Giza Begia: Funtzionamendua eta Egokitzapena
Clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,56 KB
Giza Begia
GIZA BEGIA:
Giza begia dioptrio esferiko batez eta lente batez (kornea eta kristalinoa, hurrenez hurren) eratutako sistema optikoa da. Sistema optiko honek objektuen irudi errealak eta alderantzizkatuak sortzen ditu erretinan.
Begiaren itxura 2,5 cm inguruko diametroa duen esferarena da gutxi gorabehera, esklerotika deritzon mintzaz inguratuta; hau gardena da aurrealdean eta kornea deitzen zaio.
Argiaren sarrera begian iris deritzon diafragma batek erregulatzen du eta honek irekidura zirkular bat du, begi ninia deritzona. Irisaren atzean eta berau ukitzen duela lente konbergente biganbil bat dago, kristalinoa, eta konbergentzia aldakorra dauka muskulu ziliarrei esker. Hauek kristalinoaren aurpegien kurbadura handiagotzea edo txikiagotzea eragiten dute.
Kornearen eta kristalinoaren artean likido bat dago, humore urtsua deritzona. Kristalinoaren atzean, begi globoa betez, beste likido bat dago; humore beirakaria. Bi humore hauen errefrakzio indizeak ia berdinak dira (n=1,34), kristalinoarena zerbait handiagoa izanik (n=1,437).
Argi izpiek, kornea, umore urtsua, kristalinoa eta humore beirakara zeharkatu eta erretinan erasotzen dute. Erretina begiaren barruko estalkia da eta bertan konoak eta bastoiak deritzen zelula hartzaileak daude, hauek argiarekiko sentikorrak direlarik. Zelula hauek nerbio optikoari konektaturik daude eta honek garunera bidaltzen ditu nerbio seinaleak.
Kono eta bastoien banaketa ez da uniformea erretina osoan zehar. Badago 0,25 mm-ko eskualde txiki bat, fobea deritzona, non bertan konoak bakarrik agertzen dira; hau da, erretinaren zatirik sentikorrena. Objektu bati begiratzen diogunean, begiak objektuaren irudia eremu horretan eratzeko moduan enfokatuko du.
Irudiaren Eraketa
Begiak lente konbergente bat bezala jokatzen du eta objektuaren irudi errealak eta alderantzizkatuak sortzen ditu erretinan. Objektuei dagokienez, ikusten dugun tamaina, erretinan eraturiko irudiaren tamainaren araberakoa da: objektua zenbat eta hurbilago egon, orduan eta handiago izango da irudia; eta zenbat eta urrunago egon, irudia txikiagoa izango da.
Begiaren Egokitzapena eta Puntu Hurbila
Distantzia ezberdinetan dauden objektuak enfokatzeko kristalinoan ematen den distantzia fokalaren aldaketari deitzen zaio egokitzapena. Muskulu ziliarren eraginez gertatzen da.
Objektua begitik urrun dagoenean muskulu ziliarrak lasaitu egiten dira eta lente mehetu egiten da. Kristalinoaren fokua erretinan kokatzen da. Gure begia, normalean infinituan fokaturik dago.
Objektua begira gerturatzen badugu eta kristalinoak ez badu bere distantzia fokala aldatzen irudia nahasia ikusten da, ez baita erretinaren gainean enfokatzen, atzerago baizik.
Objektu hurbil batean fokatzeko, gihar ziliarrak uzkurtu egiten dira, era horretan kristalinoaren forma aldaraziz, esferikoagoa bihurtuz, eta kurbadura erradioa eta distantzia fokala txikiagotuz. Horrela irudia erretinaren gainean enfokaturik geratzen da.
Baina egokitzapenak muga bat du: objektua begira gerturatzen badugu, distantzia batetik aurrera ez dugu bere irudia garbi nabarituko. Begiak argi enfokatzen duen punturik hurbilenari puntu hurbila esaten zaio. Distantzia hau pertsona batzuetatik beste batzuetara eta adin ezberdinen arabera aldakorra izaten da. Gazte baten kasuan 25 cm-koa izaten da.
Bestalde urruneko puntua, pertsona batek objektuak argi bereizten dituen distantzia maximoari deritzo. Begi normalean infinituan dago puntu hori.