Gizarte Nortasunaren Teoria eta Talde Arteko Gatazka

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,63 KB

Teoria honen abiapuntua, gatazka errealaren paradigman agertu ziren “talde arteko konparazioak” noraino ziren gatazka eta ezinikusiaren sorburu aztertzea izan zen. Jendea taldeka kategorizatze hutsak portaera baztertzailea sortzen du? Erantzuna baiezkoa zelakoan hainbat esperimentu egin zituen “Bristol-eko taldeak” baldintza minimoen bila (“talde minimoaren paradigma”). Zeintzuk dira hori gerta dadin behar diren baldintzak?


Esperimentuak eginda, egiaztatu ahal izan zen nahikoa dela jendea taldeka banatzea, edonolako irizpidea erabiliz, talde haien arteko bereizkuntza sor dadin. Bi norabidetan: alde batetik, taldekideen arteko berdintasuna nabariaraziko dute eta bestetik, beste taldearekiko aldeak handiagotuko dira. Barne berdintasuna eta endotaldearen aldekotasuna versus kanpo bereizkuntza eta exotaldearen aurkakotasuna kategorizazioaren ondorioak omen dira. Hemendik jaio zen “Gizarte Nortasunaren Teoria”. Alderdi motibazionalak eta alderdi kognitiboak bateratzen dituen teoria hau “nortasun positiboaren beharrean” oinarritzen da. Pertsonok ba omen dugu nortasun positiboa izan beharra eta gizarte taldeen arteko konparazioetatik aterako dugu. Beraz, talde arteko bereizkuntza eta endotaldearen aldekotasunaren eragilea “norberaren bereizgarritasun positiboa” da.


Teoriaren hurrengo urratsa gizarte estratifikatuak izan ziren. Tajfel-ek (1978) plazaratutako eredu baten arabera gizarte aldakuntza eta talde arteko gatazka elkarri lotuta omen daude. Elkarrekintzak bi mutur hauen artean kokatu ahal dira: pertsona arteko mutur edo poloan “pertsona” izango da bestea, beraren ezaugarri pertsonalen arabera jokatuko dugu; talde arteko poloan, berriz, talde ezberdinetako kideen arteko harremanak gertatzen dira, bestea “beste taldeko kidea” da eta taldearen ezaugarriak gailentzen dira: estereotipoak.


Pertsona arteko poloan gizarte barruan mugitzerik eta estratu edo mailaz aldatzerik badagoela sinesteko joera dago. Bertan pertsonek taldez aldatzeko aukera handiago daukate eta taldekidetza aske edo zabalagoa da. Talde arteko harremanen poloan, ostera, gizarteko estratu batetik bestera mugitzerik ez dela sinesteko joera omen dago, beraz, gizarte egoera aldatzeko aukera bakarra estratu horiek aldatzea omen da, “gizartea bera aldatzea”. Lehenengo poloa indibidualistagoa den bezala, bigarrenean taldekidetzak edo talde kategoriak berezkotzat jotzen dira, ezin dira erraz aldatu, subjektuak ezin du aukeratu.

Entradas relacionadas: