Giza begiaren anatomia eta funtzionamendua

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,55 KB

Giza begiaren deskribapena

Begia dioptrio esferiko eta lente batez eratutako sistema optikoa da. Irudi errealak eta alderantzikatuak osatzen ditu. Begia 2,5 cm inguruko diametroa duen esfera da, esklerotika izeneko mintzaz inguratua. Aurrealdean kornea gardena dago.

Argiaren sarrera irisak (diafragmak) erregulatzen du; honek irekidura zirkular bat du: begininia. Irisaren atzean lente konbergente bikonbexu bat dago, kristalinoa, eta konbergentzia aldakorra dauka muskulu ziliarrei esker.

Kornearen eta kristalinoaren artean likido bat dago (humore urtsua) eta kristalinoaren atzean, begi-globoa betetzen, beste likido bat (humore beirakara). Bi humoreen errefrakzio-indizeak ia berdinak dira.

Argi-izpiek kornea, kristalinoa eta bi humoreak zeharkatu ondoren, erretinan jotzen dute. Bertan konoak eta bastoiak deritzen zelula hartzaileak daude. Zelula hauek nerbio optikoari konektatuta daude, eta honek garunera bidaltzen ditu nerbio-seinaleak. Konoen eta bastoien banaketa ez da uniformea erretina osoan zehar. Eskualde txiki bat dago (0,25 mm), fobea deitzen dena, non bakarrik konoak dauden. Hori da erretinaren zatirik sentikorrena.

Irudien eraketa

Begiak irudi errealak eta alderantzikatuak sortzen ditu. Ikusten dugun tamaina erretinan eraturiko irudiaren tamainaren araberakoa da. Objektua zenbat eta hurbilago egon, orduan eta handiagoa izango da irudia, eta urruntzean txikiagotu egingo da.

Begiaren egokitzapena eta puntu hurbila

Egokitzapen prozesua

Egokitzapena: Distantzia ezberdinetan dauden objektuak enfokatzeko kristalinoan gertatzen den distantzia fokalaren aldaketa da, muskulu ziliarrei esker lortzen dena.

  • Objektua urrun dagoenean, muskulu ziliarrak lasaitu egiten dira.
  • Objektua hurbil dagoenean, muskuluak uzkurtu egiten dira, kristalinoa esferikoago bihurtuz eta erradioa zein distantzia fokala txikiagotuz.

Objektua begira gerturatzean kristalinoak ez badu distantzia fokala doitzen, irudia nahasia ikusten da.

Mugak: Puntu hurbila eta urrunekoa

Egokitzapenak muga bat du, puntu hurbila: begiak argi enfokatzen duen punturik hurbilena da. Urruneko puntua, berriz, objektuak argi bereizten ditugun distantzia maximoa da; puntu hori infinituan dago.

Entradas relacionadas: