Giza odolaren konposizioa eta iraiz-sistema

Clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,88 KB

Odolaren konposizioa

Giza odolak bi osagai mota nagusi ditu: atal likidoa, plasma deritzoguna; eta hainbat motatako odol-zelulak, plasman barreiatuta daudenak.

Plasma

Kolore horixka duen likidoa da eta % 90 urez osatuta dago. Bertan substantzia mota asko daude disolbatuta: hainbat proteina, gluzido, lipido, gatz mineral eta gas (oxigenoa, karbono dioxidoa eta nitrogenoa).

Odol-zelulak

Hiru motatakoak dira: globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak. Bizkarrezur-muin gorriko zelula amaetatik eratorritakoak dira.

Globulu gorriak

Zelula txiki bikonkaboak (ahurbikoak) dira, nukleorik gabeak. Elastikoak eta deformagarriak dira, eta horrek kapilarrik meheenetatik igarotzeko ahalmena ematen die. Kolore gorria barruan duten hemoglobinak ematen die. Haien funtzioa oxigenoa banatzea eta karbono dioxidoa kanporatzea da. Milimetro kubiko bakoitzeko 4,5-5,5 milioi globulu gorri daude; hau da, odol guztiaren % 45 inguru.

Globulu zuriak

Globulu gorriak baino zelula handiagoak dira eta nukleodunak. Bost motatakoak daude: neutrofiloak, eosinofiloak, basofiloak, linfozitoak, monozitoak eta megakariozitoak. Guztiek gure organismoa infekzioetatik babesteko balio dute. 5.000-9.000 mm³-ko kopuruan aurkitzen dira.

Plaketak

Megakariozitoetatik eratorritako zelula zatiak dira, nukleorik gabeak. Odolaren koagulazioan hartzen dute parte. 150.000-300.000 artean daude mm³ bakoitzeko.

Odolaren funtzioak

  • Nutrizioa
  • Arnasketa
  • Babesa
  • Erregulazio termikoa

Iraiz-sistema

Metabolismo zelularraren ondorioz sortu eta odolak garraiatzen dituen hondakin-substantziak kanporatzeko prozesua da iraizketa. Substantzia horiek toxikoak lirateke kantitate handian metatuz gero; beraz, nahitaezkoa da horiek kanporatzea. Hondakinak zeluletatik odolera igarotzen dira lehendabizi, eta odolak iraiz-organoetara eramaten ditu gero, kanpora bidal ditzaten.

Gernu-sistema

  • Giltzurrunak: Sabel-barrunbearen atzealdean eta bizkarrezurraren alde banatan kokatuta dauden bi organo dira. Bertan odola iragazten da eta prozesu horren ondorioz gernua sortzen da.
  • Gernubideak: Gernua giltzurrunetatik kanporantz garraiatzen duten hodiak dira. Ureterrek, gernu-maskuriak eta uretrak osatzen dute.

Beste iraiz-organo batzuk

  • Birikiak: Arnasketan sortzen den karbono dioxidoa kanporatzen dute.
  • Gibela: Digestioaren eta zenbait botika hartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak kanporatzen ditu.
  • Izerdi-guruinak: Larruazalean dauden guruin exokrinoak dira. Izerdia sortzen dute; izerdia urez eta odol-kapilarretako hondakin-substantziaz osatutako likidoa da.

Entradas relacionadas: