Grebalari Kopurua Espainian (1913-1924) eta Gizarte Aldaketak Errestaurazio Garaian
Clasificado en Matemáticas
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,76 KB
Grebalari Kopurua Espainian (1913-1924)
Sarrera
Grafiko honek Espainiako grebalarien kopurua adierazten du 1913-1924 urte bitartean, puntuko grafiko baten bidez, non, urtez urte, langileen kopuruak azaltzen diren. Errestaurazio garaian kokatzen da, bigarren fasean, hau da, Alfontso XIII.aren erregealdian. Lehenengo fasean bezala, agintean jauntxokeria, iruzurra eta txandakatzea nagusitu ziren. Langile mugimenduak aukera politikorik gabe gelditu ziren. Ondorioz, langileek grebak antolatu beharko zituzten lan-baldintzak eta eskubide politikoak aldarrikatzeko.
Greben Bilakaera
Grafiko honetan, urtez urte, grebetan parte hartu zuten langile kopurua ageri da, eta datuak ez dira oso homogeneoak, ikus daitekeen bezala. Hau da, urte batzuetan parte-hartze handiagoa izan zen besteetan baino, eta hau egoera ekonomiko eta politikoak eraginda gertatu zen. Bi une zehatz nabarmentzen dira grafikoan:
- Greben goraldia: Lehen Mundu Gerraren amaieran (1919-1920) gertatu zen. Garai hartan, Espainiako ekonomia krisialdian sartu zen, eta gerraren ondoriozko gainprodukzioa zela eta, hainbat lantegi itxi behar izan zituzten.
- Greben beheraldia: 1923tik aurrera eman zen, Primo de Rivera gobernura heldu zenean. Une honetan, ekonomiak hobera egin zuen, eta diktadurak grebak debekatu zituen, anarkistei errepresioa ezarriz.
Gizarte Aldaketak Errestaurazio Garaian
Klase Sozialen Eraldaketa
Garai honetan, gizartea Erdi Aroko eta Aro Modernoko estamentu-eredutik klaseetan antolatutako eredura pasa zen. Teorian, liberalismoak zioen gizartean guztiak berdinak izango zirela, eskubide berdinekin. Praktikan, ordea, ez zen horrela gertatu. Izan ere, aberats eta pobreen arteko desberdintasunak ez ziren handiak diruari zegozkionez soilik, baita eskubideei zegozkienez ere. Gainera, diferentzia horiek nabarmenagoak egin ziren beste garaiekin konparatuz.
Erdi Mailaren Garapen Eskasa
Espainiaren kasuan, gainera, Industria Iraultza berandu eta eskas iritsi zen, eta erdi maila ere berandu garatu zen. Hau arazo bat zen. Espainian garatu zen erdi maila, beraz, txikia eta nahiko kontserbadorea izan zen, horregatik aukera nazionalisten edo errepublikazale eskuindarren alde egin zuen.
Gizarte Polarizazioa
Ondorioz, gizarte oso polarizatua izan zen Espainiakoa Errestaurazio garaian. Gutxiengo batek zuen botere politiko eta ekonomikoa, eta gizartetik kanpo bizi izan ziren, isolatuak, arazoez kezkatu gabe eta, oro har, errealitateaz konturatu gabe. Beste gehiengo taldea langileriak osatzen zuen, eta, nahiz eta lan-baldintza batzuk hobetzea lortu, botere ekonomiko nahiz politikotik kanpo geratzen ziren. Greba eta beste aldarrikapen ugariri esker lortu zituzten hobekuntza horiek.