Hiria Euskal Literaturan: Bilakaera eta Errepresentazioa

Clasificado en Matemáticas

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,59 KB

Sarrera

Hiria jende kopuru handia biltzen duen gune zabala da. Berez, hirien handitze-prozesuaren oinarrian, merkataritza-jarduera dago, eta horrek jatorri eta ofizio ezberdinetako jendeen joan-etorria ahalbidetzen du. Horregatik, hiriek presentzia nabaria dute literaturan, bai mugimendu eta korronte estetikoak ugariagoak eta dinamikoagoak direlako bertan, baita hiria bera zenbaitetan literatura gai bihurtzen delako ere. XIX. mendetik aurrera, hirien hazkundea bigarren sektore ekonomikoaren hazkundearekin zuzenki loturik dago, eta hazkunde horrek aldaketak ekarri zituen mendebaldeko hirietan, baita Euskal Herrian ere. Aldaketa horiek literaturan ere eragin sakona izan dute.

1. Landatik hirira

Hirien sorrera ez da bat-bateko fenomeno historikoa izan, are gutxiago XIX. mende amaieratik aurrera gertatutako hirien hazkundea. Esan dezakegu aldaketa ugari ekarri dituen prozesua izan dela, landa-eremua atzean uztea ekarri duena. Landatik hirirako igarotze horretan, aldaketa soziokultural ugari gertatu dira: bigarren eta hirugarren sektoreen nagusitzea lehen sektorearen kaltetan, langile-klasearen sorrera, kontsumoaren kultura, indibidualismoa, garraioen hazkundea eta aniztasunaren areagotzea, besteak beste. Garai batetik besterako aldaketa hori bera ere, modernizazioaren ideia dakarrena, literatura gai bihurtu zen. Mugimendu horretan, era berean, modernitatearen sinbolo bihurtu diren garraioek presentzia handia hartu dute.

2. Hiriaren estetikak eta bazterrak

Euskal Herrian, hiriak ugaltzearekin batera, bizimodu urbanoarekin eta modekin lotutako literatura lanen kopuruak gora egin zuen. Hala, bereziki olerkigintzaren modernizazio prozesu bat gertatu zen Hego Euskal Herrian XX. mende hasieran, tamalez 1936ko gerrak eta ondoren frankismoaren zentsurak zapuztu zutena. Nolanahi ere, pixkanaka-pixkanaka berriz suspertuz joan zen euskal literatura eta, besteak beste, sinbolismoaren, literatura sozialaren eta esperimentalismoaren mugimendu literario berritzaileek aurrera egin zuten. Berrikuntza horiek, ordea, bazterreko samarrak izan ziren hasiera batean, abangoardia gehienak bezala. Haatik, orduko bazterreko joerak izan dira ondorengo euskal literaturan gailendu direnak. Hasieran konplikatua izan zen berritasunak zekartzan egileentzat liburua argitaratuko zien argitaletxe bat topatzea. Horregatik, idazleak taldeka bildu ziren eta aldizkari literarioak sortu zituzten.

3. Hiri handiak...

Hiriak aukera asko eskaintzen dizkie gizakiei, eta literaturak aukera horiek guztiak islatzeko gaitasuna du: ikuspegi kritikoz, ironikoz, haserretuaz, askatasun ikuspegiaz... Horrez gain, hiriaren beraren alderdi frankori ere erreparatzen die literaturak: hiriaren giroari, hiritarren bizi-erritmoari, koloreei, usainei, jendearen keinuei, oroitzapenei... Eta bildu egiten ditu. Euskal idazleentzat, hiria unibertso oso bilakatu zen, eta molde anitzez errepresentatu dute urteetan zehar: miresten duten lekua izan da haientzat, norberak bere tokia aurki dezakeen lekua, leku arriskutsua, munduaren ispilua, historia unibertsala kontatzeko gunea, maitasun-istorioak gauzatzen diren tokia, moralki jokatzeko gunea eta abar. Beste ezeren gainetik, ordea, hiriak modernotasuna adierazten zuen XX. mendeko euskaldunentzat, eta literaturari aire berriak ekartzeko asmoz, literatura hiritartzeko apustua egin zen. Hala, Europako edo Ameriketako Estatu Batuetako literatura modak bereganatzen hasi ziren idazleak eta, nola ez, hiri horien errepresentazioak euskal literaturan txertatzen. Besteak beste, Paris izan zen lehen modernotasun-uhin horren hiri kuttunenetarikoa.

Entradas relacionadas: