Harri motak Euskal Herrian: Ezaugarriak eta Erabilerak

Clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,27 KB

Harri Mota Nagusiak eta Haien Ezaugarriak

Harri Sedimentarioak

Konglomeratuak eta Bretxak

Konglomeratuak eta bretxak harri sedimentario detritikoak dira, harea baino tamaina handiagoko sedimentuz osatuak. Ez dira erraz higatzen eta, gehienetan, iragazgaitzak dira.

Hareharriak

Hareharriak harri sedimentario detritikoak dira, hareazko partikulez osatuak. Harri zurrunak dira eta ondo eusten diote higadurari. Harea-aleen artean poro asko dituzte, eta, horregatik, iragazkorrak dira. Arrakalek iragazkortasuna handitzen diete, eta errazago higatzen dira.

Lutitak

Lutitak harri sedimentario detritikoak dira (buztinez eta limoz osatuak), oso bigunak. Ur-korronteek erraz higatzen dituzte, eta iragazgaitzak dira.

Margak

Margak harri sedimentario mistoak dira (kaltzio karbonatoz eta buztinez osatuak). Gogortasuna buztin-kopuruaren araberakoa da, baina erraz apurtzen dira. Urak erraz higatzen ditu, eta nahiko iragazgaitzak dira.

Kareharriak

Kareharriak harri sedimentario kimikoak dira, kaltzitaz osatuak. Estrukturatuta, harri zurrunak dira, eta meteorizazio fisikoari ondo eusten diote, baina ez kimikoari. Kaltzio karbonatoa, karbonatazioaren bidez, kaltzio bikarbonato bihurtzen denean, uretan disolbatzen da. Ez dira iragazkorrak; hala ere, arrakalatuta eta karstifikatuta badaude, iragazkorrak balira bezala jokatzen dute. Akuifero handiak eratzen dituzte. Euskal Herrian ohikoak dira, eta oso forma bereziak dituen karst-modelatua sortzen dute.

Dolomiak

Dolomiak kareharrien antzekoak dira, baina magnesioa (Mg) ere badute.

Ebaporitak

Ebaporitak harri sedimentario kimikoak dira. Harri trinkoak dira, baina disolbatuta erraz higatzen dira. Iragazgaitzak izan ohi dira.

Harri Igneoak

Granitoak

Granitoak harri igneo plutonikoak dira, kuartzoz, feldespatoz eta mikaz osatuak. Harri gogorrak dira, eta zailak dira higatzeko. Meteorizazio kimikoak aldatzen ditu poliki-poliki, eta harri-bola ugariko paisaiak eratzen ditu. Iragazgaitzak dira, baina, zartadura ugari dituztenez, ura erraz sar daiteke, eta higadura erraztu.

Basaltoak

Basaltoak harri igneo bolkanikoak dira. Kristal gutxi dituzte, eta oso txikiak; begi hutsez ez dira nabaritzen. Harri trinkoak dira, eta higatzeko nahiko zailak.

Harri Metamorfikoak

Arbelak

Arbelak harri metamorfikoak dira, lutitak leunki metamorfizatzean sortuak, eta eskistositate txikia dute. Erraz higatzen dira, eta iragazgaitzak dira.

Eskistoak

Eskistoak harri metamorfikoak dira, eskistositate nabarmena dutenak. Lutitak metamorfizatzean sortzen dira, baina arbelen kasuan baino metamorfismo-maila altuagoan. Harri zurrunak dira; ehundura dela eta, erraz higatzen dira, eta nahiko iragazgaitzak dira.

Marmolak

Marmolak harri metamorfikoak dira, kaltzio karbonatoz osatuak. Harri karbonatodunak (bereziki kareharriak) birkristaltzean sortzen dira. Harri trinkoak eta gogorrak dira. Ongi eusten diote meteorizazio fisikoari, baina kimikoki karbonatazioaren bidez disolbatzen dira, kareharrien antzera.

Entradas relacionadas: