Giza Eskubideak: Definizioa, Babesa eta Erronkak
Clasificado en Matemáticas
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,43 KB
Giza eskubideak
Herritarren eskubideak
Pertsonon eskubideak errespetatzea sistema demokratiko modernoen funtsezko ezaugarrietako bat da. Eta horrexek bereizten du demokrazia beste sistema politikoetatik: pertsonon eskubideak babesteko prozedura argiak eta legezko bermeak ezartzen dituela, hain zuzen.
Frantziako Iraultza gertatu zenean, iraultzaileek hartutako lehenbiziko neurrietako bat herritarren funtsezko eskubideak zehaztea izan zen. Eskubide horiek Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Deklarazioan jaso zituzten. Eskubidea pertsona izate hutsagatik gagozkigun zerbait da, eta horrexegatik, bete dadila eska dezakegun zerbait.
Pertsona guztion eskubide garrantzitsuenetako batzuk hauek dira:
- Bizitzeko eskubidea
- Askatasunerako eskubidea
- Gaizki tratatuak ez izateko eskubidea
- Diskriminatuak ez izateko eskubidea
- Botoa emateko eskubidea
- Hezkuntza jasotzeko eskubidea
- Osasunerako eskubidea
- Bizi-baldintza duinak izateko eskubidea
Eskubide horiek unibertsalak dira, gizon-emakume guztiei berdin aplikatu behar zaizkielako, bakoitzaren bereizitasunak gorabehera. Ukaezinak ere badira, zeren eta inork ezin baitiezaieke uko egin. Gainera, preskribaezinak dira, eta hautsezinak ere bai.
Eskubideak ez dira beti errespetatzen
Milioika lagunek ez dute zer jan, ez dute etxebizitza duinik, ez dute osasun-zerbitzu egokirik. Herrialde batzuetan heriotza-zigorra indarrean daukate oraindik, eta tratu txarra ematea eta torturatzea erabat ohikoa da beste askotan. Zenbait lekutan herritarrei ez zaie aitortzen askatasuna, eta ez zaie uzten ez norberaren ideiak adierazten, ez erabaki politikoetan parte hartzen.
Egoera horri aurre egiteko, nazioarteko zenbait erakunde sortu dira, giza eskubideak aldeztu eta babestu ditzaten. Badira munduan giza eskubideen egoera hobetzeko ahaleginean diharduten gobernuz kanpoko erakundeak. Bestalde, badira giza eskubideak zaintzeko eta babesteko hainbat organo ere, eta jo dezakegu herritarrok haietara, laguntza eske.
Espainian, Konstituzioak zaintzen ditu giza eskubideak, eta legeak babestu egiten du eskubideok urratu izana salatzen duen oro. Goragoko maila batera joan beharra izanez gero, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo daiteke. Azkenik, badugu Nazioarteko Zigor Auzitegia ere, mundu mailakoa, giza eskubideen urraketa larrienak epaitzeko.