Haurren Dolua: Gurasoentzako Gida Praktikoa

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,23 KB

Haurren Dolua: Gurasoentzako Gida

Haurren dolua ulertzea eta kudeatzea funtsezkoa da. Guraso gisa, gogoan izan haurrari lagundu baino lehen, zeure buruari lagundu behar diozula. Dolua zuk ere bizi duzu. Galerei aurre egiteko moduaz gogoetarik egin ez baduzu, zaila izango zaizu semealabei laguntzea.

Saihestu Beharreko Esaldiak

Ez esan:

  • "Ez kezkatu, luze bizi izan da."
  • "Ez kezkatu, orain ez du sufritzen."
  • "Ez kezkatu, leku hobean dago."

Esaldi hauek sentitzen dugunaren guztiz aurkakoak direlako. Gertaera triste, mingarri edo negatiboen aurrean tristura, samina eta sentipen negatiboak izatea bidezkoa eta osasungarria da.

Dolua Kudeatzeko Oinarrizko Aholkuak

  • Ez saiatu galdutakoa ordezkatzen

    Galeraren min saihestezina arintzeko beste norbait erabiltzeak estutasunera eramaten gaitu, eta maite ditugunekiko harremanak erabili eta botatzeko direla ematen du. Harremanak bakarrak eta ordezkaezinak dira.

  • Saminean, ez bakartu

    Bakarrik egoten gara sentipen triste, mingarri edo negatiboak jendaurrean ezin direla adierazi errepikatu digutelako, txikitatik. Ez gara berez bakarrean gelditzen; barrea lagunartean, baina negarra bakarrik egin behar dela esan zaigulako, hain zuzen ere.

  • Zaren bezalakoa aurkeztu besteen aurrean

    Gure mina erakutsi ez eta jendaurrean ahalguztidun izan behar dugula erakutsi digute. Indarra, ordea, emozioak modu naturalean erakustean eta laguntza eskatzean datza, beharrezkoa denean.

  • Zama handiegirik ez hartu

    Oso lanpetuak egotean leher egin dezakegu, eta gezurrezko irudipen bat sor daiteke guregan: samina ezkutatzen dugu eta emozioak lurperatzen, urruntzen. Alabaina, modu horretan ez dugu dolurik gainditzen.

  • Ez uste denborak ezer sendatzen duenik

    Bi gauza desberdin dira: denborak dena sendatzea eta penek denbora behar izatea sendatzeko.

Haurren Adina eta Dolua

0-10 Hilabete

Ez dira ohartzen heriotza zer den; bereizketa gisa bizi dute. Galerak, amarenak batez ere, berehalako aldaketa dakar. Ama falta dutela eta aurpegi eta ahots berriez ohartzean, umeak urduritu daitezke. Pertsona garrantzitsuenaren falta larritasunez hartzen dute, eta ingurukoen minaz (jokorik ez, irribarrerik ez...) konturatzen. Horrek ondorioak sor diezazkieke: elikadura-ohituretan, loaldian, etengabeko negarra arrazoi garbirik gabe, umore txarra, etab. Hildakoa etxeko beste bat bada, amak sentitzen duenaren bidez jabetuko dira minaz.

Iradokizunak:

  • Haurren ohiturei eusten saiatu.
  • Ohiz kanpoko soinu eta gertakariak ahalik eta gutxienak izan daitezela.
  • Ahalik eta lasterren umeaz arduratuko den pertsona bat hartu.

10 Hilabete-2 Urte

Ez dute heriotzarik ulertzen. Emozio batzuk adierazten dituzte, helduei eta haien aldarteei igarriz. Ahots ezagunak entzuteak lasaitzen ditu. Aurreko jokabideetara itzul daitezke, hatza ahoan sartzera, adibidez. Garrantzizko zerbait gertatu dela ohartzen dira, eta aldaketa fisikoak izan ditzakete (pisua eta loa galdu, ibiltzeko gogorik ez...).

Iradokizunak:

  • Ohiturei eutsi.
  • Erabateko maitasuna eta laguntza eman.
  • Egon berarekin ahal duzun guztietan.

2-5 Urte

24 hilabetetik aurrera eta bost urtera arte, eguna eta gaua bereizten ikasten dute, baita atzo, gaur eta bihar ere, baina ez dute ulertzen heriotza atzeraezina, iraunkorra eta betikoa dela. Aldi baterako zerbait bezala ikusten dute, lo egitea edo joatea bezalaxe. Adin horretan gauza guztiak bizi direla uste dute: hodeiak, autoak, panpinak, etab. Pertsona edo gauza batzuek beste batzuen gainean boterea dutela sinesten dute. Horregatik, pentsamendu edo jokabide txarren zigor gisa bizi dezakete heriotza. Haurrak norbait hil delako errudun senti daitezke. Ez da egia adin horretan ezin dituztela gauzak ulertu.

Iradokizunak:

  • Heriotza argi eta garbi adierazi; hitzak kontuz erabili: hitzez hitz har ditzakete.
  • Mintzatzen ari zarela, laztandu; horrela konfiantza emango diozu.
  • Hiltzea dena gelditzea dela esan (ezin da jan, arnasik hartu, ibili, etab.).

5-9 Urte

Adin horretan ezberdintasun asko izan daitezke heriotzari buruzko kontzeptu helduaren garapenean. Adin zaila da. Heriotza hobeto ulertzen dute, baina hari aurre egiteko baliabide pertsonalak eta sozialak falta zaizkie. Modu honetako galdera ugari egiten dituzte: “Norbait hiltzen denean zer gertatzen zaio?”. Ezer gertatu ez balitz bezala gelditu ohi dira, batzuetan. Errudun senti daitezke, heriotzaren eragile baliran, jokabide edo pentsamendu gaizto baten ondorioz...

Iradokizunak:

  • Heriotza lehenbailehen adierazi.
  • Mintzatu zure sentimenduez.
  • Bultzatu berak ere kanpora ditzan.

9-12 Urte

Heriotza unibertsala, atzeraezina eta iraunkorra dela jabetzen dira, heldutasunez. Nola gertatu den uler dezakete, baita ondorioak ere, haientzat eta familiarentzat. Heriotzak haien bizitzak aldatu dituela uka dezakete; ez dutela ezer sentitzen edo ez zaiela batere inporta baieztatu, eta gero haserre bizian jarri edo indarkeriaz jokatu. Galerekin egon daitezke lotuak jokamolde horiek, eta tristura sakonaren adierazgarria izan.

Iradokizunak:

  • Haserre badago, lasaitu, baina ez onartu indarkeriazko edo kontrolik gabeko jokabideak, ezta ezikusia egin ere haien aurrean.
  • Denbora hartu sentimenduak adieraz ditzan.

Nerabeak

Une horietan, beraien bizitzan garrantzia duen guztiaren aurkakoa da heriotza. Helduaren antzera ulertzen du, baina aldarte aldakorra dauka eta nahasia. Nerabeak pentsa lezake bere emozioak saihestea dela egoera mingarri horri aurre egiteko modurik egokiena. Errudun sentimendua beste neurri batekoa da, askatasunarekin, pribatutasunarekin, eskubideekin, eta abarrekin lotua baitago.

Iradokizunak:

  • Heriotzak izan ditzakeen ondorioez hitz egin berarekin.
  • Ateratzeko, lo egiteko, ikasteko, etab. ordutegiari eustera bultzatu.

Kontuan Hartu Beharrekoak

  • Haurrak dolua nola biziko duen jakiteko araurik ez dago, ezta zenbat denbora beharko duen ere normaltasunera itzultzeko.
  • Lasai hartu bere emozioak: negarra, haserrea, galderak, segurtasunik eza, frustrazioa, etab.
  • Ez esan gisa honetako esaldirik: “indartsu izan behar da”, “orain etxeko gizona zara”... Egoera larritu besterik ez dute egiten. Ezin diogu haurtzaroa ohostu. Haurrak haur izan behar du.
  • Bere autoestimua sendotu.
  • Nahitaezko aldaketak soilik egin. Ez sartu behar ez duen aldaketarik bere bizimoduan.
  • Ez erkatu galerak, ezta eragiten dituzten emozioak ere.
  • Maite duen pertsona hil dela esan umeari eta errituetan parte hartzeko aukera eman. Aldez aurretik adierazi zer diren, nolakoak, esanahia, etab.
  • Komunikazio irekia eta malgua izan haurrarekin, emozioak erakuts ditzan eta gaizki-ulertuak eta fantasia ezkorrak baztertu.
  • Haurrari maitasunez hitz egin heriotzari buruz, hitz hori edo “hil da” bezalakoak saihestu gabe, argi, garbi eta xalo.
  • Segurtasuna eman ez duzula bakarrik utziko.

Entradas relacionadas: