Guraso Estiloak eta Beraien Eragina Seme-Alaben Heziketan
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,42 KB
Estilo Autoritarioa
Estilo autoritarioa: Estilo honek gurasoak kokatzen ditu erdigunean. Estilo autoritarioak norabide bakarreko komunikazio-sistema itxi bat ezartzen du; gurasoek aginduak ematen dituzte inolako azalpenik gabe, eta seme-alaben autonomia murrizten dute, zeinak urrundu egiten baitira. Oso ohikoa da etengabe zigorrak, mehatxuak eta debekuak jartzea, batere arrazoitu gabe. Familia-estilo honek asko exijitzen die seme-alabei bizitzako alderdi guztietan; gurasoek ez dituzte kontuan hartzen haien beharrak, eta ez dituzte aldatzen beren diziplina-teknikak testuinguruaren, adinaren eta beste aldagaien arabera. Eredu horrek ondorio hauek izan ditzake heziketan:
- Autoestimuaren, autonomia pertsonalaren, sormenaren eta jendetasunaren maila baxuak sortzen ditu.
- Baliteke seme-alabek frustrazio- edo erruduntasun-sentimenduak adieraztea, gurasoen nahiak bete ezin dituztelako.
- Inhibitu egiten badira, haurrek konformismo- eta mendetasun-joera agertzen dute. Pasiboak eta lotsatiak izan ohi dira, eta besteen oniritzia jasotzeko irrikan egoten dira. Hala ere, baliteke handitan gurasoen estiloa imitatzea eta pertsona autoritario bihurtzea.
- Baliteke gurasoengandik emozionalki urruntzeagatiko antsietatea sentitzea.
Estilo Demokratikoa edo Adierazpenezkoa
Estilo demokratikoa edo adierazpenezkoa: Estilo honek seme-alabak kokatzen ditu erdigunean. Aita-ama demokratikoek arauak ezartzearen arrazoiak azaltzen dizkiete seme-alabei, haien indibidualtasuna eta eskubideak aitortu eta errespetatzen dituzte, ahozko harremanen bidez negoziatzen dute, eta haiekin batera hartzen dituzte erabakiak, jokabide positiboak sustatzen eta egokiak ez direnak urruntzen saiatzeko. Heziketa-estilo honetan, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan, elkarrekiko errespetua, lankidetza eta elkarrenganako betebeharrak dira nagusi; gainera, gatazkak gutxitan gertatzen dira, eta arinak izaten dira. Eredu horrek ondorio hauek izan ditzake seme-alaben heziketan:
- Erantzukizunerako sena garatzen dute, eta beren ekintzen ondorioak beren gain hartzen dituzte.
- Gaitasun soziala eta elkarri eragiteko erraztasuna ematen dizkie.
- Lankidetzako jarrera izaten dute, erabakiak hartzekoa eta arauak errespetatzekoa, eta talde-lanerako trebetasunak.
- Autokontzeptu errealista eta positiboa garatzen dute, eta horrek autoestimu- eta autokonfiantza-maila on bat dakar.
- Lorpenerako motibazio handia hartzen dute, eta, ondorioz, emaitza hobeak izaten dituzte eskolan.
Estilo Permisiboa
Estilo permisiboa: Estilo hau tolerantzian oinarritzen da. Estilo honetan, gurasoen kontrola oso biguna da, eta exijentzia-maila, berriz, oso baxua. Gurasoek ez dute eragozpenik haurren nahiak betetzeko, eta, adingabea haserre edo oldarkor agertuz gero, toleranteak izaten dira. Seme-alabak gehiegi babesten dituzte, bizitzako zailtasunei aurre egin beharrik izan ez dezaten; beraz, arauak ez dira batere zorrotzak. Horren arrazoia da gurasoak afektiboki inplikatuta daudela, eta seme-alaben premiez arduratzen direla. Azken finean, estilo honen ezaugarriak askatasuna eta babes emozionala dira.
Eredu horrek ondorio hauek izan ditzake heziketan:
- Adingabe horiek egozentrikoak izan ohi dira, mendekoak, eta ahalegina egiteko zailtasunak izan ohi dituzte; ondorioz, emaitza kaskarrak lortzen dituzte eskolan.
- Ez dira gai beren bulkadak kontrolatzeko, eta lehentasuna ematen diete beren nahiei eta premiei, besteenen aldean.
- Autoestimu- eta autokonfiantza-maila altuak izan ohi dituzte.
Estilo Arduragabea
Estilo arduragabea: Estilo honetan, gurasoek gutxi exijitzen dute, eta alde batera uzten dute familiarekiko eta hezteko ardura. Seme-alaben premiekiko sentsibilitate- eta inplikazio-falta erakusten dute, eta ez dute agertzen ez maitasunik ez komunikaziorik. Gurasoek uko egiten diete guraso gisa egin behar dituzten jarduerei, batez ere jarduera horiek beren interes indibidualei eragiten badiete. Estilo horrek ondorio hauek izan ditzake heziketan:
- Seme-alabek autokontzeptu negatiboa garatzen dute, eta oso gabezia larriak izaten dituzte autokonfiantzan eta norberaren erantzukizunean.
- Ez dute ahalegin pertsonalerako joerarik, eta emaitza kaskarrak lortzen dituzte eskolan.
- Aukera gehiago dituzte nahasmen psikologikoak eta jarrera-desbideratze larriak jasateko.