Haur eta Gazte Literaturaren Definizioa, Bilakaera eta Ezaugarriak
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 13,96 KB
Haur eta Gazte Literaturaren Definizioa eta Ezberdintasunak
Helduen Literaturarekiko Desberdintasunak
Helduen literaturak eta gazteenak ez dute zerikusirik. Helduentzat idaztean, hainbat gauza hartzen dira kontuan: niretzat, idazkera, metafora, sinboloak, kontatzeko modua… ezberdinak dira. Bi mundu ezberdin dira, nahiz eta garrantzitsuena zerbait kontatzea den. Gai berdin bat helduentzat aukeratuko banu, beste modu batean kontatuko nuke, modu gordinagoan. Estiloa ere zaindu beharra dago. Kontaketan haurren sentsibilizazioa ere kontuan hartu beharrekoa da.
Desberdintasunak: Gazteentzat, literatura entretenigarria izan beharko luke; gazteen bizitzari, sentimenduei, ametsei eta duten bizitzaren irekitasunari lotua. Gaur egungo irakurleari begira idatzi behar da. Hizkuntzak erraza izan behar du, nobela handiekin konparatuz, errazagoa. Adibide gisa, Mendizabalek esaten duen bezala, arrain txikiaren eta handiaren adibidea dugu. Arrantzan, amu txikia edo handia izan, arrain txikia edo handia harrapatuko duzu. Badago tarteko arrainik ere. Hauek ez diete handiei helduko. Literaturan berdin gertatzen da. Irakurle gazteak ez dio nobela handiari helduko, ez duelako ulertzen, eta liburu txikiak alde egingo diolako. Tartekoa bilatu behar da.
Haur eta Gazte Literaturan (HGL), hartzailea izan behar dugu kontuan. Nire ustez, hartzaileak dituen jarrera eta ezaugarrietatik abiatu behar da kontzeptua zehazterakoan. Hartzailea zein den eta nolakoa den ere kontuan hartu beharko da. Hala eta guztiz ere, izan daitezke helduentzat bakarrik onak diren liburuak, baina ez haurrentzat soilik onak diren liburuak. Hau beti izan behar dugu kontutan.
HGL ez da haurrek edo gazteek irakurri, ulertu eta disfrutatzen duten literatura soilik; beraiek ere ulertu, irakurri eta goza dezaketena baizik. Helduen irizpideak erabil daitezke, baina haurren ulermen-esperientzia, jakituria… kontuan harturik.
Morala eta Ideologia Haur eta Gazte Literaturan
Haurrentzako liburuen inguruko morala beti izan da garrantzitsua; haurra hezi beharrak berari zuzendutako testuetan ideiak, irakaspenak, mezuak… sartzera bultzatu izan du. Gaur egun, ohitura onak, elkartasun-sentimendua edo naturaren defentsa bezalako ideiak aurki daitezke haurrentzat idatzitako idatzietan.
Haur-liburuak haurrentzat direla esateak neutroak direla esan nahi duela uste dute askok. Idazle, guraso… ideologia neutrala dutela diote, eta hori gezurra da, ezin garelako apolitikoak izan. Liburuetan, ideologia-mezuak bi modutan aurkitzen dira:
- Egilearen ikuspuntutik: Gaur egungo liburu ekologikoetan argi ikusten da. Adibidez, Euskal Herrian, idazleak literatura-lanetan muga politikoak markatzen dituztenean.
- Ideologia pasiboa: etengabe ageri den mezua da. Adibidez, Disneyk igortzen duen diruaren kultura ari gara jasotzen, estatubatuarren bizimodu-eredua jasotzen ari gara. Mezu hau India, Euskal Herria edo Egipton ere jasotzen dugu.
Emakumearen irudia adibide garbia da. AEBko emakumeen erdiak baino gehiagok lan egiten dute etxetik kanpo, baina bertako haur eta gazteentzako literatura-liburuetan hori ez da agertzen; emakumea etxekoandre soila da, eta gizonen eskuetan dago. Ideologia-mezu hauen aurrean, haurrari bere herriko literatura azaldu behar zaio. Egiptoko haurrei, adibidez, herri arabiarreko kultura. Gure kulturan, literaturan, etxeko lanak emakumeen kontua dira. Badirudi Euskal Herri osoan emakume gutxik lan egiten duela etxetik kanpo, lan garrantzitsuenak gizonezkoek egiten dituztela.
Liburuak irakurtzean, ez gara ohartzen; haurrek ez dute ezer berezirik nabaritzen, eta ni ez nau harritzen, normaltzat hartzen baitugu. 80ko hamarkadan, eztabaida zabal bat sortu zen literatura tradizionalaren inguruan. Batzuentzat, ipuin klasiko hauek karga ideologiko handia dute: bai politikoki, klase-banaketarekin (esaterako, erregeena), bai gizarte-mailan, emakumeen paperarekin. Kritiko hauen ustez, ipuin hauek oso matxistak dira. Baina alde onak ere aipatzen dituzte. Zenbait balio transmititzen dituzte: laguntzea, elkarrekin lan egitea…
Haur Literaturaren Estetika
Haurrak dauzkan eskemetatik abiatuta, sortzen diren esperientzien berrantolaketan, gainditutako zailtasunaren ondorioz, plazera, atsegina sentituko du. Mezuaren eta hartzailearen arteko harremana ez da sortzen testutik irakurlearengana; irakurlea da ekintza dinamiko horren bidez testua moldatzen eta barneratzen duena, atsegingarri bilakatuz.
Adibidez, Mari Xor-en ipuina dugu. Hizkuntzalariek egokitasunaren teoria azaltzeko erabiltzen duten bitartean, guk herri-ipuin horretan atsegina eta entretenigarritasuna bilatzen ditugu. Literatur testua fikzioa da, ez errealitatea, instituzio sortzailea. Testuaren errealitatea berak sortutakoa da, errealitatearen aurreko errealitatea. Irakurlearen esperientziaren arabera, ezagututako mundua bestelako itxuraz azal daiteke. Egokitasun horren ezak gehituko du indeterminazioa testuan.
Fikzio-testua ezin da eguneroko bizitzaz parekatu. Fikzioak laguntzen dio irakurleari esperientziak eraikitzen. Irakurleak, testuak irakurriz eta testuan ez dagoena (hutsuneak) osatuz, irakurriz eraikiko du fikzioa. Literatur testuak irakurlearen irudimena harrapatu behar du, ekintza aktibo eta sortzailea izanik. Sormena laburra edo luzea izan daiteke irakurlearentzat, baina sekula ez aspergarria eta nekagarria; bestela, honek irakurtzeari uztea ekarriko du. Haurrekin askotan gertatzen da; testu desegoki, aspergarri… ez dute haurren interesik pizten.
Beste arazo bat da haurren ulermen-gaitasun ezaren aitzakian, sarritan, poetikotasuna baztertu egiten dela testuetan, hizkera estandar eta argiaren alde jokatuz. Literatur lanek bi mutur dituzte: artistikoa eta estetikoa. Lehena idazleak sorturikoa izango litzateke, eta estetikoa, irakurketak eginiko konkrezioa. Konkrezio horretan, haurrak gaitasuna izan behar du, edo ezagutu behar ditu, literatur egitura, gaiak eta historiari eta gizarteari buruzko aipamenak.
Haurraren harreran, informazio berria jasotzean, lehendik duenaren berrantolatze-prozesua gertatzen da. Haurrak informazio berria bereganatzen du eta dituen eskemak garatzen ditu. Irakurlea aktiboa da, mezuaren sormenean eta ulermenean parte hartzen du. Hau poetikoaren eta estetikoaren eraginez atsegingarria zaio irakurleari, haurrari. Literaturaren plazera eta une atsegina erabili izan da, eta erabiltzen da, heziketan hain atsegina ez den irakaskuntza-mailako helburuak lortzeko.
Haur Literatura Definizioa
Haurrentzat eginiko literatura da, edo, haurrentzat egin gabe ere, haurrentzat egokia kontsideratzen dugun material literarioa. Niretzat, bada haur-literaturarik, bada haurrentzat propioa den literaturarik, literatura hitzaren zentzu osoa kontserbatuz. Haurrak bere egiten dituen ahozko edo idatzizko hitzezko adierazpeneko obra estetikoak lirateke haur-literaturari dagozkion obrak.
Beraz, hemen literaturaren kontzepzio orokorra dugu:
- Literatura adierazpena da.
- Adierazpen hori hitzezkoa da, hitzez ematen da.
