Haurraren Garapena: Mugimendua eta Emozioak
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 21,52 KB
Zer da mugimendua?
- Bizitza psikikoaren froga.
- Espazioan lekualdaketa.
- Jardueraren euskarria.
Zenbat forma ditu mugimenduak?
Pasiboa:
Kanpo-indarren menpekoa da; garrantzitsuena grabitatea da. Umeak konpentsatzeko edo berriz orekatzeko bigarren mailako erreakzioak baino ezin ditu sortu. Ornodunen segidan aspaldi-aspaldikoa den aparatu batek erregulatzen ditu mugimendu horiek, eta jaio aurretik ere ikus daitezke gizakiarengan.
Lekualdatze aktiboa:
Guk geuk gure gorputza kanpoko munduan mugitzea (lokomozioa) edo guk geuk objektuak mugitzea (oratzea).
Gorputz-atalak bereiztea:
Jarrera-erreakzioak dira. Hots, gure gorputzaz kontziente izatea.
Zein da mugimenduaren organoa eta bere funtzioak?
Muskulatura ildaskatua:
- Funtzio klonikoa: Muskulua aldi berean uzkurtzea edo luzatzea, gorputz-atalaren lekualdatzea eta mugitzea dakarrena.
- Funtzio tonikoa: Muskuluan dena delako tentsio-maila mantentzea.
Zer da tonu muskularra? Zeri dago lotua?
Muskuluan dena delako tentsio-maila bat mantentzen duena da. Tonua da mugimendua gelditzen denean mugimenduak muskuluari emandako forma mantentzen duena.
Tonuak mugimenduari laguntzen dio, aurkitutako erresistentzien araberako ahaleginari eusteko, baina mugimendutik bereizi eta jarrera egonkorra, hau da, gelditasuna, bihur daiteke.
Tonuak jarrerak osatzen dituen bilbea da, eta jarrerak alde batetik moldatzeari edo hautemate itxaroteari daude lotuta, eta bestalde bizitza psikikoari.
Zelakoa da jaioberriaren mugimendua?
Jaioberriaren mugimenduek muskulu-energiaren deskarga ez-eraginkor hutsak dirudite: mugimendu horietan egoki konbinatu gabe nahasten dira erreakzio toniko eta klonikoak, espasmoak eta koordinaziorik gabeko keinuen bat-bateko etenak, eta une horretan inolako baliorik ez duten automatismoak.
Nola bilakatzen da haur-mugimendua emozioen aldian?
Umeen premiek, ongizate- edo nahiez-egoerek eragiten dute astintze hori guztia. Ingurunerako umearen egoeraren seinaleak dira, eta horren ondorioz beraren aldeko esku-hartzea sortarazten du. Halatan, umearen eskakizunen eta inguruabarren arabera, gero eta lotura zehatzagoa ezarriko da.
Gauzak horrela, umearentzat lehen adierazpen erabilgarria adierazpen-keinuak izango dira; oraindik ez da ekintzen bidez berarentzat funtsezkoak diren gauzak eskuratzeko gai.
Zer dira emozioak?
Adierazpide afektibo hutsa da. Emozioak adierazpenerako joera du, abian jartzen dituen jarreren eta planten ondorioz.
Zerekin du zerikusia Wallonen "aldi" kontzeptuak?
Ez giza garapenaren denbora-tarte zehatz bati esklusiboki lotuta dagoelako, baizik eta tarte horretan ingurunearekiko harreman mota zehatz bat gauzatzen delako.
Nola bilakatzen da haur-mugimendua aldi sentsoriomotorrean?
Mugimenduaren eta haren ageriko eraginen arteko lotura estuagoa adierazten dute, zentzumen-datuak hobeto ezagutzea, eta kanpoko objektuek eragindako estimulazioak zehatzago eta bereiziago barneratzea dakarrena.
Zer da erreakzio zirkularra?
Jarduera zirkularra da; batzuetan nahigabekoa den mugimendu baten eraginaz oharturik, umeak errepikatu egiten duelako, beraien harremanak eta geroago elkarren arteko aldaketak egiaztatu nahi izango balitu bezala. Umeak nahigabe tolesten du hanka eta gero berriz ere egiten du.
Zein maila garatzen ditu jarduera sentsoriomotorrak?
Subjektiboa:
Eskua zorizko mugimendu baten ondorioz ikus-eremuan sartu eta begirada erakartzen duenean; begiradak, orduan, adi-adi jarraituko ditu eskuaren mugimendu eta geldialdiak.
Objektiboa:
Begiradak zuzenduko du eskua, eta inguruko objektuetarantz bideratuko du. Hasieran, gogo-keinuak izaten dira, eta noiz edo noiz alaitasun- edo ezinegon-keinuak. Geroago, ordea, presio-ekintza ukaezina da. Umeak bi eskuak luzatzen ditu objekturantz, biak batera, orokorrean, eta zehaztasunik gabe oratzen du. Oratze-ekintza ukitzea bihurtzen da, eta manipulazioa. Hortik aurrera ekintza konbinatuak egiten hasiko da, esku bat nagusia.
Proiektiboa:
Adimen-adierazpenen laguntzailea bihurtuko da, horien euskarri dinamiko edo deskribatzaileaz baliatuko da; oraindik unean uneko inpresioek menderatu eta hein handiagoan edo txikiagoan elkarketen jokoari itxita dagoen kontzientziari inposatzeko baliabide bat eraikiko du. “Aldi proiektiboa” da.
Nola bilakatzen da imitazioa lehen haurtzaroan?
Umeak keinuren bat egin, norbaitek bere aurrean errepikatu eta umeak berriz erreproduzitzea izaten da.
Norbaitek keinua haurraren aurrean egiten du eta honek errepikatzen du.
Maila are altuagoan, eredua ez dator unean uneko estimulazioaren eraginaren ondoriozko pertzepzio-bide hutsetik. Umeak nahi duelako egiten du.
Zelakoa da Sternen "eremu hurbila" eta "eremu lokomotorra"?
Umeek ibiltzen hasi aurretik, eremu hurbila deitu dion horretara mugatzen direla dio; alegia, besoaren luzeraren tamainako eremuari. Aurrerantzean, ordea, umeak berak neur ditzake tarteak, norabideak alda ditzake, ingurua alda dezake, eta horien guztien artean jarraitutasuna ezar dezake.
Eremu lokomotorra, espazioak bertan dauden objektuen haratagoko errealitatea da, hau da, umeak ibiliaz bere inguruneko espazioan topa ditzakeen objektuak edo errealitate berria.
Nolakoa da hitz egitearen hasierako bilakaera?
Hitzari dagokionez, entzumen-kinestesiaren alderdia bigarren mailara igarotzen da, oraindik funtsezkoa den arren. Aurrerantzean, hizkuntzaren alderdiak izango du ezinbesteko garrantzia garapen psikikoan, aurrerantzean berak jasaten duelako adimen-faktoreen eraginik handiena.
Zergatik da garrantzitsua mugimendua umearen garapenean?
Mugimenduak ez du soilik eragiten umearen garapen psikikoan eta gainerakoekiko harremanetan; aldiz, beraren ohiko jokabidean ere eragiten du. Umearen izaeraren funtsezko faktorea da.
Zein erreflexu berezi aipatzen ditu Wallonek ohikoez gain?
Erreflexu zerbikalak (burua altxatu) eta labirintokoak (burua mugitu) desagertzen dira jaiotzean, orientazioko (estimulu batera burua mugitu) eta ikerketa (estimulu bat ikertzera bultzatu) erreflexuak. Mundua deskubritzera bultzatzen dute.
Zergatik behar du umetxoak heldua beste kumeek baino gehiago?
Jaiotzean, haur txikiak ez du heldutasun nahikoa inguruan dituen gauzetan eragiteko. Hau da, ez du hori egiteko baliabiderik. Beraz, bere premiak eta desioak inguruko pertsonen bitartez (helduak) lortu behar izaten ditu. Emozioei eta mugimenduei esker, haurrak premia eta desio horiek helduari jakinarazten dizkio.
Nola asetzen ditu umetxoak bere beharrizanak eta nahiak?
Umeak premia eta desioak ditu, inguruko pertsonen bitartez lortzen dituenak. Hain zuzen, premia eta desio horiek jakinaraztea da beraren lehen jardun eraginkorra eta une horretako gaitasun psikiko guztiak norabide horretara bideratuko ditu.
Zein faktore psikobiologikoren arabera egokitzen da jaioberria?
Jaiotzetik berez mugitzeko ahalmena izan arren, ez da gai leku aldatzeko.
- Mugimendu begetatiboak: digestioa, bihotzaren mugimenduak… Naturalki, ez ikasi.
- Bizitza sozialerako eta premiak asebetetzen lagunduko dizkiotenak: bere premiak adieraziko ditu, heldu batek hori asetzen laguntzeko. Hauek muskulatura ildaskatuarekin egiten ditu.
Zein da emozioen sorrera?
Kili-kili tonikoa: Emozio primitiboak kanpo-eszitazioen ondorio hutsak dira eta haiekin sortu eta desagertzen da.
Non eta noiz sortzen dira emozioak?
Aponeurosietan eta muskulu-txertatzeetan ugariak diren inguruetan, adibidez toraxaren alboetan. Hau 6 edo 7 hilabeteekin agertzen da.
Zein da emozioen mekanismoa? Nola azaltzen da?
Haur bat kanpoko eragileren batek eszitatu eta momentu bat pasatu ostean, eszitazio horrek anplifikazioa agertzen du, sentsibilitate organikoen eta jarduera tonikoen arteko elkarrekikotasunagatik.
- Lehen: Eszitazioaren ondorioz jaiotako espasmoek eszitazio handiagoa eragiten dute, eta espasmo handiago baten sorburu bihurtzen dira.
- Bigarren: Emozioak aparatu motore osora inbaditu eta bere ahalmena gainditu ondoren, moduren batean deskargatu egin behar da: barre-zirrarak.
- Azken: Eszitazio tonikoek jarraituz gero, eraginak eskeleto-muskuluetatik erraietako muskuluetara hedatzen dira, negar-malkoak agertuz.
Zer partekatzen dute emozio guztiek?
Emozio guztiek komunean dutena tonu muskularra da, eta tonua sortzeko, kontsumitzeko eta mantentzeko modura mugatu daitezkeela da.
Zer da plazerra eta alaitasuna?
Emozioak dira.
Plazerra:
Fereka edo laztanen ondorioa da. Ageriko zein espasmo intimoak likidatzea eragiten du eta geroko pizgarria izan daiteke:
- Sentsoriala (fisikoa)
- Morala (psikikoa)
Alaitasuna:
Muturreko emozioa da. Tonuaren eta mugimenduaren arteko oreka zehatz baten eta bien elkarrekiko ekintzaren ondorioa da. Bi alaitasun mota daude:
- Pasiboa: harmonia goxoa eta inpultsorik gabekoa.
- Aktiboa: keinuen eta intentsitatearen arteko lehia ematen denean.
Zer da haserrea? Zerk sortarazten du? Nola ebazten da?
Haserrea lehen mailako emozioa da. Eszitazioak likidatzeko aukerak gainditzen dituenean sortzen da. Larregizko fereken plazerra amorrua, asaldura edo sumina bihurtzen da eta muskuluen (muskulatura ildaskatuaren) hipertonia eragiten du.
Amorrua inguru pertsonaleko harremanek sorrarazten dute: besteen nortasunek, beste pertsonen jarrerek eta egoerak gainditzen duenean.
Haserrea mugimenduen bitartez ebatzi daiteke, baina mugimendu horiek jarrera erasokorra dute, gauza bizigabe eta soraioetara bidera daitekeena.
Zer da larritasuna? Nola sortu eta bilakatzen da?
Ezinegon intimoa da, pixkanaka harreman-bizitzari dagokion kanpoko eraginekiko axolagabetasunera eta sentikortasun ezara eramaten duena. Plazerraren aurkakoa da.
Eszitazioa ebatziz gero, plazerra sortzen da, baina ebazten ez bada, sufrimendua. Asperdura, anestesia morala, algofilia (mina bilatzea) eta onanismoa ere aipatzen dira.
Zer da beldurra? Zein ezaugarri ditu?
Beldurra aurreikuspena eta gure jarrerak gainditzen dituzten ustekabeko egoeren ondorioz datorren emozioa da, muskulatura ildaskatuan hipertonia dakarrena. Jarrera hartu eta oreka berreskuratzeko ezintasunari lotuta agertzen da, eta askotan, espazioko ezinbesteko euskarrien desagerpenagatik ematen da.
Ustekabea estimulagarria ere izan daiteke, automatismo baliagarriak eragiten ditu. Une horretan beldurraren adierazpenak eta kontzientzia desagertu egiten dira. Emozioa automatismoari gailentzen zaionean, mugimenduak nahasi egiten dira, baina arrazoia ez dago hipertonian, hipotonian baizik. Muskuluen lasaitasunak eta dardarak ez diote uzten keinu edo jarrera egoki baten bidez eragin horri aurre egiten.
Zer da herabetasuna eta eite-erreakzioa?
Herabetasuna eta eitea, beldurrarekin antzekotasunak dituzte.
Herabetasuna:
Pertsonen aurrean ageri den beldurra da (lotsa), Ni-a gainerakoen aurrean jartzean agertzen den beldurra hain zuzen ere, eta eite-erreakzioei zuzenean lotuta dago.
Eitea:
Pertsona batek besteen aurrean islatzen duena, nahi ala nahi ez. Besteen presentziak eragiten dituen erreakzioak dira. Beste pertsonak arrisku-iturri ikusteak eragiten du.
Zein domeinutatik datoz emozioak?
Emozioen jatorriaren domeinua jarrera-jarduera dela zehaztu ondoren, emozioek bizitza psikikoan duten rola aztertzea falta da. Izan ere, orientabide propioa eskaintzen diote, jarrerari lotutako guztiarekin nahasten direlako; hau da, tonikoa den guztiarekin nahasten direlako, Sherringtonek egindako definizio zabalean: horren baitan, jarrera-funtzioen artean sartzen dira erraietako kontrakzio guztiak, izaera tonikoa duten kontrakzioak direlako.
Horrelaxe da, erreakzio organikoek eta batez ere zirkulazio-aparatuaren, digestio-hodiaren, maskuriaren, zuntz leunak dituzten errai guztien uzkurtze-jarduerek parte-hartze garrantzitsua dute emozioen mekanismoan; hain zuzen, jokabideen eta orekaren muskulu-aparatuan tonu-aldaketek duten parte-hartzearen parekoa. Alabaina, jarreren euren bidez, emozio bakoitzak bere berezitasun eta esanahi psikikoa eskuratzen du.
Zer egiten du tonu muskularrak?
- Aurkitutako erresistentzien arabera mugimenduari laguntzen dio bere ahaleginari eusteko.
- Mugimendua amaitu ondoren, muskuluei emandako forma mantentzen du.
- Jarrera egonkorrean edo gelditasunean bilakatzen da.
- Mugimendua egonez gero, gorputz-atal bakoitzaren orekaren bidez, euskarria ziurtatzen du, etapaz etapa mugimenduaren bilakaerari eusten dio, oztopoekiko erresistentzia dosifikatzen du eta une egokian bultzada izateko prestatzen du.
Tonua mugimendu hutsetik bereizi da, egonkortasun, malgutasun, indar, aniztasun eta prezisio handiagoa emateko. Baina aldi berean, berari aurka egiteko gaitasuna ere garatu du, haren ordez jarrera bat ezarriz: gelditasun ez pasiboa, guztiz aktiboa baizik.
Nola erlazionatzen dira jarrera eta errepresentazioa?
Irudikapen bat sortzean parte hartzen dute nozioak eta teknikak, eta horiek guztiak zibilizazio-maila bat eta gizarte-bizitza eskatzen dute. Umeengan gauzek eragiten dioten jarrerekiko menpekotasunean sortzen dela gauza horien pertzepzioa. Hasiera batean, bere jarreren bidez hartzen du kanpoko errealitateen kontzientzia.
Emozioak, euretariko bakoitzari dagokion jarrera bereziaren bidez faktore afektiboari txertatzen zaion forma bereizia diren heinean, emozioek eurek txertatzen dituzte kontzientzia-motiboak pertsonaren jokabidean. Hau da, jatorrian, organismoaren beraren disposizioek eragindako modelatua da; funtsean, jarduera propiozeptiboa da, jarrera-funtzioetatik eratorria da. Hain zuzen, duela gutxira arte ezagutzen ez ziren jarrera-funtzioetatik. Emozioak jarrera-funtzioen gauzatze mentala dira; kontzientzia-inpresioak eskuratzen dituzte haietatik.
Zergatik gara gizakiok genetikoki sozialak?
Gizarte-giroa ingurune naturalari gainjartzen zaiolako, gizaki soziala eta fisiologikoa bat egiten dira. Jaio bezain laster, bestearen presentziaren beharra daukagu gizakiok, gure behar fisiologikoak gauzatu ahal izateko. Gizakiak funtzio horien bitartez, emozioak garatzen ditu eta horiei esker, norberaren bizipenen irudikapen antolatua sortzen du.
Zein da emozioen zeregina bizi sozialean?
Taldearen barruan lortzen duten erreakzio, jarrera eta sentimenduek kohesioa ematea, elkarrekiko parte-hartzea egotea eta bakoitzak bestea ulertzea. Bere kabuz bizi irauteko (premiak eta betebeharrak asetzeko) gai ez den haur jaioberriari laguntzea. Jaioberriak adierazpen-keinuak egingo ditu emozioei esker, besteei beharrak erakusteko.
Harremanik ba al dago bizitza intelektualaren eta sozialaren artean?
Bizitza intelektualak gizarte-bizitza eskatzen du. Beraren ezinbesteko tresnek, hala nola hizkuntzak, giza ingurunea izatea eskatzen dute, ingurune hori derrigorrezkoa izan baita guztiok tresna erkideak izateko.
Hasierako baldintzen artean dago emozioen bizitza, norbanakoen arteko kontzientzia-harremanen lehen ingurunea delako. Emozioarekin sortzen da jarduera; eta jarduera hori ez da dagoeneko ingurunearen estimuluei organismoak zuzenean ematen dien erantzuna, kanpoko egoerek bultzatuta, aparatu psikomotorearen egitura plastikoa baizik.
Inguruabarren aniztasunaren ondorioz, orotariko jarrera-sistemetan eta buruko gauzatzeetan bereizten den heinean, adierazpen-jardueraren abiapuntuan dago, eta ez da zentzumenen jarduera soilarekin nahasi behar. Izan ere, eskema-, sinbolo-, irudi- eta ideia-eskemen arteko bereiztasun multzoa gainjartzen dio, errealaren aurrean jarrera hartzearen premiak bultzatuta.
Lehen sei hilabetetan, nolakoa da umetxoaren jarduera?
Umearen lehen imintzioak ekintza dinamogenikoak dira, hau da, muskulu eta ehunen energia ekoitzen duten ekintzak dira, kanpo-modua helburutzat ez dutenak. Gorputz-enborraren, besoen eta hanken uzkurdura eta astindurak dira, eszitazioak iraunez gero, errai- eta arnas-espasmo eta oihu bihur daitezkeenak.
Etapa honetan dagoen haur baten lehen ikasketa motorra orekaren ikastea da, eta horri esker, gorputz-atalen mugimenduak beraien artean konbinatzera eta ikertzera ekintza-baliabideak garatzera iritsiko da haurra.
Zein harreman dago sentikortasunaren eta mugimenaren artean?
Sentikortasunaren eta mugimenduaren artean menpekotasun estua dago. Sentikortasunari mugimendua zuzentzea edo gidatzea dagokio, baina haren premia du zehaztu, definitu eta esanahi objektiboa eskuratzeko. Mugimendu bat egiten dugunean sentitzen dugunak mugimendu horrekiko jarrera baldintzatuko du.
Zein modu daude sentikortasuna objektibatzeko?
Defentsa-erreflexuak eta erreakzio afektiboak:
Eszitazioa bera areagotu eta zabalera lauso eta sakon antzeko batean hedatzen dituen uzkurdurak eragingo ditu. (Defentsa-erreflexuak: ihes egitea, borroka, haserrea eta beldurra batez ere).
Erreakzio/jarduera zirkularra:
Eszitazioa zehazten duen muskulu-doikuntza bat da. Inpaktu-puntura bideratutako keinu zehatz batzuk, haren egokitzapena eta kausa egiaztatzeko asmoz.
Zein sentikortasunetik abiatzen da umearen objektibazio-lana?
Umearen objektibazio-lana sentikortasun organikotik abiatzen da, hau da, norbere gorputzetik.
Umearen nahien edo beharren abiapuntua delako, hau da, errealitate hurbilena eta zehatzena da. Txikiak izanda, ez dute erantzuteko beste estrategiarik.
Nola garatzen da ingurunearekiko sentikortasuna?
- Eskuak eta kontaktua
- Ezpainak eta mingaina
- Soinuak
- Jabetze fonetikoak
- Datu bisualak
Zein eta nolakoak dira Sternen proposatutako espazioak?
Aho-espazioa:
Ahoa ondo koordinatutako sistema sentsoriomotorren egoitza bakarra da. Beraz, umeak ingurunea ezagutzeko beharrezkoa du.
Espazio hurbila:
Besoaren luzeraren tamaina hartzen duen eremua da. Begiradak eskua jarraituko du. Inpresio bisualak antolatuko dira eta eskuak gauzak miatzea eragingo du.
Espazio lokomotorra:
Umeak bere mugimenduei esker ebatzi duen eremua da, landa-eremua bihurtuko da. Umearen jarduerari irekita dagoen eremua da. Kasu honetan, espazioko lekualdaketa emango da. Haurraren espazioarekiko perspektiba aldatzen joango da.
Nola gertatzen da datu sentsorialen batzea?
Objektua subjektuarekiko kanporatze horretan, ikusmenak garrantzi handia du; izan ere, inpresio guztietatik hortik datozenak dira subjektuaren jardueraren, muskulu-ahaleginaren inpresioen eragin txikiena jasaten dutena. Haien eginkizuna zentzumenen arteko harremanetarako moneta eskaintzea da, harremanak direlako funtsezkoak.
Zer da jarduera sentsoriomotorra? Nola garatzen da?
Jarduera sentsoriomotorra kanpoko munduaren gaineko ekintza da, kontrako bi norabideetan gertatzen dena. Alde batetik, automatismoak daude, eta beste aldetik, egoera berrietara egokitzeko jokabideak. Azken hauek asmatzeko haurrak gaitasun minimo bat behar du.
Zer da automatismoa? Nola gauzatzen da?
Automatismoa egoera aldakor etengabeetara egokitzen den mugimendu-sistema moldakor eta malgua da. Aurretik dauden mugimenduak desagertzea dakar, gauzatzen ari den ekintzak eskatzen dituen konbinazioak soilik erabiltzeko asmoz.
Ekintza hauek hasiera batean, pentsatuz eta nahita egiten ditugu, hau da, besteengandik jasotakoagatik egiten ditugu, baina behin barneratuta nahigabe irteten zaizkigu; hala nola, ibiltzea.
Nola ikasten da automatismo bat? Zein alde dago naturalen eta artifizialen artean?
Hasteko, egin beharreko keinua, mugimendua... ikusi behar da, hau da, irudi bisual bat egon behar da. Ondoren, ekintza hori norberak egingo du edo saiatuko da. Askotan, mugimendua egin ondoren, ekintza barneratu eta azkenean, pentsatu gabe egitea lortuko du.
Automatismo naturalak espeziearenak dira, hau da, gizaki guztiok ikasten ditugunak; esate baterako, ibiltzea, oratzea... Artifizialak aldiz, ikasteko teknika ezberdinei esker barneratzen dira eta ez ditugu gizaki guztiok ikasten; hala nola, dantza, idaztea...
Zein da automatismoaren azken emaitza?
Automatismoaren azken emaitza objektuarekin bat egitea da; hau da, norbanakoak jarduten duen gauzekin bat egiten du. Kanpoko mundua eta norbanakoaren munduaren arteko mugak ezabatu egiten dira.
Nola eraikitzen da kanpoko mundua?
Objektuaren parte-hartzea:
Umearen ekintzak objektuaren ezaugarriekin zerikusia izango dute.
Subjektuaren jarduna objektuari transferitzea:
Gauzak euren indibidualtasunaren erresistentzia egiten hastean, indibidualtasun hori bere jardueraren sentimendura transferitzen da. Objektuaren gainean ezarritako indarra desberdin banatuta imajinatzen du.
Jarduera espazioan osatu edo integratzea:
Aurrera eginiko jarduera, espazioan integratu beharko da.
Dimentsioak eta orientazioak espazioan:
Espazioaren dimentsio eta orientazioak barneratu.
Zein harreman dago ariketaren eta heltzearen artean?
Kanpoko munduaren gaineko jardueraren gainean (sentsazioak eta mugimenduak) egiturak gainjartzen dira, garapenean gero eta konplexuagoak diren multzoetan ordenatuz.
- Nerbio-heldutasunarekin loturik.
- Ariketa hutsak ezin ditu ordezkatu.
- Pentsamendu eta hizkuntzaren baldintza.
Umea hazten doan heinean, heltzen joango da, hau da, nerbio-sistema garatuz joango da. Ondorioz, ikasi egingo du, eta hori testuinguruaren laguntzari esker izango da.