Hezkuntzaren Soziologia: Oinarrizko Kontzeptuak eta Durkheim-en Ekarpenak
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 16,07 KB
Hezkuntzaren Soziologiaren Oinarriak
1. Hezkuntzaren Soziologiaren Objektu Okerra
Zein izan da orain arte hartu den objektua Hezkuntzaren Soziologian? Zergatik deuseztatzen dizkigu Soziologia egiteko aukera guztiak objektu oker honek?
Soziologia gizarte zientziak edo giza zientziak bezala ezagutzen dugun horietako bat da. Bere ikerlana gizartea da eta gizakia bere barnean; baita gizakiek osatzen dituzten elkarte, talde, erakunde edo instituzioak aztertzea ere. Sozialak diren erlazioak, fenomenoak, gertakizunak, estrukturak, taldeak eta instituzioak ere aztertzen ditu.
Hezkuntzaren Soziologiak hezkuntza-erlazioak, fenomenoak, taldeak eta instituzioak aztertuko ditu. Baina aurreko kontzeptu hauek definitu ahal izateko eta objektua (Hezkuntzaren Soziologiarena) eraikitzeko TEORIA bat behar da.
Soziologia lanean ibili bada ere, okerreko TEORIArekin ibili da. Teoria oker honen arabera, Soziologiak hezkuntzaren faktore sozialak aztertzen ditu. Objektu oker honek Soziologia egiteko aukera guztiak deuseztatzen ditu, suposatzen delako soziologoa hezkuntzaren barnean kokatzen dela eta kanpoko zerbait bailitzan arduratzen dela gizarteaz.
TEORIA ONA: Hezkuntza zerbait soziala da. Hezkuntzaren Soziologiak hezkuntzaren alderdi sozialak aztertzen ditu. Hezkuntza ez da fenomeno soziologiko bat, soziala baizik.
2. Abiapuntuak Hezkuntzaren Mundua Aztertzeko
Zeintzuk dira gure abiapuntuak Hezkuntzaren mundua aztertzeko Soziologiaren ikuspuntutik?
Hezkuntzaren mundua aztertzeko gizartea aztertu beharko dugu, ikuspegi orokor zein erakundeen ikuspegitik (ekonomia, Estatua eta familia). Hezkuntzaren azterketak abiapuntu hauek suposatzen ditu:
- Hezkuntzaren problematikak metodo eta helburuetan datza, hauek sozialak direlako eta aldatu daitezkeelako.
- Gizarte ezberdinek hezkuntza era ezberdinetan antolatzen dute.
- Eskolak bertako partaideak mugatzen dituen dinamika, erregela eta egiturak ditu; hala ere, partaideek eskubidea izango dute ekintza pertsonal eta kolektiboak aurrera eramateko.
3. Zer da Gizarteratzea (Sozializazioa)?
Gizarteratzea prozesu bat da: gizabanakoak gizarte baten kultura bereganatzen dueneko prozesua da. Gizakiak gizartea barneratzen du. Beraz, gizabanakoa gizarte horretan bizitzeko prestatzen da, sozializatzen da, bere taldearen kultura bereganatzen duen neurrian.
Prozesu honetan beharrezkoa da:
- Kultura bereganatzea: Ezagutzak, ereduak, baloreak, zeinuak hartzea; gizarte bateko bizitzeko erak, egiteko moduak eta sentitzekoak. Norberak bizi behar duen talde horren kultura jaso eta zurea egitea. Honek bizitza osoa irauten du.
- Nortasunaren egituran integratzea: Sozializazioaren eraginez gizarte eta kulturaren zenbait elementu nortasunaren egituran integratzen dira.
- Ingurune sozialera egokitzea: Gizabanakoa bera jaio eta bizi den ingurune sozialera egokitzea.
4. Zer dago Jokoan Hezkuntza Prozesuan?
Zer da jokoan dagoena Hezkuntzaren prozesuan Soziologiaren ikuspegitik?
Soziologiaren ikuspegitik, hezkuntzaren prozesuan jokoan dagoena bakoitzaren izateko era da, pertsonaren indibidualitatea, hau izan edo bestea izan. Soziologiaren ikuspegitik, beraz, benetako arazoa gizakiaren eratzea edo formakuntza prozesua nolakoa den ikertzea, bakoitzaren kontzientzia nola eratzen den antzematea izango litzateke.
5. Paper Konkretu bat Barneratzea
Zer esan nahi du paper konkretu bat barneratzeak?
Paper konkretu bat barneratzeak esan nahi du:
- Bakoitzak bere identitatearen eta indibidualitatearen kontzientzia garatzea.
- Ohitura multzo bat praktikoki barneratzea.
- Besteekiko harremanak arautuko dituen eredu batzuen barneratzea.
