Iberiar Goi-lautadaren Kanpoaldeko Mendikateak
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,45 KB
Sarrera
Iberiar Goi-lautadaren kanpoaldeko mendikateak Pirinioak, horien luzapena eta Mendikate Betikoak dira. Era Tertziarioko Alpetar orogenian eratu ziren. Pirinioetako eta Mendikate Betikoetako fosa ozeanikoetan, tope gisa aritzen ziren mendiguneen artean, sedimentu sekundarioak jalki ziren, eta horiek tolestu zirenean sortu ziren mendikateok. Beraz, kareharriak dira nagusi horietan.
Pirinioak
Egitura konplexua dute:
- Ardatza edo eremu axiala: Antzinako mendigune hertziniarra da, Alpetar orogeniarekin gaztetuta. Material paleozoikoz osatuta dago eta erliebe malkartsua du, izotzaren eraginaren ondorioz. Eremu horretan daude mendikateko mendi garaienak.
- Pirinioaurreak: Eremu axialaren hegoaldean daude. Era Tertziarioko Alpetar orogenian eratu ziren, Pirinioetako fosan jaulkitako material sekundarioak tolestu zirenean. Kareharriz osatuta daude, eta horien erliebea eremu axialekoa baino leunagoa da, eta, gainera, ez du hainbesteko garaierarik. Ardatzarekiko paralelo diren bi lerrotan egituratzen dira: barnealdeko mendilerroak eta kanpoaldeko mendilerroak.
- Erdialdeko sakonunea: Luzea eta estua da, eta Pirinioaurreko kanpoaldeko eta barnealdeko mendilerroak bereizten ditu.
Euskal Mendiak
Pirinioaurreak luzatzen dituzte mendebalderantz. Hartara, kareharrizko arrokak dira, eta forma leunak eta altitude moderatua dituzte. Pirinio axiala ekialdeko muturrean baino ez da azaleratzen, eta arroka paleozoikoak ditu. Gailurrik garaienak Aizkorrin eta Gorbeian daude.
Kataluniako Kostaldeko Mendikatea
Pirinioetako ekialdeko eremuaren eraldaketa da. Berrogei kono baino gehiagoko eremu bolkanikoa da, eta failek bereizten dute Pirinioetatik. Iparraldeko zatia material paleozoikoz osatuta dago, Alpetar orogenian altxatutako Kataluniako-Balearretako antzinako mendigune hertziniarraren hondarrez. Hegoaldeko zatia Alpetar orogenian tolestutako kareharrizko lur sekundarioz osatuta dago.
Mendikateak bi lerro ditu: bata kostarekiko paraleloa, garaiera txikikoa; bestea, barnealdean, garaiagoa. Sakonune edo fosa tektoniko batek bereizten ditu biak. Tertziario eta Kuaternarioko materialekin bete zen fosa eta muino leunez eta haranez osatutako erliebea sortu zen.
Mendikate Betikoak
Sakonunez bereizitako bi mendi-sistemak egituratzen dituzte:
- Mendikate Penibetikoak: Kostaldearekiko paraleloak dira. Era Tertziarioan eratu ziren, antzinako Mendigune Betiko-Rifearra gaztetu zenean. Material paleozoikoak ditu. Erliebe horretako Sierra Nevadan daude Iberiar penintsulako gailurrik garaienak: Mulhacen eta Veleta mendiak.
- Mendikate Subbetikoak: Barnealdean daude. Era Tertziarioan eratu ziren, itsasoak Fosa Betikoan jalkitako material sekundarioak tolestu zituenean, Afrikako plaka eta Iberiar plaka hurbiltzearen ondorioz. Material horietan, gogorrak eta bigunak txandakatzen ziren. Hori dela eta, tolestu zirenean, narrasdura-mantuak eta zamalkadurak sortu zituzten; hau da, materialak horizontalean mugitu ziren jatorrizko lekutik urrun samar batera. Mendikate horretako mendilerro azpimarragarrienak Grazalema, Ubrique eta Cazorla dira.
- Sakonune Intrabetikoa: Mendikate Penibetikoen eta Betikoen artean dago, zenbait sakonune txikitan zatitua. Material tertziarioarekin bete zen, eta, klimaren lehortasunagatik, badlands paisaia eratu zen.