Giza Begiaren Anatomia eta Optika: Lupa eta Mikroskopio Bakuna

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,9 KB

Giza Begiaren Funtzionamendua

Giza begiaren helburua: Begien funtsezko egitekoa objektuen irudi estigmatikoak eta akatsik gabekoak sortzea edo eskaintzea da. Begiak ia esferikoa den forma du, ikusmen-eremu zabala (180º ingurukoa) eskaintzen du, eta oso azkar aldatzeko gai da fokatzea (hurbileko eta urruneko gauzetara egokituz). Gainera, ikusmen-ahalmen handia du.

Begiaren Egitura Nagusiak

  • Kornea: Begia inguratzen duen mintz erresistentearen atal gardena da. Argia korneatik sartzen da.
  • Kristalinoa: Lente konbergentearen forma duen gorputz biguna da.
  • Erretina: Begiaren barnealdea estaltzen duen mintza da. Bertan proiektatzen da objektuen irudia. Argiarekiko sentikorrak diren hainbat zelula-geruzak osatzen dute.

Irudiaren Tamaina eta Distantzia

Ikusten dugun objektuaren tamaina, erretinan eratutako irudiaren (erreala eta buruz behera dagoena) tamainaren araberakoa da: zenbat eta objektua hurbilago egon, irudi hori hainbat eta handiagoa izango da; eta zenbat eta urrunago egon, hainbat eta txikiagoa.

Begia Sistema Optiko Gisa

Gure begia honako elementuz osatutako sistema optiko modura har daiteke: dioptrio esferiko bat (kornea) eta lente bat (kristalinoa). Normalean, infinituan fokaturik dago; horregatik, infinitua urruneko puntua dela esan ohi da. Objektu hurbil batean fokatzean, kristalinoa aldatu egiten da, esferikoago bihurtuz, eta horrela distantzia fokala eta kurbadura erradioa txikiagotuz.

Egokitzapena (Akomodazioa)

Fokatze-gaitasun horri egokitzapena deritzo. Horri esker, giza begia begitik 25 cm-ra dauden objektuak argi eta garbi ikusteko gai da. Puntu horri begiaren puntu hurbila deritzo.

Lupa edo Mikroskopio Bakuna

Luparen Funtzioa

Lupa lente konbergente bat da, objektua berez baino tamaina handiagoan ikustea ahalbidetzen duena.

Objektu txiki bat zehaztasunez ikusi nahi izanez gero, normalean begirantz hurbiltzen dugu, erretinan eratutako irudia handiagoa izan dadin. Nolanahi ere, puntu hurbilaren existentziak mugatu egiten du objektua nitido ikusteko ahalmena. Horregatik behar izaten da lupa, horren bidez objektua puntu hurbila baino hurbilago koka dezakegulako.

Objektua (A1 B1) F1 fokuaren eta lentearen artean kokatzen bada, A2 B2 irudia lortuko da, alegiazkoa, zutikakoa eta objektua ikusteko, begia lentearen atzealdetik hurbil jarri behar da.

Luparen Handipen Angeluarra

Luparen handipen angeluarra edo handitze-ahalmena honako bi angelu hauen arteko zatidura da:

  1. Objektua lupaz ikustean dagokion angelu-bisuala.
  2. Objektua puntu hurbilean jarriz luparik gabe ikustean dagokion angelu bisuala.

Objektua F1 fokoan kokatzen bada, irudia infinituan eratzen da eta begia lasaiturik dago, hau da, egokitzapenaren premiarik gabe.

Entradas relacionadas: