Hannah Arendt: Eichmann Jerusalemen eta Gaizkiaren Hutsalkeria
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,59 KB
Eichmann Jerusalemen: Hannah Arendten Analisia
Adolf Eichmann Holokaustoa diseinatu zuen nazi alderdiko kargu gorenetakoa zen. Gerra amaitzean, Argentinara egin zuen ihes, eta han Mossadeko komando batek bahitu eta Jerusalemera eraman zuen hegazkinez 1960an. 1961ean epaitu, erruduntzat jo eta heriotza zigorra ezarri zioten, 1962an gauzatu zena.
Gaizkiaren Hutsalkeriaren Kontzeptua
Eichmann Jerusalemen obran zehar, Arendtek argitu zuen Eichmann gizaki arrunta zela (ez munstro maltzurra, ez antisemita amorratua, ez soziopata azkarra...). Horren ondoren, hurrengo galderari erantzun nahi izan zion: nola da posible pertsona batek milaka pertsonaren heriotza agintzea?
Eichmannen Defentsak Erabilitako Bi Argudioak
Pentsalariak Eichmannen defentsak erabilitako bi argudiori erreparatuko die:
Estatu Arrazoiak Aginduta Jokatu Izana
Eichmannek estatu arrazoiak aginduta jokatu zuen. Horren arabera, norbanakoaren etika eta estatuaren etika ez daude maila berean, eta, hortaz, estatuek salbuespen moduan hainbat erabaki har ditzakete norbanako bezala hartuko ez lituzketenak (eskubideen urraketak, biolentzia, erailketak...). Arendten ustez, baina, estatu totalitarioak salbuespen horiek eguneroko bilakatzen ditu.
Aginduak Jarraituz Jokatu Izana
Eichmannek aginduak jarraituz jokatu zuen. Nolabait, Kanten inperatiboaren interpretazio interesatu baten bitartez, ardura guztia Hitlerri leporatu nahi izan zitzaion. Historian zehar adibide ugari daude non legeak (zibilak eta militarrak) onartzen duen aginduak ez betetzea horiek legearen aurka doazenean; baina, Eichmannen kasuan, aginduak estatu totalitarioaren barruan zeuden. Ez zuen gatazkarik bizi izan zentzu horretan.
Erailketa Administratiboen Normalizazioa
Erailketa administratiboak normalizatzea eta lege bilakatzea da estatu totalitarioaren ezaugarri nagusia. Bertan, gizabanakoak, legearen legitimitatearekin, milaka pertsonaren deuseztatzea sina dezake. Hori da gaizkiaren hutsalkeria. Eichmannek milaka gizabanakoren suntsipena ekarri zuten aginduak emateko erosotasuna aurkitu zuen sisteman.
Hausnarketa Gabeziaren Erruduntasuna
Hausnarketarik gabe ekiteko erosotasuna eman zion estatu totalitarioak. Hausnarketa gabezia hori da, hain zuzen, Eichmann errudun bilakatzen duena. Estatuaren izenean eta legea jarraituz jokatu bazuen ere, askatasuna zuen erailketa administratiboen ondorioen inguruan hausnartu eta horien gaineko erabakiak hartzeko. Horri garrantzirik ez ematea eta gaizkia hutsalkeria bilakatzea da bere krimen handiena.