Gizakiaren Ezaugarri Nagusiak: Kontzientzia, Arrazoimena eta Sozializazioa
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,29 KB
Bizkarrezurra eta Giza Garapenaren Lotura
Pongidoetan, bizkarrezurrak burmuinarekin bat egiten du atzealdean; horregatik, burua aurrerantz dute. Gizakiongan, ordea, bizkarrezurra burmuinari lotzen zaio haren erdian. Lotura horrek giza burmuinaren garapena ahalbidetzen du. Esku askeak: zutik ibiltzeko gaitasunari esker, eskuak libre geratzen dira, eta eskuek gauzak erabiltzeko trebetasun handia lortuko dute.
Gizakia eta Kontzientzia
Gizakia kontzientziaz hornitutako izakia da. Baina, zer da kontzientzia? Errealitatea eta bere burua ezagutzeko gizakiak duen ahalmena edo gaitasuna. Bi kontzientzia mota bereizi behar ditugu: zuzena eta islatua.
- Kontzientzia zuzena: Gauzen existentzia suma dezakegu (adibidez, arkatza erabiltzen ari naizela, atea zabalik dagoela, euria ari duela...), eta zenbait sentipen ere suma ditzakegu (adibidez, besoan mina dudala, gose naizela...). Ezagutza mota horren bidez, animaliek (gizakiak barne) beren portaerak, beren jokabideak zuzentzen dituzte.
- Kontzientzia islatua: Gure sumaketez kontziente izatea, gizakiak zerbaitez ohartzen dela jabe izatea, konturatzea. Ahalmen horri esker, zenbait ekintza gauzatzen ditu gizakiak: pentsamendu abstraktua garatu, ideiak eratu.
Gizakia, Animalia Arrazoiduna
Aristotelesek zioen gizakia "animalia arrazoiduna" zela. Honako gaitasun hauek ditu:
- Ulermena edo adimena: Gauzak atzemateko, kontzeptuak eratzeko eta haien artean harremanak eratzeko gaitasuna.
- Epaitzeko gaitasuna: Egia gezurretik, zuzena akatsetik eta logikoa ilogikotik bereizteko gaitasuna.
- Indukzioa: Datu konkretuetatik baieztapen orokorrak ateratzeko gaitasuna.
- Dedukzioa: Egia ziur batzuetatik beste egia batzuk ondorioztatzeko gaitasuna.
- Ikasketa soziala: Balio eta arau sozialak eskuratzeko ahalmena.
"Adimena" gauzak antzemateko, zeinuak sinbolo bihurtzeko, edo ideia unibertsalak eratzeko ahalmen gisa ulertzen badugu, orduan gizakia bakarrik dago ahalmen horiez hornituta.
Gizakiaren Askatasuna eta Mundu Irekia
Gizakia animalia arrazoiduna da. Adimenez hornituta dagoelako, izaki askea da. Animalien mundua itxia da, ez dute erabakirik hartu behar. Belaunaldiz belaunaldi modu berean jokatzen dute. Baina gizakiaren mundua mundu irekia da. Gizakia bukatu gabeko izakia da. Beti gehiagoren egarria du. Horregatik, San Agustinek esango du gizakia "gauza berriak desiratzen dituen animalia dela", eta Nietzschek, gizakia "promesak egin ditzakeen animalia bakarra dela", kontuan izanik hitza ematea etorkizuna proiektatzea dela.
Gizakiaren Mendekotasuna eta Kultura
Animalien kumeak eta gizakiarenak aurrez aurre jartzen baditugu, berehala konturatuko gara haurrek ezingo luketela bizirik iraun euren gurasoek gau eta egun zainduko ez balituzte. Kultura ez da genetikoki heredatzen den zerbait, ikaskuntza sozialaren bidez ondorengo belaunaldiei eskaintzen zaiena baizik. Adibidez, tximino batzuk kostaldera erakartzeko asmoz, patata batzuk jarri zizkieten hondartzan. Hasieran, eskuekin kendu zuten hondarra. Tximino gazte batek, ordea, patata uretan sartzea otu zitzaion, hondarra errazago kentzeko. Taldeko beste tximinoek imitazioz ikasi zuten.
Sinboloak eta Giza Komunikazioa
Sinboloa beste zerbaiten ordezko gisa balio duen edozer gauza da. Hitzak eta zenbaki guztiak sinboloak dira. Gizakiek bakarrik erabiltzen dituzte sinboloak; komunikazio sinbolikoaren bidez, pertsonek irakaspen zehatzak elkar truka ditzakete.
Sozializazio Mailak eta Eragileak
Bi sozializazio maila nagusi bereizten dira:
- Lehen mailako sozializazioa: Haurtzaroan gertatzen da. Gizabanakoak, guztiz modu inkontzientean, alboko afektibitate-harremanak lantzen hasten dira. Senitartekoekin, lagunekin, eskolakideekin izaten dituzten harremanek oinarrizko gaitasunez hornituko dituzte. Haurrek, aro honetan, helduen jokaerak imitatzen dituzte.
- Bigarren mailako sozializazioa: Gizabanakoak gizartera moldatzen jarraituko du bizitza osoan zehar.
Sozializazio-eragileak:
- 1. Maila: Familia, berdinkideak eta koadrila.
- 2. Maila: Eskola eta hedabideak.