- Hitz hori, ahoz nahiz idatziz gertatzen da.
- Adierazpen hori obra batean gauzatzen da.
- Obra horrek maila estetiko bat behar du.
- Haurrentzat propioa izatea.
Beraz, literatura horren xedea, literatura horrek aurkitu nahi zuen irakurlea zuzenean haurra izan ala ez, berdin da; arazoa ez dago autorearengan, haurrarengan baizik, irakurlearengan. Haurrak onartzen du, edo ez du onartzen, obra. Sarritan, nahiz eta egileak jende helduarentzat idatzi, haurrak bere egiten ditu literaturaren historian zehar agertzen diren zenbait obra.
Herman Melville-k ez zuen gazteentzat idatzi bere Moby Dick. Kasu honetan, obrak moldatuak dira. Moby Dick liburu originalak 600 orrialde inguru ditu. Egin dena da gaztetxo baten irudimenean oztopagarriak liratekeen pasarteak kendu, eta liburuaren mami literario interesgarriena eskaini. Arazoa da liburu originalari indar literarioa kentzen diola.
Haur Literaturaren Historia: Hasieratik 1940ra
Literaturaren historiak, ekonomia, gizarte-aldaketa, politika, asmakuntza… izan dute eragina HGLren garapenean. Asmakuntza garrantzitsuena inprentarena izan zen. Gutenbergek asmatu zuen, eta literatura-esparrua zabaldu zuen, iraultza sortuz irakurle eta argitalpen aldetik. 1641-45 urtean argitaratu zen lehen haur-liburua Ameriketan: Esnea Haurrentzat, John Cottonek idatzia.
Hasieran, haur-liburuek helburu hezitzaile eta moralizatzaile argia zuten. 1668an, La Fontaineren Fables liburua argitaratu zen. Euskaraz, haurrentzat eginiko lehen literatur liburua Bizenta Mogel-en Ipui Onac izan zen, Esoporen alegi-bilduma bat. Alegia ez zuen La Fontainek asmatu, baina berpiztu egin zuen bere bildumaren bidez. Alegiak istorio moralak dira: entretenigarriak, baina irakaspenez hornitutako irakurgaiak. Euskaraz, haurrentzat idatzitako lehenengo bost liburutik hiru alegiak dira.
XVII. mende-amaiera aldera, moda bitxi bat sortu zen: maitagarrien ipuinen moda. Haurrentzako egokiak izan zitezkeen ipuinak, baina baita amodio ezkutu edo intrigazko istorioak ere. Hemen, Perrault-en benetako meritua ahozko tradizioan zeuden zenbait kontu literatur tradizioara pasatzea izan zen.
XVIII. mendea, iraultzaren mendea, Ingalaterratik etorritako aldaketak nabarmenak izan ziren haur eta gazte literaturarako. Mende hau arte, ez da inoiz presente egon haurra idazlearen asmoan, Comenius-enean izan ezik, baina honena irakas-liburua zen. Mende erdi aldera, aldaketa nabarmena gertatu zen. John Locke-k haurren heziketari buruzko gogoetak plazaratu zituen; haurrei gustuko eta beren gaitasunaren araberako testuak eman behar zitzaizkiela defendatzen zuen; haurren heziketan, zigorra baztertu, eta jolasaren aldeko jarrera eta irakurketa azaldu zituen. John Newbery haurrentzako liburuak argitaratzen hasi zen. Zalantzarik gabe, bera izan zen lehenengo haur-liburu argitaratzailea. Haur-liburugintzan oinarriak eraikitzen hasi zen. Bera izan zen lehen haur-aldizkariaren egilea. Haur-liburugintzaren aita dugu. Berak eraiki zuen industria bat haur-liburugintzaren inguruan.
Beste filosofo batek ere eragin handia izan zuen: Rousseau, bere Emilio liburuan. Berrikuntza handiak ekarri zituen pedagogiaren mundura eta filosofiaren mundura, haurtzaroaren ikuspegi berria ekarriz. Rousseauren didaktismoak muturreko jarrerak eragin zituen haurrentzako liburuetan. Ibilaldiak natura aztertzeko, marrubiak aritmetikarako osagai gisa… Baina didaktismo horrek literaturarekin ere izan zuen harremanik, eta harekiko ondorioak: alegiak. XVIII. mendearen bigarren erdian, Samaniegoren alegi moralak ditugu didaktismo horren adibide. Eskaintzan argi gelditzen da alegi horien helburu hezitzailea.