Soziologiaren ikuspegitik, paperak ez du zerikusirik kanpoko portaera mekanikoarekin ezta uniformizazioarekin ere. Honek esan nahi du guk dugun papera barneratu egin dugula, ez dela gezurrezkoa. Adibidez, guk ikaslearen papera ez dugu asmatzen, barneratu egiten dugu egia delako.
UNIFORMIZAZIOA: Ikaslearen papera bete arren, denok ez gara berdinak, ez gara uniformeak.
6. Gizakiaren Auto-Sorkuntza eta Identitatea
Gizakiak bere burua egiten du. Garatu ideia hau.
Posizio sozial batetik paper bat barneratzeak ez dauka zerikusirik despertsonalizazioarekin (rol bat izateagatik ez diogu pertsona izateari uzten) edo alienazioarekin (menperatuta egotea). Beraz, esan beharra dago paper eta posizio sozialen konbinazioa garela, ondorioz, identitatea ez da betirako, ezta bakarra ere. Beraz, bizitzan zehar identitate bat baino gehiago izango dugu.
Soziologiarentzat gizakia beste gizaki batzuekin harremanetan jartzen denean egiten da. Beraz, naturak ez dauka zer esanik gizakiari buruz hitz egiten dugunean, gizakiak bere burua egiten baitu. Gizakia ez da produktu naturala, KREAZIOA da.
7. Hezkuntza Esentzialismoaren Ikuspegitik
Nola definitzen du Hezkuntza Esentzialismoak?
Esentzialismoaren ikuspegitik, gizakiak gizaki dira baita hezkuntza jaso aurretik ere. Honela definitzen du hezkuntza:
- Hazkuntza bezala.
- Perfekzio bezala.
- Heldutasun bezala.
- Aurkikuntza bezala.
(Sokrates, Kant, Rousseau, Freud).
Durkheim-en Ekarpenak Hezkuntzaren Soziologian
8. Hezkuntza Kreazio Prozesu bat da
Durkheim-en baieztapenik garrantzitsuenak hezkuntzaren inguruan: Hezkuntza ez da bilakaera natural batean oinarritutako prozesua...
...kreazio prozesu bat da, produkzio prozesu bat. Ikaslearengandik zerbait kanporatu ahal izateko, beharrezkoa da ikaslearen baitan jaiotzetik datorkigun zerbait egotea, hezkuntzak esnatu beharko duena. Hau da, beharrezkoa litzateke giza izaeraren hipotesia onartzea; gizakia gizartearen aurretik dago, beraz, gizakiak sortzen du gizartea, gizartearen bilakaera gizakiaren garapenaren ondorio da.
Durkheim-en gizakiari buruzko ideia: gizakia ez da izadiaren edo biologiaren produktua, gizartearen produktua baizik. Bata besteari lotuta daude. Gizarteak hezkuntzaren bidez gizakiarengan egiten duenak, ondorio bezala gizakia egitea, produzitzea dakar.
9. Hezkuntza Soziala eta Ez Harmonikoa
Durkheim. Hezkuntza, kreazio den momentutik ezin da naturala izan...
...soziala da eta, beraz, ez da harmonikoa izango. Hezkuntza ez da prozesu naturala. Eskolak haurrari ohitura mental multzo bat eskaintzen dio; baina ezberdinak dira herrialdeen arabera. Giza izaerarik ez badago, ezin dezakegu esan hezkuntza naturalik dagoenik: hezkuntzak gure baitan ezarri behar duen gizakia ez da naturaren produktua, gizartearen produktua da, gizarteak nahi duen bezalakoa. Gure ideal pedagogikoa gure egitura sozialaren bidez azaldu behar da.
10. Hezkuntza Harremanak eta Dominazio Ideologikoa
Durkheim. Hezkuntza harremanak ez dira giza komunikazioaren mailan emango, dominazio ideologikoaren esferan baino.
Durkheim hezkuntza-harreman guztietan antzeman daitekeen asimetriaz mintzo da. Harreman hauek dominazio ideologikoaren esferan kokatuko direlarik eta hezkuntza sistema arimen dominazio instrumentu bezala ikusiko du. Hezkuntzaren eta eskolaren esparrua, ideologiaren, boterearen eta konfliktoaren esparrua izango da.
Hezkuntza praktiketan, doktrina moral baten inposizio bat ematen da. Hau da, bizimodu edo kultura baten inposizioa. Beraz, irakaslea kulturaren errepresentatzailea da eta egoki dena, ondo dagoena, behar dena errepresentatzea eta inposatzea du betekizun.
11. Gizakiaren eta Gizartearen arteko Harremanak
Gizakia eta Gizartearen arteko harremanak: nolakoak dira? Azaldu hiru momentuak eta adibide bat jarri.
Gizartea gizakiek egiten dutela esaten badugu, baita ere, gizakia gizartearen produktua dela esan behar dugu. Gizartearen eta gizakiaren arteko harreman honek hiru etapa edo une ditu:
- Kanporaketa: Gizakiak bere seinalea uzten du munduan, bere aktibitate fisiko eta mentalaren ondorioz.
- Objetibazioa: Gizakiak eginiko gauzek izaera ezberdin eta objektibo bat hartzen dute, bere sortzaileetatik urrunduz eta ezberdinduz.
- Barneraketa: Gizakiak objektibizatutako errealitateak barneratzen ditu, bere egiten ditu, kontzientzia subjektiboan ezarriz.
Gizartea, beraz, gizakiaren produktua da, kanporaketaren prozesua dela medio. Objetibizazioaren bidez errealitatea sui generis bilakatzen da. Eta barneratze prozesuaren bidez, gizakia berak sorturiko gizarte horren produktu bilakatzen da.
Eskolaren Funtzio Politiko eta Sozialak
12. Gizarteratze Politikoa eta Ideien Inkulkazioa
Eskolari eskatzen zaio, beste gauza batzuen artean, gizakien gizarteratze prozesua aurrera eraman dezala; hau da, hiritarrak egin ditzala. Modu desberdinetan gauzatzen da esparru politikoaren baitan ematen den gizarteratze prozesu hau: Alde batetik, esfera politikoaren eta bizi garen gizartearen inguruko ideien inkulkazio zuzena daukagu.
Edozein erregimen politikok, eskola erabili ohi du bere inguruan akordioa lortzeko. Zentzu honetan, nazioek instrumentu pribilegiatua izan dute ikasgeletan nazio gisa beraien identitatea sortzeko edo indartzeko; horregatik, estatu berrien lehen lana izan ohi da eskola erreformari ekitea. Eskolak gizarte bateko egitura politikoa legitimatuko eta iraunaraziko duten jarrerak, baloreak eta ezagutzak sarrarazten dizkie gizarte horretako partaideei.
13. Rol Partikularistetatik Unibertsalistetara
Bada, hala ere, formazio politikoaren ikuspegitik, eskolak betetzen duen beste funtzio oso garrantzitsu bat: haurrak eta gaztetxoak taldeetako partaide gisa hartzen dira.
Terminologia soziologikoa erabiliz, honek rol bat edo paper bat partikularistetatik (betetzen duen pertsonarekin identifikatzen dira), rol edo paper unibertsalistetara (zehazki nork betetzen duen kontuan hartu gabe ulertzen dira) salto egitea suposatzen du. Eskolak bakarkako pertsonekin baino gehiago kolektiboekin lan egiten duela eta ikasleek taldeetako partaide gisara konportatzen ikasten dute.
14. Estatuaren Egituraren Birprodukzioa Eskolan
Eskoletan, Estatuaren egitura hori (demokrazia parlamentarioa, gure kasuan) birproduzitzen duten partaidetza motak ematen dira.
Zentzu honetan, demokrazian, eskolek guraso, irakasle eta ikasleentzako partaidetza mekanismo ezberdinak dituzte. Ikasleetara mugatzen bagara, badute zenbait eskubide (eskaerak eta kexak luzatzeko aukerak, ordezkariak aukeratzekoak, etab.) eta hauek gizarte demokratiko bateko partaide gisa prestatzen eta formatzen ditu.
Gainera, ez dute bakarrik partaide izaten ikasten, baizik eta duten botere apurra beste batzuen esku uzten ere ikasten dute era iraunkor batean, horrela zenbait gauza ikasten dituztelarik, adibidez, indibidualki lan egin beharrean ordezkariekin lan egiten.
15. Gizarte Bikoitza eta Eskolako Dualismoa
Gure gizartea binakoa da. Azaldu zergatik eta eskolan nola planteatzen den.
Gure gizartea gutxienik binakoa da (esparru politikoan guztion berdintasuna aldarrikatzen bada legearen eta gizartearen aurrean; esparru ekonomikoan berdintasun hori desagertu egiten da neurri handi batean). Bitasun eta dualismo hori eskolan ere agertzen da. Partaidetza, ordea, ez da eskola guztian zabaltzen.
Zer ikasi behar den, nola ikasi behar den eta nola ebaluatuko den, hau da, ikasleen oinarrizko ekintzak eskola barnean, beste batzuen esku dago. Eskolan bizi duten bikotasun honek badu zerikusia gerora gizartean biziko dutenarekin: gizarte demokratiko bateko partaide gisa eta kapitalaren autoritatearen menpe egongo diren langile gisa.
16. Patriarkatua eta Eskolako Autoritatea
Patriarkatua.
Patriarkatuak sexuen eta adin taldeen arteko erlazio bat adierazten digu, zeinetan gizonen eta helduen lehentasuna ematen den, emakumeen eta gazteen gainetik. Gizon eta emakumeen arteko harremanetan gizonak dauka beti lehentasuna. Helduen eta helduak ez direnen arteko harremanetan autoritatea helduek izango dute.
Beraz, patriarkatuaz hitz egiten dugunean oso ezberdinak izan daitezkeen errealitateez hitz egiten dugu, baina guztiek dute amankomunean erlazioaren norakotasuna.
Eskola hiru autoritate maila ezberdinetan oinarritzen da:
- Irakasleak:
- Gizartea
- Helduak
- Jakintza
- Ikaslea:
- Bakarkakoa
- Heldua ez dena
- Ez dakiena
Irakasleak ikasleari exijitu diezaioke; ordezkari bezala zer ikasi behar den eta nola erabaki dezake; heldua den neurrian gazteak eta haurrak kontrolatzeko legitimitate osoa dauka. Beraz, eskolan patriarkatua definitzen duten adinen arteko erlazioak birproduzitzen dira.
17. Kontsumoa eta Hezkuntzaren Lehia
Kontsumoa.
Kontsumoari dagokionean, jendea bere nahi eta gogoak kontsumoaren esparruan asetzen saiatzen da. Kontsumoaren mundua bere oinarrizko funtzioak gaindituz, alde batetik, askatasun alternatiboa eskaintzen duen esparru batean bilakatzen da, bestetik, identitate iturri batean bilakatzen da eta azkenik, ezberdintasun elementu batean bilakatzen da.
Kontsumoaren ondorioz, benetan balio duena ez dela lortu dugunaren balio absolutua baizik eta besteenganako lortu dugun diferentzia, abantaila; honetaz konturatzeak hezkuntzaren kontsumoa bakarkako lasterketa batean bilakatzen du, zeinetan garrantzitsuena besteak baino gehiago pilatzea den.
18. Gizakia Abere Soziala da Soziologian
Zer esan nahi du Soziologian gizakia abere soziala dela diogunean?
Soziologiaren definizioa: Soziologiaren oinarrizko aztergaia GIZARTEA da eta zehazkiago, gizakiek eratzen dituzten elkarte, talde edo erakundeak. Soziologiaren berezko aztergaia GIZAKIA da. Gizakia abere sozial bezala ulertua, produktu sozial bezala kontsideratua.
Soziologiaren helburua, Gizakia bere Giza-ingurunean aztertzea bada, gizakiak sortutako errealitate maila guztiak aztertu beharko ditu. Gizakion jokaera bizi garen taldearen araberakoa izango da. Soziologoak jokaeraren eragin sozial horiek aztertuko ditu.
Gizakia, beraz, bizi den taldearen produktua da: herria, familia, lagun taldea, etab. Guzti honetaz ari gara, GIZAKIA ABERE SOZIALA dela diogunean.
19. Max Weber: Egoera Sozialaren Definizioa
Max Weberrek Egoera Sozialaz emandako definizioa.
Sozial adjektiboaren definizioa Soziologian:
- Interakzio baten elkarrekiko erlazio baten nolakoaz aritzeko.
- Eta gizartea halako gertakari sozialen multzo konplexu batez osaturik dago.
Max Weberrek SOZIALAZ egindako definizioa: Jendeak bere ekintzak elkarrekiko eta elkarrengana zuzentzen dituen egoera da soziala. Adibidez: Ezkontza, hauteskundeak, etab.
20. Hezkuntza Sistemaren Izaera Bikoitza: Bakarra eta Anitza
Edozein gizartetan hezkuntza sistemak alde bikoitza du: bakarra eta anitza aldi berean. Jar ezazu adibideak.
Anitza da
Gizarte horretan zenbat gizarte-kapa desberdin dauden, hainbeste hezkuntza mota desberdin daudela. Hezkuntza aldatu egiten da kasta batetik bestera:
- Erdi Aroan alde handia zegoen, batetik, zalduneriako arte guztietan ikasitako zerbitzari gazteak hartzen zuen kulturaren eta, bestetik, kontuak egiten, kantuan eta gramatikan hastapenetako gai batzuk ikastera bere parrokiako eskolara joaten zen bilauaren artean.
- Aldi berean, gaur egun, hirian ematen dena eta landako jendeak hartzen duena ez dira gauza bera.
Bakarra da
Herri guztiek dituzte ideia, sentimendu eta praktika jakin batzuk, hezkuntzak ume guztiei gogoan sarrarazi behar dizkienak:
- Erlijio bat guztiontzat.
- Jainko bat guztiontzat.
- Gure espiritu nazionalaren oinarria.
Hezkuntza orok, ideia horiek kontzientzietan txertatzea dauka helburutzat.