Gizarte Zibilaren Garapena eta Hirugarren Sektorearen Arrazoiak

Clasificado en Matemáticas

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,55 KB

Hirugarren Sektorearen Gorakada: Krisiak eta Testuingurua

Mendebaldeko herrietan, Ongizate Estatuaren krisia eta garapenaren krisia (garapena oraindik ez dagoen eskualdeetan) gertatu dira. Horrek garapen kontzeptua berrikustea eragin du, kapital sozial nozioaren mesederako, giza eta gizarte alderdiak alde ekonomikoei uztartzen baitizkio.

Elkar-laguntza eta garapen parte-hartzailea sustatu dira herritarren indarra eta gogoa pizteko, aldaketa eta beraien bizi-baldintzak hobetu nahi baitituzte. Geroz eta gehiago, adostasun bat dago esateko Estatuak mugak dauzkala garapenaren eragile izateko.

Hirugarren Sektorea Sustatu duten Krisi Espezifikoak

  1. Ingurugiroaren Krisia

    Ingurugiroaren krisiak ekimen pribatua sustatu du, zeren ingurugiroaren hondatze egonkorrak eta Estatuaren erantzuteko ezintasunak erakunde pribatuak beste aterabide batzuk bilatzera bultzatu baititu. Europa mendebaldean, alderdi ekologisten agerpenak eta erakunde ekologisten hedapenak erantzun horren adierazleak dira.

  2. Europako Ekialdeko Sozialismoaren Krisia

    Europako ekialdeko herrietako sozialismoaren krisiak ere hirugarren sektorearen garapena faboratu du. Benetako sozialismoak bere promesak bete ez izanak eragile asko bide berriak jorratzera eraman ditu, behar sozial zein ekonomikoak asetzeko. Are eta gehiago jakitean, boluntario erakundeek herri komunisten erortzean parte hartu dutela.

Prozesu Iraultzaileak eta Gizarte Zibilaren Sendotzea

Horrez gain, bi prozesu iraultzaile izan dira:

  • Informazioaren eta Komunikazioaren Iraultza: 1980ko hamarkadan suertatu zen, ordenagailuen hedapenarekin lehenik eta Interneten erabilerarekin ondoren, hezkuntzaren garapenarekin batera. Horri esker, pertsonek eta taldeek elkarrekin hitz egin eta trukatu ahal izan dute, beraien antolaketa eta mobilizazioa erraztuz.

  • Erdi Klasearen Agerraldia: 1960ko eta 1970eko hamarkadetako hazkunde ekonomikoak erdi klase baten agerpena eragin du Asian, Afrikan eta Hego Amerikan, erakunde ez-diru-irabazleen biderkatzea eraginez.

Gizarte Zibila: Definizioa eta Funtzioak

Aldaketa horien ondorioz, gizarte zibila osatzen eta sendotzen joan da, bere ekintza esku-hartze publikoaren osagarria izan delarik eta Estatuak bere kontrola zein ardura mantendu dituelarik. Funtsean, gizarte zibila honela zehaztu daiteke:

  • Gatazka Gunea

    Gatazka ekonomikoak, sozialak eta ideologikoak sortzen eta garatzen diren gune gisa, Estatuak gatazka horiek bitartekaritzaren, ohartaraztearen eta zapalkuntzaren bidez konpondu behar dituelarik. Gatazka horien eragileak klase sozialak dira, ala horiek ordezkatzen dituzten mugimendu eta elkarteak. Hauek izan daitezke: klase erakundeak, interes taldeak edo helburu sozial zein politikoak dituzten elkarte mota ezberdinak (talde etnikoen askapen, eskubide zibilen babes, emakumeen askapen eta gazte mugimenduak).

  • Eskaeren Tokia

    Sistema politikoari norabidetzen zaizkion eskaeren tokia, Estatuak erantzuteko beharra daukalarik. Zentzu horretan, gobernagarritasunari dei egitea derrigorrezkoa da. Gobernagarritasuna eskaeren kantitate zein kalitatearen eta erakundeek modu egokian eta garaiz erantzuteko gaitasunaren arteko kontraste gisa defini daiteke.

  • Botere Faktikoen Sorkuntza Gunea

    Zilegitasuna lortzen duten botere faktikoak osatzen diren tokia da, botere zilegien aurka ere. Hain zuzen ere, adostasun guneak gizarte zibilean aurkitzen dira.

Entradas relacionadas: