Hauteskunde Iruzurra eta Kazikismoa Errestaurazioan

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,67 KB

Bi alderdien arteko txandaketa bermatzeko hauteskundeak manipulatzen zituzten. Txandaketa, beraz, hauteskunde-iruzurrean oinarritzen zen.

Sistemaren Funtzionamendua

Sistemak goitik behera funtzionatzen zuen:

  1. Erregeak gobernuaren aldaketa erabakitzen zuen.
  2. Ondoren, erregeak edo erregeordeak gobernua osatzeko agintzen zion oposizioko buruari eta, aldi berean, Parlamentua desegiteko dekretua ematen zion.
  3. Gobernu buru berriak hauteskundeetarako deia egiten zuen eta hauek manipulatzen zituen gehiengoa lortzeko.

Errestaurazioaren garaian gobernua eratzen zen lehenik eta hauteskundeak egiten ziren ondoren. 1890era arte sufragio zentsitarioaren bidez egiten ziren hauteskundeak; 1891tik aurrera, gizonezkoen sufragio unibertsala onartu zen. Baina berdin zen, kasu guztietan hauteskunde-iruzurra gertatu baitzen.

Hauteskunde-Prozesua eta Kazikismoa

Horrelakoa izan zen hauteskunde-prozesua:

  1. Gobernazio ministroak barruti bakoitzean aukeratu beharreko hautagaien zerrendak prestatzen zituen.
  2. Zerrenda hauek tokian tokiko alkateei eta kazikeei ematen zitzaizkien eta hauek hauteskundeak manipulatzen zituzten gobernuak nahi zituen emaitzak lortzeko. Horretarako eskura zituzten baliabide guztiak erabiltzen zituzten: hauteskunde-errolda edo aktak faltsutu, botoak erosi, bortxa erabili hautesleak presionatzeko...

Agintariei ematen zieten laguntzari esker, kazikeek eragin handia izan zuten haietan eta era askotako mesedeak jaso zituzten ordainean eurentzat eta beren bezeroentzat:

  • Kontribuzioen banaketa beren interesen alde egitea.
  • Soldadutzarako leku onak eta libre geratzea familia leialen gazteentzat.
  • Esku handia zuten udaletako lanpostuak banatzerakoan, etab.

Modu horretan sortu zuten kazikeek bezero sare garrantzitsu bat. Kazikeek beren eta beren jendearen sostengua ematen zioten gobernuari eta honek haien eskari guztiei erantzuten zien ordainean.

Sistemaren Sostengua eta Oposizioa

Sistemak zona nekazari atzeratuetan izan zuen sostengurik handiena (Galizia, Andaluzia ekialdea...). Zona nekazarietan hautesleen parte-hartzea handia zen; hirietan, berriz, txikiagoa. Horregatik hirietako botoei "benetako botoak" deitzen zitzaien, eta askotan oposizioaren aldekoak izaten ziren eta, ondorioz, mehatxu bat sistemarentzat.

Sistema honek alderdi-bitasuna besterik ez zuen onartzen, parlamentuko aulkiak liberalen eta kontserbadoreen artean banatzen ziren eta oso aulki gutxi geratzen ziren gainerako alderdientzat, beste indar batzuk sendo ziren lekuetan izan ezik. Horixe zen Euskal Herriko kasuan, karlismoa indartsua baitzen ordura arte.

Sistemaren Iraupena eta Gainbehera

Sistemaren iraupena erraztu zuten baldintzak hauek izan ziren:

  • Atzerapen ekonomikoa eta analfabetismoa.
  • Nekazarien mendekotasun-harremanak oligarkia lurdunarekiko nekazari-zonetan.
  • Herriaren indiferentzia alderdi-sistema eta hauteskundeekiko.

Iruzurrean oinarritzen zen sistema ezin zen betiko mantendu, oposizioa geroz eta handiagoa baitzen. Egonkortasun politikoak hobekuntza ekonomikoa ekarri zuen, ahula baina erreala, eta horrek gizartearen garapena. Analfabetismoa gutxitu zen, eta geroz eta garatuagoa zen Espainiar gizarteak iruzurra onartzeari utzi zion.

Espainiak sistema parlamentarioa zuen, hauteskunde libreak eta sufragio unibertsala, baina herriaren borondatea ez zen errespetatzen, ondorioz, abstentzioa oso handia zen. XX. mendearen hasieran alderdiak, batez ere liberala, saiatu ziren kazikismoari eta iruzurrari bukaera ematen, baina ezinezkoa izan zen, kazikismoak eta txanda-sistemak interes-sare korapilotsua sorrarazi baitzuten.

Entradas relacionadas: