Hiri-kontzeptu nagusiak: Metropoliak, CBD, Zabalguneak eta gehiago
Clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,2 KB
1. Metropoli-eremua
Metropoli-eremua hiri baten inguruan sortutako hiri-aglomerazioa da, hiri nagusiaren, bere auzo periferikoen eta inguruko udalerrien artean harreman sozioekonomiko garrantzitsuak ezartzen direlarik.
Metropoli-eremuek ez dute muga argirik izaten; hiri zentralak eta hiri sateliteek eskualde bat osatzen dutelarik. Eskualde horretan dauden udalerriek beren autonomia politikoa daukaten arren, haien hazkundea eta lurraldearen antolamendua metropoli zentralak baldintzatzen ditu. Hiri nagusiak erdigunea hartzen du. Bere tamaina handitu ahala, bertako jarduera ekonomikoak kanpora irten beharrean aurkitzen dira, inguruko udalerriekin topo egiterakoan sortzen delarik metropoli-eremua.
2. Eremu periurbanoa
Eremu periurbanoa landa-eremuaren zein hiriaren ezaugarriak bateratzen dituen eremua da. “Landa-hiri espazioa” ere deitzen zaio. Grezierako “peri” aurrizkiak “inguruan” esan nahi du.
Eremu lausoa da, kategoria garbirik gabekoa, ez baita guztiz hiria ez eta guztiz landa ere.
Horregatik, demografikoki, ekonomikoki zein urbanistikoki elementu eta ezaugarri mistoak ditu.
Sarritan, gainera, identitaterik gabeko espazio hutsal bilakatzen dira, izan ere, etxebizitzak, lantegiak, etab. modu itxuragabean biltzen baititu han eta hemen, zerbitzu publiko eskasekin.
3. Hiriaren erdigunea edo C.B.D.
Hiriaren negozio-erdigunea da. Merkataritza-funtzioa, finantza-funtzioa (bankuak eta negozio-zentroak) eta administrazio-zerbitzuak izaten dira bertan. Espazio honetan jarduera espezializatuak biltzen dira, bere zentralitateagatik eta iristeko erraztasunagatik.
Hiriko lurzorurik garestiena izaten da eta etxeorratzen kontzentrazioa du nagusi.
Europako kasu gehienetan, erdigunea hirigune historikoak eta zabalguneek osatzen dute.
4. Infraetxea (Infravivienda)
Infraetxea gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituen etxebizitza mota da. Oinarrizko baldintza horien artean honako hauek izan daitezke, besteak beste, betetzen ez direnak: eraikinaren egitura-arazoetatik sortutako arriskuak, argiztapen naturalaren eskasia, aireztapen kaskarra, etxebizitzaren hornidura-instalazioetan gabeziak (elektrizitatea, ura, gasa...), etxebizitzaren hondamen-egoera, etab.
Gehienetan, iturri ekonomiko eskaseko biztanleriak okupatzen ditu eta masifikazio-egoeran bizi ohi dira.
5. Lo-hiria (Ciudad dormitorio)
Lo-hiria lo egiteko besterik erabiltzen ez den hiria da. “Satelite-hiria” ere dei dakioke. Bertako biztanleek kanpoan lan egin ohi dute, egunero mugitzen direlarik bizitokitik lantokira eta bueltan. Mugimendu horiei “mugimendu pendular” deitzen zaie. Eguneroko mugimendu honek hirietako garraio-arazoak areagotzen ditu.
Sarritan, metropoli-eremu baten barruan egoten dira, baina hirigunetik distantzia nabarmenera, hau da, aldirietan. Haien izaera eta kokaguneagatik, ekipamendu publikoen gabezia handia izaten dute.
6. Zabalgunea
XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Europan industria modernoaren sorreraren ondorioz, landa-eremuko biztanleriaren hiritartze-prozesua hasi zen. Bizitokiak eta industriaguneak eraiki behar izan zirenez, ordura arte hiriek zituzten harresietatik kanpo zabaldu ziren.
Industriaguneez eta hiriratutako biztanle pobreenentzako auzoez gain, burgesentzako zabalguneak sortu ziren. Zabalgune burgesek plano ortogonala eta erregularra dute (kale zuzen eta zabalak zituzten eta bilbe irekikoak ziren). Ongi planifikatutako auzoak dira (higienea eta garraio-irisgarritasuna kontuan hartuta), espazio zabalak eta zerbitzu ugari dituzte. Zabalguneek laster hartu zituzten C.B.D.-aren funtzioak: merkataritza, finantzak eta enpresak.
7. Hiri-sistema
Hiri-sistema herrialde garatuetan espazioa antolatzeko eragile nagusia da.
Hiriek inguruarekin eta beste hiri batzuekin harremanak dituzte, hiri-sistema edo sareak osatzen dituztelarik. Hiri-sistemaren barruan, aldi berean, hirien arteko erlazio hierarkikoa sortzen da.
Aipatutako hiri-hierarkia hiri bakoitzak duen tokia honako aldagaien araberakoa da:
- Hiriaren tamaina.
- Hiri bakoitzak duen eragin-esparrua.
- Hiri bakoitzak dituen funtzioak.
Herrialde bateko hiri-hierarkian honako mailak bereizten dira:
Metropoli nazionalak > Lehen mailako eskualde-metropoliak > Bigarren mailako eskualdez-azpiko metropoliak > Hiri ertainak > Hiri txikiak
8. Hiri-tipologia
Hiri-tipologia hiri moten eta eraikuntza moten azterketa eta sailkapena da. Hiriari dagokionez, bere bilbearen, ezaugarri fisikoen, ingurumen-ezaugarrien, historikoen eta sozioekonomikoen arabera aztertzen dira hiri motak. Hau da, hirigune historikoen, zabalguneen, langile-auzo periferikoen, industriaguneen, etab. kokapena, trazadura edota eboluzioa aztertzen dira.
Eraikuntza motak aztertzean, berriz, ingurune fisikoari ez ezik, eraikinen jatorrizko funtzioaren eta erabileraren (bizitokiak, erabilera tertziarioak, eremu publikoak, etab.) arabera aztertzen dira eraikin motak.