Hiri-Garapena: Industrializazio Aurreko Hiria
Urbanizazio-prozesua hirian biztanleak, jarduera ekonomiko nagusiak eta berrikuntzak apurka-apurka pilatzea eta gero horiek ingurura hedatzea da. Prozesu horretan zenbait etapa bereiz daitezke: industria aurrekoa, industriakoa eta industria ostekoa.
Industrializazio Aurreko Hiria
Hiriak sortu zirenetik industrializazioa hasi arte luzatzen da, XIX. mendean. Hauek dira etapa honetako ezaugarriak:
Urbanizazio-tasa edo hiriko biztanleriaren ehunekoa urria zen (ez zuen % 10 gainditzen) eta egonkora zen, hiriko eta landako biztanleen hazkundeak paraleloak ziren eta. Hirien batez besteko neurria 5.000-10.000 biztanlekoa zen, eta gutxitan bizi ziren 25.000 edo 100.000 pertsona baino gehiago.
Urbanizazioari mesede egiten zioten faktoreak hauek ziren: ekonomiko-militarrak (hiriak lurraldea kontrolatzen zuen), politiko-administratiboak (agintaritza politikoaren egoitza eta lurraldea antolatzeko oinarria zen), ekonomikoak (inguruko baliabideak kontrolatzen zituen eta merkataritza- eta eskulangintza-jarduerak garatzen zituen), erlijiosoak (agintaritza erlijiosoaren egoitza zen) eta kulturalak (kulturaguneak eta hezkuntzaguneak hartzen zituen).
Industria aurreko urbanizazio-prozesuaren etapak Antzinaroan, Erdi Aroan eta Aro Modernoan garatu ziren.
Antzinaroa
K.a. IX. eta VIII. Mendeetako feniziar eta greziar kolonizazioari lotutako Espainiako lehenengo hiriak agertu ziren. Herri horiek merkataritza-faktoriak ezarri zituzten Mediterraneoko eta Hego Atlantikoko kostaldeetan, baliabide mineralak, nekazaritzakoak eta eskulangintzakoak ustiatzeko. Horietako batzuetatik hiriak sortu ziren, hala nola Cádiz (feniziarra) eta Ampurias (greziarra). Lurraldearen gainerako lekuetan, kultura indigenen ezarpenak protohiritarrak ziren (Tarteso, Numantzia).
Erromanizazioa
K.a. III. Mendean hasi zen, eta aldi horretan hiri asko sortu ziren, besteak beste, Bartzelona, Tarragona, Sevilla, Valentzia eta Zaragoza. Eginkizunak politiko-militarrak (lurraldea kontrolatzea), administratiboak (probintzien edo barruti judizialen hiriburuak) eta ekonomikoak (hurbileko baliabide mineralak edo nekazaritzakoak ustiatzea) ziren.
Horrez gain, erromatarrek komunikabideen bidez lotutako hiri-sarea egin zuten (galtzadak) lurraldearen merkataritza-kontrola eta kontrol militarra errazteko. Gehien urbanizatutako inguruak erromanizatuenak izan ziren: Mediterraneoko kostaldea eta Ebroren harana.
Erromatar Agintearen Beherakada
Erromatar aginteak behera egitean eta germaniarren inbasioekin, III. Mendetik aurrera desurbanizazio-fase gertatu zen. Hiri asko desagertu ziren, eta beste batzuk landa-ezarpen edo erlijio-egoitza bihurtu ziren.