Gizartea, Burokrazia eta Nortasunaren arteko Gatazka
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,72 KB
Gizartea eta gizabanakoaren arteko harremana
Gizarteak, rolen bitartez, gizabanakooi eragin egiten digu, gure nortasunari eragin egiten dio. Aldi berean, baina, gizabanakook, gizartearen osagai garen heinean, eragin egiten diegu bai gizarteari eta bai hark indarrean ipintzen dituen rolei. Hala ere, sarri askotan, gizarteak gizabanakoon nortasunaren garapen librea mugatzen eta trabatzen du. Beraz, hori horrela izanik, nola azal genezake lantzean behin gizartearen eta gizabanakoaren artean sortzen den gatazka?
Gatazkaren jatorria: gizabanakoa eta gizartea
Gizabanakoak grina eta irrika asko ditu; bertuteak eta, aldi berean, bizioak ditu, konbinazio ezberdinetan. Bestalde, gizartea bera ere arau eta instituzio ugari eta kontraesankorrez eratuta dago. Ez da, beraz, batere harritzekoa gizartearen eta gizabanakoaren artean, neurri batean bederen, liskar eta gatazkak izatea. Harritzekoa, biziki harritzekoa egia esan, bien arteko erabateko elkar-ulertzea izango litzateke.
Batasun guztietan izaten dira hala adostasun eta bat etortzeak, batetik, nola kontraesan eta gatazkak, bestetik, osotasunaren eta osagaien artean. Baina, jakina, osotasun guztiek ez dituzte beren osagaiekin harreman harmoniatsu nahiz gatazkatsu berberak izaten.
Burokrazia eta nortasunaren zapalkuntza
Instituzio modernoen artean, burokrazia da sinergia gutxien duenetakoa. Hori dela medio, “burokrazia” hitzak berak ezinikusi sakona pizten du biztanle askorengan. Hertsiki burokratizatutako antolakunde formala duten erakundeetan, giza nortasunaren osotasuna eta garapena bortxatzen dituzten printzipioak egon ohi dira indarrean.
Izan ere, burokraziak, tresna sozial beharrezkoa eta eraginkorra izanda ere, erakundeko kideen nortasuna bortxatzen du:
- Kideen eguneroko zereginei arreta eskasa eskaintzen zaie.
- Kideak pasibo, otzan eta mendeko izatea bilatzen da.
- Kideek interesa bat-bateko kontuei soilik eskaintzea bultzatzen da.
- Kideek azaleko gaitasun arinak besterik erabili ez dezaten nahi da.
- Kideek porrot fisikoa ekarriko dien eran lan egitea bilatzen da.
Gauzak horrela, saihestezina da gizabanakoak (langileak) sentimendu desatseginak jasatea.
Burokraziaren eta nortasunaren dialektika
Baditugu, beraz, alde batetik, eraginkortasun ahalik eta handiena bilatzen duen egitura burokratikoaren printzipioak; eta, beste aldetik, egitura burokratikoa duten erakundeetan lanean diharduten gizabanakoak, zeintzuen nortasunaren garapenak oztopo latzak pairatzen baititu. Horra hor, beraz, ageri-agerian, burokraziaren eta nortasunaren arteko dialektika saihestezina.