XVIII. mende-amaiera aldera, didaktismoak eta helburu moralizatzaileak markatzen zuten haurrentzako liburugintza. Euskal Herrian, XIX. mendeak aldaketa nabarmenak ekarri zituen, eta mendearekin batera etorri zitzaizkigun haurrentzako lehen liburuak. 1804an, Bizenta Mogelek Ipui Onac argitaratu zuen, euskaraz haurrentzat idatzitako lehen liburu literatur didaktikoa, gaztetxoentzat egindakoa.
Euskal Herrian, Iturriaga dugu lehen pedagogoa, XIX. mende-hasieran. Euskararen eta gaztelaniaren arteko hizkuntza-borrokari dagokionez, bi hizkuntzak ikastearen eta lantzearen beharra aipatu zuen, eta horregatik saiatu zen bi hizkuntzetan izan zezaten haurrek zer irakurri. Samaniegoren 55 alegi hartu eta euskal metrikan euskaratu zituen.
Kanpoan, ipuin, nobela… haurrentzako literaturaren oinarriak eraikitzen ari ziren bitartean, Euskal Herrian liburu erlijioso eta didaktikoekin jarraitu zuten. Didaktismoa, alegien erabilera hezitzailea, kontuan hartu zuen Goyhetchek La Fontaineren lanen artean aukeraketa bat burutu zuenean.
XIX. mendearen azken laurdena oso aberatsa izan zen erdal literatur produkzioan. Euskal Herrian, foruak desagertu ziren, eta literatura erromantikoa sortzear zegoen Hegoaldean, baina tartean bazen figura berezi bat: Webster. Euskal Herrian hiru urte besterik ez zeramatzala hasi zen alegiak jasotzen. Ugariak dira lanak euskal kulturan. Herri-ipuinak biltzen zituen liburua izan zen bere lanik interesgarriena.
Garai horretako idazleen eragina XX. mendeko lehen herenean ere mantendu zen. Loratze literario horretako erdal idazle garrantzitsuenen lanak markatu zuen geroko euskal literatura. Baina XIX. mende-bukaeran ere nabaria zen idazle hauen ondorioa.
XX. mendean ez zen erabateko aldaketa gertatu euskal literaturan, baina badira hainbat faktore eboluzio bat izan zela erakusten dutenak. Errenazimendua. XIX. mendean ezer gutxi zegoen euskal letretan; mende horren bukaera aldera hasi omen zen euskal literatura, eta argitaratutako lan apurrek ez zuten behar adinako kalitaterik. XX. mendearen lehen urteetan, urrats batzuk eman ziren, eta gerra aurretik, modernitateaz hitz egin daiteke euskal idazle batzuen lana komentatzerakoan. Mitxelenak XIX. mendeko giroa kritikatzen zuen bezala, mendeen arteko zubi horretan ikusten du aldaketa nabarmena. Aldaketa horretan, pisu handia izan zuten aldizkariek, idazleen lanak plazaratzeko tokia eskaintzeaz gain, irakurleak sortzeko lehen urratsa izan baitziren. 1897an, Azkuek Euskalzale aldizkaria sortu zuen, eta, ondoren, Ibaizabal.
Baina literaturan benetako aldaketa idazleen eskutik etorri zen, idazleen abertzale-sentimendutik. Sabino Aranaren ideologia zabaltzen zen neurrian, hizkuntzarekiko kezka indartuz joan zen hainbat herritarrengan, eta batzuk sentimendu horren ondorioz, eta beste batzuk literaturtasunak bultzatuta, euskal literatur lanen corpus zabal samarra osatzera iritsi ziren; zabala, kantitatean eta kalitatean. Haur-liburuetan ere aldaketa nabarmena eman zen: kantitatearena. Lehenengo ikastolak, haurraren heziketa, sentimendu nazionalistaren eta erlijioaren apologia, argitaletxe batzuen sorrera… Liburu erlijioso eta moralizatzaileak ziren nagusienak, eta hizkuntzaren eta herriaren aldeko mezu nazionalistak zabaltzen zituztenak.
Euskal Herrian, haur-liburugintzaren bultzada nabarmena izan genuen XX. mende-hasieran, haurrak ideologikoki hezi nahian.