Gizarte estratifikazioa: Klaseak, estatusa eta rolak
Clasificado en Matemáticas
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,36 KB
Gizarte estratifikazioa: Klasea eta estatusa
Soziologiak gizarte estratifikazio terminoa gizarteetan eta gizataldeen artean dagoen desberdintasunaren araberako egitura iraunkorrak deskribatzeko erabiltzen du. Terminoak modu hierarkiko batean gizarteko behe eta goi mailez hitz egiten du, aberastasun edota boterearen araberako mailaketa aintzat hartzen duelarik.
Maila bakoitzeko kideek bizitza-aukera jakin batzuk izan ditzakete, baina pentsatu, jardun eta sentitzeko modu berdin samarrak izateko joera dute; baita beren estratuko gainerako kideekin identitate eta kidetasun komuna ere.
Gizarte estratuen sailkapena
Gizarte-estratuen arteko desberdintasunak bost multzotan sailkatzen dira historia, ingurune eta kultura desberdinen arabera:
- Antzinako Aroko gizartea.
- Ekialdeko despotismoaren araberako gizartea.
- Kasta gizartea.
- Estamentuzko gizartea.
- Klase gizartea.
Klase soziala
Klase soziala gizarte estratifikazio mota bat da. Bertan, gizatalde batek sozialki edo ekonomikoki batzen dituen ezaugarri berak partekatzen ditu. Lotura hauek interes edo helburu amankomunengatik sortuak izan daitezke eta pertsonen arteko elkartasuna indartzen dute. Klase-sistemaren eraketa gizartearen funtzioen araberakoa izaten da.
Klaseen gizartea banaketa hierarkiko batean oinarritzen da, batez ere diru-sarreren desberdintasunean, aberastasunean eta baliabide materialen eskuragarritasunean. Hala ere, klaseak ez dira talde itxiak eta norbanako bat talde batetik bestera mugitu daiteke.
Estatusa eta rola
Estatusa pertsona batek gizartean daukan posizioari dagokio. Bi motatakoak izan daitezke:
- Estatus atxikia: Jaiotzetiko ezaugarrien arabera ezarritako estatusa da, gizabanakoaren ahalmenak edo baliabideak kontuan hartzen ez dituena. Pertsonei adinaren, sexuaren, arrazaren edo beste jaiotzetiko ezaugarri baten arabera atxikitzen zaien hedapen soziala da (adibidez, beltza edo zuria).
- Estatus lortua: Gizabanakoaren hautaketaren, ahaleginen edo ekintzen bidez lortutako estatusa da. Gizabanakoak bere merituei esker eskuratzen dituen kokapen eta balorapen sozialak dira (adibidez, lehendakari bat).
Rola, berriz, estatus jakin batean kokatuta dagoen pertsona batengandik espero den jarrera da.