Hizkuntzen egoera, hezkuntza-erronkak eta elebitasuna

Clasificado en Magisterio

Escrito el en vasco con un tamaño de 12,28 KB

Hizkuntzen egoera globala eta Europan

Ingelesaren estatus globala

Ingelesak estatus globala dauka, mundu osoan oso erabilia den hizkuntza baita. Bi faktorek eragiten dute hori:

  1. Herrialde askotan ama-hizkuntza bezala erabiltzen da.
  2. Bigarren edota hirugarren hizkuntza gisa mundu osoan erabiltzen da.

Ingelesa herri desberdinen arteko komunikazio-tresna gisa gero eta gehiago erabiltzen den hizkuntza da; hau da, nazioarteko harremanetan lingua franca bihurtu da (hizkuntza desberdinak hitz egiten dituztenen arteko komunikazio-hizkuntza). Hori dela eta, ingelesak indar handia hartu du. Gainera, Interneten, komunikabideetan, hezkuntzan eta abarretan oso erabilia denez, prestigio handia ematen zaio.

Europar Batasuneko hizkuntzak

Ez da erraza Europar Batasuneko hizkuntzen kopuru zehatza ematea, 60 inguru direla uste baita. Hizkuntzaren eta aldaeraren arteko desberdintasunari dagokionez, ikuspuntu ugari daude. Romaine-ren (1996) arabera, aldaera bat hizkuntza den ala ez hiztunek erabaki beharko dute, ez hizkuntzalariek. Hizkuntza eta aldaera zehaztea ez dagokio hizkuntzalaritzari; izan ere, hizkuntzen arteko bereizketa arazo soziala da. Beste batzuetan, arazo politiko edo historikoak izaten dira aldaera bat hizkuntzatzat hartzeko arrazoiak. 10.000 hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzak desagertzeko arriskuan daude. Hizkuntza gutxik dute hedapen handia, eta hizkuntza askok, aldiz, hiztun gutxi. Egoera soziolinguistikoa eta estatus politikoa erabat lotuta daude.

Hizkuntza-aniztasuna kudeatzeko ereduak EBn

Patxi Jauristi (2006) soziologoak bost eredu bereizten ditu:

  • Bi hizkuntza ofizial edo gehiago: Finlandia, Irlanda, Luxenburgo, Txipre, Malta eta Belgika.
  • Hizkuntza ofizial bat, baina estatuaren zenbait gunetan hizkuntza koofizialak onartzen dira: Espainia, Danimarka, Herbehereak eta Italia.
  • Hizkuntza ofizial bat, baina beste hizkuntza batzuk onartu eta, batzuetan, babestu egiten dira: Suedia, Eslovenia, Hungaria, Portugal, Txekiar Errepublika, Austria, Britainia Handia eta Alemania.
  • Hizkuntza ofizial bat, nahiz eta beste hizkuntza batzuk egon: Frantzia, Lituania, Letonia, Estonia, Polonia, Eslovakia eta Grezia.

Hizkuntza gutxituak eta hizkuntza-ekologia

Hizkuntza gutxituak hizkuntza-gatazka egoeran daude. Hizkuntza menderatzaileen esku hainbat esparru eta funtzio galdu dituen hizkuntza da. Mendebaldean, indar politikoek elebakartasunaren eredua bultzatu dute. Hizkuntza-ekologia hizkuntzen arteko harremanak modu berri batean ulertzen dituen eredua da. Coyos-en arabera, helburua hizkuntzen arteko elkarbizitza litzateke.

Hizkuntzak gure jendartean

Lege-egoera desberdina hiru lurraldeetan

Euskararen estatusa desberdina da lurraldeen arabera. Espainiako Konstituzioan (1978) ezartzen den bezala, gaztelania hizkuntza ofiziala da, eta autonomia-erkidego bakoitzeko estatutuan ezarritako hizkuntzak ere bai. Beraz, 1979an egindako Autonomia Estatutuan (EAE), euskararen ofizialtasuna ezartzen da, eta, horren arabera, biztanle guztiek euskara eta gaztelania ikasteko eskubidea dute. 1982an Euskararen Normalizazio Legea sortu zen, eta hemen ere euskara ofizialtzat hartzen da, gaztelaniarekin batera. Euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa da; beraz, lurralde guztietan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) hizkuntza hau ikasteko eskubide bera egon beharko litzateke. Pertsona bakoitzak nahi duen ereduan (A, B eta D) ikasteko aukera duela ezartzen da.

Nafarroan, 1982an egindako Foru Hobekuntzaren Legean, gaztelania Nafarroako hizkuntza ofiziala dela adierazten da, eta euskara ere ofiziala izango dela eskualde euskaldunetan. 1986ko Euskararen Foru Legean, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla ezartzen da eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Hala ere, hori esaten den arren, euskara Nafarroako zati batean bakarrik da ofiziala. Lurraldeak markatzen du eskubidea nork duen, eta hiru eremu bereizten dira: eremu euskalduna (gaztelania eta euskara ofizialak), eremu mistoa (gaztelania ofiziala, eta euskara toki batzuetan) eta eremu ez-euskalduna (euskara ez da ofiziala). Hezkuntzari dagokionez, eremu euskaldunetan gaztelania eta euskara irakastea derrigorrezkoa da; A, B eta D ereduak eskaintzen dira. Eremu mistoan, euskara ikastea hautazkoa da, eta nahi dutenek soilik jasoko dute euskarazko irakaskuntza. Eremu honetan A, B, D eta G (batere euskararik gabe) ereduetan ikasteko aukera dago. Eremu ez-euskaldunean, gaztelania soilik da ofiziala. Beraz, erakunde publikoek ez dute euskarazko zerbitzurik eskaintzen. Eskola publikoetan A eta G ereduetan arazorik gabe ikas daiteke, baina B eta D ereduak eskola pribatuetan soilik eskaintzen dira.

Iparraldean ez dago euskararen inguruko legerik. Beraz, euskarak ez du estatus ofizialik. 2008an, Frantziak bere herrialdeko hizkuntzak Frantziaren ondare direla onartu zuen, besterik ez.

Hizkuntzaren corpusa eta estatusa

Hizkuntzaren corpusa hizkuntza bera da, hau da, hizkuntzaren izaera. Estatusa, aldiz, hizkuntza batek duen prestigio-maila da. Ikuspuntu horretatik, Euskara batua euskararen corpusa eta estatusa zaintzeko sortu zen. Haren bidez, euskalkien egoeratik hizkuntza estandarrera igaro gara, eta horrek corpusa zaintzea ahalbidetu du, esparru desberdinetan (komunikabideetan, administrazioan...) euskara hizkuntza gisa garatzeko aukera eman baitu. Horri esker, euskara modernizatu eta arautu egin da, gramatika-desegokitasunak hobetu direlako eta hizkuntza gisa garatzeko sorkuntza berriak egin direlako (adibidez, erro karratu, ber bi...). Euskara Batuaren sorrerak euskararen estatusa handitzea ere ekarri du, komunikabideetan, hezkuntzan eta administrazioan erabili ahal izan delako. Horrela, bere erabilera eta iraupena bermatzen dira. Izan ere, barietate estandarrik ez dagoenean, hizkuntza horren estatusak txikiagoa izateko joera du.

Hizkuntza-politika

Hizkuntza-politikak komunitate batek etorkizunera begira hizkuntzaren izaera eta garapena bermatzeko hartzen dituen neurriei egiten die erreferentzia. Euskal Herrian euskararen aldeko hizkuntza-politika bat izatea beharrezkoa da, euskarak bere iraupena bermatu nahi badu. Euskarak gaztelaniaren prestigio bera lortu ahal izateko, oso garrantzitsua da esparru formaletan erabiltzea (hezkuntza, komunikabideak, administrazioa). Baina hori ez da nahikoa; hau da, legala edo ofiziala izateagatik ez du esan nahi egoera aldatuko denik. Horrela prestigio handiagoa lortuko duen arren, esparru informalean (lagunekin, familiarekin...) ere erabili behar da. Izan ere, jendartean erabiltzen ez bada, indarra galduz joango da.

Gaurko eskolaren erronkak

Delors txostena: hezkuntzaren lau zutabeak

UNESCOk 1997an Delorsi XXI. mendeko hezkuntzaren analisia egiteko eskatu zion, etorkizuneko hezkuntzaren ezaugarriak azaltzeko. Delorsek azaldu zuen mundua etengabe aldatzen ari zela eta orain arte nagusitu zen hezkuntza-sistema aldatu behar zela. Izan ere, nagusitu den hezkuntzan, kontzeptuak buruz ikastea bilatzen zen. Baina orain, hezkuntzaren lau zutabeak bilatzen dira:

  • Ezagutzen ikasi: kontzeptuak eta edukiak barneratzea.
  • Egiten ikasi: edukiak praktikara eramatea.
  • Elkarrekin bizitzen ikasi: lankidetzan aritzea, gatazkak konpontzen jakitea...
  • Izaten ikasi: pentsamendu autonomo eta kritikoa izatea, norberaren iritziak edukitzea, autonomia izatea...

Gaur egun ez da nahikoa edukiak jakitearekin; beste mota bateko prestakuntza bilatu behar da. Hau da, gaitasun batzuk garatu behar dira munduan egoki aritzeko.

Gaitasuna pertsona bakoitzaren trebetasunen, jarreren eta ezagutzen konbinazioa da; jarduerak gauzatzeko eta testuinguru desberdinetan arazoak konpontzeko trebetasuna, alegia. Oinarrizko gaitasunak oinarrizko hezkuntzaren amaieran lortu behar diren gaitasunak dira. Gaitasun horiek garatu, mantendu eta eguneratu behar dira munduan egoki aritzeko gai izateko.

Europako Kontseiluaren oinarrizko gaitasunak

  1. Ama-hizkuntzako komunikazioa.
  2. Atzerriko hizkuntzetako komunikazioa.
  3. Gaitasun digitala.
  4. Matematikarako gaitasuna eta zientziarako eta teknologiarako oinarrizko gaitasunak.
  5. Ikasten ikastea.
  6. Gizarte- eta herritar-gaitasunak.
  7. Ekintzailetza eta ekimena.
  8. Kultura-kontzientzia eta -adierazpena.

Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna

Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegi berrian, hizkuntzek inoiz baino garrantzi handiagoa dute eskolan, hizkuntza baita, azken batean, giza garapenerako tresna nagusia, eremu guztietan eta gure egiteko guztietan erabiltzen dugun bitartekoa delako. Gaitasun honetan ahozko zein idatzizko erabilerari egiten zaio erreferentzia, errealitatea adierazi, interpretatu eta ulertzeko, jakintza eraikitzeko eta komunikatzeko, eta pentsamendua, emozioak eta jarrerak antolatzeko eta autoerregulatzeko. Osagaiak (Celce-Murcia (1995), Hymes (1971), Canale & Swain (1990), Bachman (1990) oinarri hartuta): estrategia-gaitasunaren barruan gaitasun soziokulturala, ekintza-gaitasuna eta hizkuntza-gaitasuna daude. Horrek guztiak diskurtso-gaitasunari laguntzen dio, eta honek, aldi berean, aurreko gaitasunei eragiten die.

Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratua

Europa osorako hizkuntza-egiturak, curriculum-orientabideak, azterketak, testuliburuak eta abar prestatzeko oinarri bateratua da. Hizkuntza bat ikasten ari diren ikasleek hizkuntza hori komunikazio-tresna gisa erabili ahal izateko zer ikasi behar duten deskribatzen du Markoak, era integratzailean, eta, orobat, azaltzen du ikasleek zer ezagutza eta trebetasun eskuratu behar dituzten eraginkortasunez jarduteko. Ikasleak egiten dituen aurrerapenak neurtzeko gaitasun-mailak ere definitzen ditu.

Elebitasuna eta elebidunak

Pertsona elebidunaren definizioa

Pertsona elebidunaren kontzeptua definitzea ez da erraza, adituek zenbait definizio desberdin proposatzen baitituzte. Askok diote bi hizkuntza erabiltzeko gaitasuna duen pertsona dela, baina menderatze-maila desberdinak proposatzen dituzte:

  • Bloomfield (1933): bi hizkuntza jaiotzezko hiztunek bezala menderatzea.
  • MacNamara (1967): ama-hizkuntza ez den beste batean ulertzeko, hitz egiteko, irakurtzeko eta idazteko gutxieneko gaitasuna izatea.

Beraz, definizio zorrotzenean, bi hizkuntza maila berean menderatzen dituena izango litzateke; hau da, bizitzako zeregin guztietan bi hizkuntzak maila berean erabiltzen dituena. Baina elebidun guztiz orekatuaren ideia zalantzan dago; izan ere, oso zaila da norbaitek bi hizkuntzetan maila bera izatea, baita bi hizkuntza horiek egoera, zeregin eta maiztasun berdinarekin erabiltzea ere.

Hizkuntzaren menderatzea testuinguru elebidunean (Cummins)

BICS eta CALP kontzeptuak

Eskoletan, ikasleen ama-hizkuntzak desberdinak dira, eta ikasle batzuk hizkuntza batean bestean baino motelago aritzen dira. Hori dela eta, bidaltzen zaizkien ariketen zailtasun-maila eta testuinguruaren laguntza kontuan izan behar ditugu. Hau da, hitzez gain, beste baliabide osagarri batzuk erabiltzea (keinuak, irudiak...) komenigarria da, ikasleek mezua hobeto uler dezaten eta hizkuntza hobeto barnera dezaten.

Izan ere, gauza bat da ikasleek elkarrizketa-mailan erabiltzen duten hizkuntza (BICS, Basic Interpersonal Communicative Skills) menderatzea, eta beste gauza bat da maila akademikoan erabiltzen dutena (CALP, Cognitive Academic Language Proficiency). Kontuan hartu behar da eskola-mailako hizkuntza konplexuagoa dela, eta ikasleak nagusitzen diren heinean, abstrakzio-maila handiagoko kontzeptuak ulertu eta erabili behar dituztela; horretarako, gero eta gaitasun handiagoa behar da. Hor, hizkuntza-eskasiak ager daitezke: lexiko berezia ez jakitea, irakurritakoaren ulermenean gabeziak izatea, etab.

Maila arrunteko hizkuntza (BICS) laster ikasten da eta automatizatu egiten da; gutxi gorabehera bi urte behar dira solas-mailako hizkuntza lortzeko. Baina maila akademikoko hizkuntzaz (CALP) jabetzeko denbora luzeagoa behar da: 5-7 urte inguru.

Entradas relacionadas: