Giza Harremanen Teoriaren Kritika eta Ezaugarriak

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,69 KB

Giza Harremanen Teoriari Kritika

Bere ekarpenak aipagarriak izan badira ere, Giza Harremanen teoriak hainbat kritika eta xehetasun jaso ditu:

  1. Egia da langileek emozioz eta samurki jokatzen dutela beren kideekiko eta nagusiekiko harremanetan, eta egia da, halaber, sarritan beren interes pertsonalen aurretik jartzen dutela taldearekiko elkartasuna. Hala eta guztiz ere, aurrekoa egia den arren, ez dago ondorioztatzerik langileen jarrera nagusiki afektiboa denik.
  2. Langilea ez da “homo economicus” abstraktu bat, bere jokaera ongizate material gorena lortzera zuzentzen duena. Baina, dena dela, ez dago dirua bigarren maila batera zokoratzerik, beti aintzat hartu behar den faktorea baita.
  3. Hawthorne-ko esperimentuetatik abiatuz, Mayo-ren jarraitzaileek segurutzat eta finkotzat jo zuten langileek fabrika guztietan ondo definitutako egitura egonkor samarra duten taldeak sortzen dituztela. Baina erakunde orotan antzerako taldeak daudela ezin da baieztatu. Taldeen aniztasuna handia da oso. Egonkorrak nahiz ezegonkorrak izan daitezke. Egitura askotarikoak.
  4. Giza Harremanen eskolak garrantzia kendu zien instituzio sozial handiei (alderdi politiko eta sindikatuei) enpresako arazoak konpontzeko orduan; eta talde txikien garrantzia azpimarratu zuen.
  5. Horrez gain, Giza Harremanen mugimenduak ez zituen ikusi nahi izan enpresa antolakundearen barnean gertatzen ziren gatazkak; arazoak albo batera lagata, enpresa “familia” bat balitz bezala ikusten ahalegindu zen.
  6. Giza Harremanen teoriak industriaren mundua mundu hertsi, itxi, zarratu bat bezala dakusa, bere kasa dabilena (buruaskia) eta gizartetik bakartua, isolatua dagoena. Eta ikuspegi hori da, duda izpirik barik, kritikarik gogorrenak jaso dituena. Izan ere, geroagoko hainbat ikerketatan argiro nabarmendu da kanpo faktoreen garrantzia eta eragina giza harremanetan. Hau da, giza harremanen egoera ona edo txarra izatea, industria bakoitzaren egitura konkretuak ere baldintzatzen du: hots, lantegiaren tamainak, lan motak, produkzio prozesuak, teknologiak, ziklo ekonomikoek, gizartean langileek duten integrazio- edo isolamendu-mailak...; horiek guztiek antolakunde informalean eragin egiten dute, noranzko batera edo bestera bideratuz. Nabarmena da, hortaz, ingurune orokorraren garrantzia erabakigarria dela giza harremanentzat.

Giza Harremanen Mugimenduaren Bereizgarriak

Bukatzeko, aipa ditzagun Giza Harremanen mugimenduaren bereizgarri nagusiak:

  1. Bakartuta, isolatuta balego bezala aztertzen du enpresa; ingurune sozialak eragingo ez balio bezala, alegia.
  2. Teoria eta metodo psiko-soziologikoak darabiltza gehienbat.
  3. Lanaren produktibitatea bultzatzera bideratua dago.

Entradas relacionadas: