Hannah Arendt eta Gaizkiaren Hutsalkeria

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,2 KB

Vita Activa: Pribatua, Publikoa eta Soziala

Vita activa eratzen duten ekintzak (landu, ekoitzi eta ekin) hiru esparru desberdinetan gauzatzen dira: pribatuan, publikoan eta sozialean. Giza Kondizioa liburuan, Hannah Arendtek Aro Modernoan espazio publikoaren atzerakada gertatu dela azaltzen du, batez ere arlo sozialaren sorreraren ondorioz.

Arendtek, greziarren oikos (etxekoa) eta polis-aren arteko oposizioari jarraituz, pribatuaren eta politikoaren kontzeptuak azaltzen ditu. Etxeko esparrua (pribatua) bizitzako beharrak asetzearen mende dago (lanarekin lotuta), eta bertan ez dago askatasunerako lekurik, etxeko kideak beharraren mende daudelako eta barruan aginte- eta obedientzia-harreman asimetrikoak nagusitzen direlako. Espazio publikoan, ordea, gizakiek ekintzarako eta elkarrizketarako gaitasuna garatzen dute, berdinen arteko esparru batean.

Aro Modernoan, ordea, espazio horiei arlo sozialaren sorrera gehitu behar zaie. Arlo soziala esfera hibrido bat da, espazio pribatuaren eta publikoaren artean kokatzen dena, espazio pribatuaren beharrak espazio publikoan nagusitzen direnean sortzen dena. Arendten ustez, arlo sozialaren sorrerak espazio publikoaren gainbeherara garamatza. Arlo sozialaren eraikuntzarekin, botereak gizakia gizartearen baitan desagerrarazten du eta horren inguruko erabakiak hartzen ditu, bere askatasuna, hitza eta ekintza ahaztuz. Politika ez da jada berdinen arteko interakziorako espazioa, non pertsonek aske izateko gaitasuna adieraz dezaketen. Botereak gizabanakoaren esparru pribatu eta publikoaren gainean agintzen du.

Arendtentzat, ezinbestekoa da espazio pribatua eta espazio publikoa mantentzea. Izan ere, totalitarismoaren ezaugarrietako bat da dena politiko bihurtzen duela (arlo juridikoa, ekonomikoa, zientifikoa, pedagogikoa...) eta gauza publiko guztiak bereganatzen dituela. Horrela, esfera pribatua, identitatea, desberdintasunak eta aniztasuna ezabatzen ditu, eta, ondorioz, munduko gizakiak deserrotzen ditu, beren duintasunetik desegiten ditu. Horregatik, Arendtek esparru publikoa gizabanakoa jaiotzeko esparru gisa aldarrikatzen du.

Introspekzioa eta Erantzukizuna

XX. mendeko gertakari krudelenen balizko egileak epaitzeko, Bigarren Mundu Gerra eta gero epaitegiak antolatu ziren Nurenbergen eta Israelen. Nazien deuseztatze-esparruetan milioika pertsona hil ziren (horien artean juduak, ezkertiarrak, ijitoak, homosexualak...). Epaiketa horietako batean Eichmann nazia epaitu zuten, Holokaustoan pertsona zibilen garraioa bideratzeaz akusatuta. Askoren ustez, krimen horiek gizakion berezko izaera gaiztoagatik gertatu ziren. Eichmannen epaiketara kazetari lanak egitera joan zen Hannah Arendt pentsalari alemaniarrak, aldiz, uste zuen hiltzaile izan gabe ere gutariko edonork egin ditzakeela horrelako sarraskiak inolako kontzientzia eragozpenik gabe, hau da, errudun sentitu gabe. Izan ere, introspekzio ariketarik egiten ez badugu, zenbait egoeratan ez dugu gure ekintzen erantzukizuna ikusten, ekintza eta ondorioen arteko distantzia luzeegia delako.

Baina zer da introspekzioa? Introspekzioa norberak bere buruarekin eduki dezakeen jarduna da. Arendten ustez, gizakiak ez du berezko naturarik. Bere maisuak diren Heidegger eta Jaspersek bezala, uste du gizakiak introspekzioaren bidez bizitza aktiboa sor dezakeela hiru mailatan: lehenengoan bizitza biologikoaz arduratuko da, bigarrenean profesionalaz eta, azkenik, pentsamendutik abiatuta burutzen dituen ekintzez. Lehenengo biak ezagutzaren barruan sailkatzen dira, eta, gizatiarrak badira ere, are gizatiarragoa da azkena, pertsonaren beraren askatasuna eta existentzia zehazten duelako, ekintza politikoa edo ideologia, alegia.

Totalitarismoaren Arriskua

Krisi garaietan, bai lehen, bai orain, totalitarismoa eta faxismoa zabaltzen dira munduan. Garaiotan ohikoa da boterea pixkanaka biltzen joatea pertsona bakar baten eskuetan. Lider edo buruzagi horrek erabakiak hartu eta aginduak zabaltzen ditu jendartean, guztion onerako direlakoan. Gehiengoa liderraren itzalpean seguruago sentitzen da, eta norberaren egoa handituta. Badirudi amore ematen dugula eta ez dugula irizpide kritiko kantiarra erabiltzen, dio Arendtek. Izan ere, bere ustez, burokrazia indarrean dagoen estatu teknologikoetan sistemaren katebegi bat baino ez gara sentitzen, eta norberaren erantzukizuna ezerezaren hurrengoa da: hutsala. Modu berean, Erich Frommek esan zuen uko egiten diogula erantzukizunari, eta Kafkak absurdoa dela harremanik gabeko estatua.

Beraz, Holokaustoa ez zen gertatu Hitler eta bere goi-agintariak krudelak zirelako, jende askoren pentsatzeko eta hausnartzeko gaitasun eza harrigarriagatik baizik. Masa desideologizatu baten hutsalkeriarik gabe, ideologia nazi suntsitzailea ez zen inoiz nagusituko. Hori dela eta, Arendten iritziz, demokrazia parte-hartzailea da totalitarismoari aurre egiteko baliabiderik onena, bertan erantzukizuna eta barne zein kanpoko elkarrizketa gauzatzen direlako.

'Eichmann Jerusalemen' eta Gaizkiaren Hutsalkeria

Eichmann Holokaustoa diseinatu zuen nazi alderdiko kargu gorenetakoa zen. Gerra amaitzean, Argentinara egin zuen ihes, eta han Mossadeko komando batek bahitu eta Jerusalemera eraman zuen hegazkinez 1960an. 1961ean epaitu, erruduntzat jo eta heriotza zigorra ezarri zioten, 1962an gauzatu zena.

Eichmann Jerusalemen liburuan zehar Eichmann gizaki arrunta dela argitu ondoren (ez da munstro maltzurra, ez antisemita amorratua, ez soziopata azkarra...), Arendtek hurrengo galderari erantzun nahi dio: nola da posible pertsona batek milaka pertsonaren heriotza agintzea?

Pentsalariak Eichmannen defentsak erabilitako bi argudio aztertuko ditu. Lehen argudioa: Eichmannek estatu arrazoiak aginduta jokatu zuen. Horren arabera, norbanakoaren etika eta estatuaren etika ez daude maila berean, eta, hortaz, estatuek salbuespen moduan hainbat erabaki har ditzakete norbanako bezala hartuko ez lituzketenak (eskubideen urraketak, biolentzia, erailketak...). Arendten ustez, baina, estatu totalitarioak salbuespen horiek eguneroko bilakatzen ditu.

Bigarren argudioa: Eichmannek aginduak jarraituz jokatu zuen. Nolabait, Kanten inperatiboaren interpretazio interesatu baten bitartez, ardura guztia Hitlerri leporatu nahi izan zitzaion. Historian zehar adibide ugari daude non legeak (zibilak eta militarrak) onartzen duen aginduak ez betetzea horiek legearen aurka doazenean; baina, Eichmannen kasuan, aginduak estatu totalitarioaren barruan zeuden. Ez zuen gatazkarik bizi izan zentzu horretan.

Erailketa administratiboak normalizatzea eta lege bilakatzea da estatu totalitarioaren ezaugarri nagusia. Bertan, gizabanakoak, legearen legitimitatearekin, milaka pertsonaren deuseztatzea sina dezake. Hori da gaizkiaren hutsalkeria. Eichmannek milaka gizabanakoren suntsipena ekarri zuten aginduak emateko erosotasuna aurkitu zuen sisteman. Hausnarketarik gabe ekiteko erosotasuna eman zion estatu totalitarioak.

Hausnarketa gabezia hori da, hain zuzen, Eichmann errudun bilakatzen duena. Estatuaren izenean eta legea jarraituz jokatu bazuen ere, askatasuna zuen erailketa administratiboen ondorioen inguruan hausnartu eta horien gaineko erabakiak hartzeko. Horri garrantzirik ez ematea eta gaizkia hutsalkeria bilakatzea da bere krimen handiena.

Gaizkiaren Hutsalkeria

Gaizkiaren Hutsalkeria: Arrazoinamendurik gabe burututako gaizkia izendatzen duen eta gaizki absolutuaren posibilitatea ahalbidetzen duen kontzeptua da. Gaizkiaren hutsalkeriak botere politikoaren sistema batek gizakiaren sarraskia nola hutsaldu dezakeen deskribatzen du, bere ekintzen ondorio etiko eta moraletan pentsatzeko gai ez diren funtzionarioek burututako prozedura burokratiko gisa egiten denean. Eichmann buruzagi naziaren epaiketaren testuinguruan sortzen du Arendtek kontzeptu hori. Izan ere, Eichmannek sisteman milaka gizabanakoren suntsipena ekarri zuten aginduak emateko erosotasuna aurkitu zuen, estatu totalitarioaren logikaren barnean. Hausnarketa falta hori da, hain zuzen, Eichmann errudun bilakatzen duena. Estatuaren izenean eta legea jarraituz jokatu bazuen ere, askatasuna zuen erailketa administratiboen ondorioen inguruan hausnartu eta horien gaineko erabakiak hartzeko. Horri garrantzirik ez ematea eta gaizkia hutsalkeria bilakatzea da bere krimen handiena.

Entradas relacionadas: