Giza Begia eta Eremu Grabitatorioa: Oinarrizko Kontzeptuak

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,15 KB

Giza Begia: Deskribapena eta Irudien Formazioa

Giza begia irudiak sortzen dituen organo ia esferikoa da, 2,5 cm inguruko erradioa duena.

Begia esklerotika deritzon mintzaz inguratuta dago. Mintz hau gardena da aurrealdean, eta kornea deitzen zaio. Korneatik argia barneratzen da, eta irisa eta kristalinoa kanpoko arriskuetatik babesten ditu.

Argiaren sarrera iris deritzon diafragmak erregulatzen du. Honek irekidura zirkularra du, begi-ninia deitzen dena. Begi-niniaren dilatazioaren eta uzkurduraren eraginez, sartzen den argi kantitatea erregulatzen da.

Irisaren atzean, eta hura ukituz, lente konbergente biganbil bat dago: kristalinoa. Honen konbergentzia aldatu daiteke muskulu ziliarrei esker. Muskulu horiek kristalinoaren aurpegien kurbadura handiagotzea edo txikiagotzea eragiten dute, eta ondorioz, distantzia desberdinetara dauden objektuak fokatzea ahalbidetzen dute.

Kornearen eta kristalinoaren artean humore urtsua deritzon likido bat dago. Kristalinoaren atzean, begi-globoa betez, beste likido bat dago: humore beirakara.

Argi-izpiek kornea, humore urtsua, kristalinoa eta humore beirakara zeharkatu, eta erretinan erasotzen dute. Erretina begiaren barnealdea estaltzen duen mintza da, eta bertan eratzen dira objektuen irudiak. Erretinan argiarekiko sentikorrak diren konoak eta bastoiak izeneko zelula hartzaileak daude. Horien kontzentrazioa handiena den puntuari fobea deritzo. Zelula hauek nerbio optikoari konektatuta daude, eta argi-seinaleak nerbio-bulkada bihurtzen dituzte, informazioa garunera heldu eta interpretatu ahal izateko.

Eremu Grabitatorioa: Indar-lerroak eta Gainazal Ekipotentzialak

Eremu grabitatorioa grafikoki adierazteko, irudikapen elkartuak erabiltzen dira: indar-lerroak eta gainazal ekipotentzialak.

Eremu-lerroak

Puntu bakoitzean, eremu grabitatorioaren intentsitatearen (g⃗) norabidea indar-lerroen tangentea da, eta noranzko berekoa. Gainera, infinituan dute jatorria, eta eremua sorrarazten duen masaren zentroan bat egiten dute. Bestalde, eremu-lerroen dentsitatea g-ren moduluarekiko proportzionala da. Hau da, zenbat eta eremu-lerro gehiago egon, orduan eta eremuaren intentsitate handiagoa izango da. Masa bakar baterako (ezkerreko irudia), eremu-lerroak erradialak dira, eta beti masarantz elkartzen dira. Masa bat baino gehiago badago (eskuineko irudia), eremua desitxuratu egiten da, bi eremuak gainjartzen direlako.

Gainazal Ekipotentzialak

Gainazal ekipotentzialak potentzial grabitatorio balio bera duten puntuak batzean lortutako gainazalak dira. Beraz, gainazal ekipotentzialak zentroa masan duten esfera zentrokideak dira. Gainazal hauek eremu-lerroen perpendikularrak dira. Beheko irudian gainazal ekipotentzialak eta eremu-lerroak irudikatuta ageri dira. Masa bat gainazal ekipotentzial bereko puntu batetik bestera eramatean, eremu grabitatorioak egiten duen lana nulua da: W = m (VA − VB) = 0.

Masa puntualaren kasuan, potentzialak balio bera du masatik distantzia berdinera dauden puntu guztietan.

Entradas relacionadas: