Giza Gorputzaren Nutrizio Funtzioa: Aparatuen Elkarlana

Clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,5 KB

Nutrizio Funtzioa eta Parte Hartzen duten Aparatuak

Nutrizio-funtzioari dagozkion prozesuak gauzatzeko, hainbat aparatu ditugu koordinatuta. Hasteko, elikagaiak xehatu egin behar dira; horrela, beren baitan dituzten substantzia nutritiboak substantzia sinpleago bihurtzen dira. Digestio-aparatuak gorputzarentzat substantzia nutritibo izan daitezkeen osagaiak ateratzen ditu. Arnas aparatuak, arnasketaren bidez, mantenugaien erreketarako behar den oxigenoa hartu eta sortzen den karbono dioxidoa kanporatzen du. Ondoren, zirkulazio-aparatuak digestio-prozesuan bereizitako mantenugai sinple horiek eta arnasketaren bidez lortutako oxigenoa bizidunen zelula guztietara eramaten ditu, odolaren bidez. Zeluletan, metabolismo zelular deritzogun erreakzio kimikoak gertatzen dira. Eraldaketa kimiko horien bitartez, bizitzeko beharrezkoa duten energia eta materialak lortzen dituzte zelulek. Amaitzeko, mantenugaien erreketan hainbat hondakin sortzen dira, eta iraitz-aparatuak horiek kanporatzeaz arduratzen da. Horretaz gain, gorputzeko gatz eta ur kantitateak erregulatzen ditu (odolaren osagaien arteko orekari eusteaz arduratzen da, azken batean).

Digestio Aparatua

Gorputzarentzat substantzia nutritibo izan daitezkeen osagaiak ateratzen ditu substantzia solido eta likidoetatik (elikagaietatik), eta osagai sinpleagoetan zatitzen ditu, digestioaren bidez.

Arnas Aparatua

Arnas aparatuak gasak hartzen ditu ingurunetik, arnasketaren bidez. Oxigenoa iristen da gorputzera, eta, oxigenoaren bidez mantenugaiak erre ondoren, barne-funtzionamendurako behar den energia lortzean sortzen den karbono dioxidoa kanporatzen da.

Zirkulazio Aparatua

Zirkulazio-aparatuaren (aparatu kardiobaskularra) eta odolaren bidez garraiatzen dira mantenugaiak. Bestalde, arnas aparatuak airetik hartu eta zirkulazio-aparatuak garraiatutako oxigenoa ere iristen da zeluletaraino.

Iraitz Aparatua

Digestioak prestatutako mantenugaiak oxigenoarekin erretzean, gorputzak bizitzeko behar duen energia eta berritzeko materia sortzen da, baina baita hondakin toxiko batzuk ere! Hondakin toxiko horiek iraitz-aparatuak kanporatzen ditu gizakiaren gorputzetik, odola iragazita, jariaketaren edo iraizketaren bidez. Aldi berean, iraitz-aparatuak gorputzeko ur eta gatz kantitateak erregulatzen ditu. Hau da, azken batean, odolaren osagaien arteko orekari eusteaz arduratzen da.

Entradas relacionadas: