Grabitazio-prozesuak
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,35 KB
Grabitazio prozesuak
Behin arrokak meteorizatuta, sortutako produktuak mobilizatu egin daitezke grabitatearen ekintza zuzenagatik. Ondorioz, prozesu ugari sortzen dira, orokorrean grabitazio prozesu deiturikoak.
Grabitazio prozesuetan eragina duten faktoreak. Hauek dira grabitazio prozesuak abiarazteko baldintza egokienak: ur asko (euri ugari egin duelako edo elurra bat-batean urtu delako), aldapa handiak eta landaredi urria.Grabitazio prozesuak aldaparen egonkortasunaren eta ezegonkortasunaren arteko atalasea gainditzean gertatzen dira. Lau faktore eragilek abiaraz edo bizkor dezakete materialaren erortzea. Hauek dira:
Ura. Sedimentuaren poroak urez betetzen badira, kohesioa murriztu egiten da eta horrek berekin dakar partikula batzuk beste batzuen gainean erraz labaintzea. Urak eginkizun bikoitza du hegaletako mugimenduen aitzindari gisa: partikulen arteko kontaktuak lubrifikatzen ditu eta pisua eransten du.
Aldapa. Ibai baten azpijanaren ondorioz, olatuek labarraren oinarriaren kontra emandako kolpeen ondorioz, gizakien ekintzaren ondorioz... Sor daiteke. 40º-tik gorako malda izanez gero, aldapak ezegonkorrak izaten dira.
Landaredia. Landareek bi funtzio babesle betetzen dituzte grabitazio prozesuei begira. Batetik, higaduraren aurkako babesa eskaintzen dute, eta bestetik, aldapak egonkortzen dituzte, sustraien sistemei esker. Euri tanten inpaktutik ere babesten dute lurra.
Lurrikarak. Faktore eragile gehigarri bat dira. Eragin dezaketen ondorioetako bat likidotzea da. Horrek esan nahi du urez aseta dauden gainazaleko materialek erresistentzia galtzen dutela eta mugimenduan dauden fluidoen antzera jokatzen dutela.
Zer da lurzorua? Geologiaren ikuspegitik, lurzorua metakin natural bat da, elementu mineral edo/eta organikozko geruzek (horizonteak) osatua. Geruza horiek lodiera aldakorra dute, eta jatorri duten arrokaren bestelakoak dira propietate morfologikoei, fisikoei, kimikoei eta mineralogikoei dagokienez, baita ezaugarri biologikoetan ere.