Harri Sedimentarioen Eraketa: Litifikazioa eta Fosiltzea

Clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,42 KB

Harri Sedimentarioen Eraketa: Litifikazioa eta Fosiltzea

Litifikazioa: Sedimentuen Harri Bihurketa

Sedimentuak harri sedimentario bihurtzen dituen prozesu multzoari litifikazio esaten zaio. Prozesu horiek sedimentuei eragiten diete, horiek lurrazalean bertan edo lurrazaletik hurbil daudenean, eta, hortaz, presio eta tenperatura moderatuetan gertatzen dira, hau da, baxuak izaten dira beste harri mota batzuk sortzen diren litosferaren eremu sakonagoetakoekin alderatuta.

Sedimentu gainean geruza berriak jalkin ahala, aldatu egiten dira horiek jasaten dituzten baldintzak, eta aldaketa horren ondorioz gertatzen da litifikazioa. Litifikazioaren barruan hainbat prozesu bereizten dira:

1. Trinkotzea

Gaineko sedimentuen pisua jasaten dutenez, estu-estu elkartzeko joera dute, eta porositatea eta poro horiek betetzen zuten fluido (airea edo ura) kantitatea murriztu egiten da, presioa handitzean sedimentuak trinkotu egiten dira.

2. Zementazioa

Sedimentuen artean dagoen urak hainbat gai ditu disolbatuta, eta horiek prezipitatzen direnean, poroak betetzen dituzte. Zementu-erako gaiek zatikiak elkartzen dituzte, eta horrek porositatea murrizten du. Zementazioa deitzen zaio. Era askotako gaiek osa dezakete zementua, nahiz eta ohikoenak kaltzio karbonatoa eta silizea izan.

Bi prozesu hauen (trinkotzea eta zementazioa) ondorioz, harri sedimentarioak jatorrizko sedimentuak baino iragazkortasun txikiagoa du; izan ere, porositatea murrizteaz gain, poroen arteko komunikazioa ere murriztu egiten da.

3. Berrorientatzea edo Ordezkatzea

Sedimentuaren jatorrizko mineralak beste mineral batzuetan eraldatzea sedimentutik kanpoko gaiekin erreakzionatu ondoren. Mineral berria jatorrizko mineralak hartzen duen lekuan garatzen da. Horren adibidea kareharrien dolomitizazioa da. Kaltzio karbonatoaren (kaltzita) kaltzio parte bat magnesioak ordezkatzen du, eta horrela, kaltzio-magnesio karbonatoa (dolomita) sortzen da.

Fosiltzea: Izaki Bizidunen Aztarnen Kontserbazioa

Sedimentuetako izaki bizidunen aztarnak edo arrastoak ere aldatu egiten dira litifikazioan zehar, eta suntsitzen ez badira, fosil bihurtzen dira. Fosil esaten zaio harrietan dagoen izaki bizidunen edozein hondakini edo haren jardueraren edozein arrastori. Fosilak harri sedimentarioen ezaugarri dira, horiek osatzeko baldintzak kontuan hartuta.

Sedimentuetako izaki bizidunen arrasto edo hondakin gehienak hondatu egiten dira eta ez dira fosilduta gelditzen. Fosildu daitezen, ezinbestekoa da sedimentuek hondakinak laster lurperatzea. Era horretara, saihestu egiten da beste izaki bizidun batzuen edo higaduraren ondorioz hondakinak suntsitzea, eta horrez gain, mikroorganismoen ondoriozko deskonposizioa ere murriztu egiten da.

1. Mineralizazioa

Organismoa lurperatuta gelditzen denean, ura sartzen da organismoan (mineralak disolbatuta dituela), eta era horretara, mineral horiek jatorriz hura osatzen zuten osagaiak ordezkatzen dituzte. Mineralizazio ohikoenak kaltzita edo silizezkoak dira, nahiz eta beste mineral batzuen fosilak ere aurki daitezkeen, hala nola piritazkoak.

2. Moldeen Eraketa

Organismo baten hondakinak arrasto edo molde bat inprima dezake inguratzen duen sedimentuan. Geroago, jatorrizko hondakin hori disolbatzen bada, organismoaren gainerako zatiaren forma zehazki erakusten duten sedimentuek bete dezakete moldea.

Entradas relacionadas: