
A, b, eta d kasuetan, lurralde erkideko oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren arauak aplikatuko dira kausatzaileak, aseguratuak edo dohaintza-hartzaileak zerga sortu baino gehienez 5 urte lehenago EAEko egoitza eskuratu badu; bestela, Estatuko araudia aplikatuko zaio. Hala ere, betebehar hau ez da aplikatzen Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuko 7.2 artikuluaren arabera, euskal herritartasuna gorde dutenei.
2. Artikulua. Betebehar erreala.
Gipuzkoako araudia aplikatuko da zergadunak ohiko egoitza atzerrian duenean, betebehar errealagatik, kasu hauetan:
- Oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden, gauzatu edo bete daitezkeen, edozein izaeratako ondasun edo eskubideak eskuratzean, baldin eta Gipuzkoan kokatuta dauden ondasun eta eskubide horien balioa beste bi lurralde historikoetako bakoitzean duten balioa baino handiagoa bada.
- Bizi aseguruetako kontratuetatik eratorritako zenbatekoak jasotzea, kontratua Gipuzkoan egoiliar diren aseguru-etxeekin egin denean edo Gipuzkoan jarduten duten atzerriko entitateekin egin denean.
Testuan aipatutako lotura-puntuak:
- Betebehar pertsonala: lotura honen arabera zergapetzen dira eskuratzen diren ondasun eta eskubide guztiak, non dauden kontuan hartu gabe.
- Betebehar erreala: lotura honek eragina du subjektu hauetan: Ez dira egoiliarrak, baina dohainik jasotako ondare-gehikuntza dute, Espainiako ordenamenduarekin (gure kasuan, Gipuzkoako ordenamenduarekin) nolabaiteko lotura izan dutelako.
- Ondasunen kokapena: Gauzak edo ondasunak Espainiako lurraldean (gure kasuan, Gipuzkoan) egotea, bertan gauzatu edo bete daitezkeenak.
- Aseguru-kontratua: Bizi aseguruetatik zenbatekoak jasotzea, kontratua Espainiako aseguru-etxeekin egin bazen edo Espainian lan egiten duten atzerriko erakundeekin hitzartu bazen.
3. Aplikazio-eremua. Ohiko egoitza.
3. bis Artikulua
Arauak honako hau dio: aurreko artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, ondoko arau hauek bata bestearen atzetik aplikatuz ulertuko da pertsona fisikoek ohiko egoitza Gipuzkoan dutela:
- Zergaren sortzapenaren aurreko urtean, egunetik egunera zenbatuta, EAEan egun gehiago eman baditu, eta Gipuzkoan beste bi lurralde historikoetan baino egun gehiago igaro baditu. Aurkako frogarik ezean, pertsona fisikoak Gipuzkoan duela ohiko egoitza ulertuko da, bertan baitu ohiko etxebizitza.
- Interes gune nagusia Gipuzkoan duenean. Inguruabar hori betetzen dela ulertzen da pertsona fisiko batek PFEZren oinarri zergagarriaren zatirik handiena EAEan lortu badu, eta Gipuzkoan lortzen duen oinarri zergagarria beste bi lurralde historikoetako bakoitzean lortutakoa baino handiagoa denean. Ondorio horietarako, kapital higikorretik eratorritako errentak, ondare-irabaziak eta egotzitako oinarri zergagarriak kanpo geratzen dira.
- PFEZren ondorioetarako aitortutako azken egoitza Gipuzkoako lurralde historikoan kokatuta dagoenean.