Giza Espeziearen Ezaugarriak eta Eboluzioa

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,18 KB

Ekumenikotasuna

Giza espeziea unibertsal bihurtu da, eta Lurreko edozein tokitan bizitzeko egokitu da. Horrek askotariko itxura fisikoak sortu ditu; baina genetikari dagokionez, ez dago desberdintasunik: giza espezie bakarra dago. Horregatik, gizakien kasuan, ez da erabili behar arrazaren kontzeptua, guztiok baikara arraza berekoak: giza arrazakoak, alegia.

Zerebralizazioa

Garunaren garapena Homo generoaren eboluzioari estu-estu lotutako ezaugarrietako bat da. Ezaugarri hori gabe, munduan ez litzateke hizkuntzarik sortuko, ez eta arrazoimenik ere. Gaur egun, zientzialariek hiru azpisistema zerebral bereizten dituzte gizakietan:

  • Narrastien garuna: Eboluzioaren ikuspegitik, primitiboena da. Oinarrizko bizi-funtzioak, errutinazko portaera eta sena erregulatzeaz arduratzen da, baita afektu primitiboenak arautzeaz ere.
  • Sistema linbikoa: Senak agindutako portaera programatutik haratago joateko aukera ematen du. Emozioak adierazteko bide ematen du, gorputz-adierazpen eta guzti, eta gaitasun hori gizakion berariazko ezaugarri da. Lankidetzan jarduteko eta premian dagoenari laguntzeko joera ere eremu horretan daude. Esan dezakegu gizakion soziabilitatearen oinarri anatomikoa eta fisiologikoa dela.

Kultura

Kulturatzat hartzen dugu, hain zuzen ere, giza talde batek partekatzen dituen jakintza, sineste, portaera, ohitura, ideia, adierazpide, sentimendu, erakunde, teknika eta tresna guztien multzoa. Izan ere, multzo horrek guztiak definitzen du taldearen bizimodua. Kulturaren bidez, gizakiok pixkanaka atzean utzi ditugu hainbat baldintzapen biologiko. Naturak jartzen dizkigun oztopo eta arazoak arrakastaz gainditzeko baliabide multzo bat sortzeko gai izan gara. Horrenbestez, kultura da gizakiok asmatu dugun bizimodua, eta behartuta sortu dugu.

Kulturaren ezaugarriak

  • Mutazio genetikoekin alderatuta, kultura-edukien transmisio-abiadura izugarria da.
  • Gizakiak sortu ziren garaiko ikuspegitik, kultura oro ageri zaigu gure biologiak emandako gaitasunen luzatze eta hedatze gisa. Hau da, berez eta biologikoki ezinezkoak ziren gauzak, kulturari esker litekeenak dira.
  • Kultura ikasi egiten da.

Tresnak egiteko gaitasuna

Tresnak egitea eta sua kontrolatzea sarritan erabili dira gizakiak eta animaliak bereizteko jarduera gisa. Egia da goi-primate batzuek tresnak erabiltzeko gaitasuna dutela, baina gizakien gaitasun teknikoarekiko desberdintasuna kuantitatiboa ez ezik, kualitatiboa ere bada. Gizakien jarduera tekniko ia guztiak egiteko, oso primitiboak izanda ere, konplexutasun handiko gaitasunak behar dira.

Gizarte-harreman konplexuak

Sua kontrolatzeko teknika menderatzeak beste elikadura-ohitura batzuk bideratu zituen; hau da, sutan prestatutako elikagaien agerpena bultzatu zuen. Aldi berean, norbanakoei babes handia ematen zien suak; besteak beste, balizko harraparien erasoei aurre egiteko. Suari esker, etxe baten antzeko zerbait sortu zuten garai hartako gizakiek. Halaber, gizarte-harremanak garrantzi handikoak ziren, teknikak hurrengo belaunaldiari transmititzeko. Bestalde, norbanako batek bere kabuz baliatzeko behar zuen denbora gero eta luzeagoa zen; izan ere, gero eta gauza gehiago ikasi behar zituen. Horregatik, helduen eta haurren arteko lotura sendotu zen, haurrak behar bezala zaindu eta hezteak bermatzen baitzuen taldearen etorkizuna. Antzeko zerbait gertatu zen ehiza-tekniken kasuan ere.

Hizkuntza

Animalien hizkuntzak honako osagai hauek ditu, funtsean: aurpegi-adierazpena, keinuak eta gorputz-jarrera. Horrek esan nahi du, tximinoen hizkuntzan ere, hizkuntza-kodifikazioa ez dela nahita sortua; aitzitik, berezko adierazpen-sistema bat da, jaiotzatikoa, eta genetikoki transmititzen da, espezie bakoitzeko kide batzuetatik beste batzuetara, belaunez belaun.

Giza hizkuntzaren ezaugarriak

  • Artikulazio bikoitza: Horrek esan nahi du, alde batetik, esanahia duten unitatez osatuta dagoela, eta bestetik, esanahirik gabeko beste unitate batzuek osatzen dutela hizkuntza. Artikulazio bikoitzari esker, fonema-kopuru mugatu batekin mezuen kopuru mugagabea osa daiteke.

Entradas relacionadas: