Iberiar Penintsulako Arro Hidrografikoak: Ezaugarriak eta Ibai Nagusiak
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,35 KB
Iberiar Penintsulako Arro Hidrografikoak
1. Bizkaiko Golkorako Isurialdea
Bizkaiko Golkorako isurialdeko ibaiek Penintsulako iparraldea drainatzen dute. Prezipitazioen erregulartasunak eta ugaritasunak (1350 mm batez beste urtean) eta kontraste handirik gabeko tenperaturek ibai emaritsu eta erregularrak ematen dituzte. Ibai hauek sorburutik kostaraino (100 km) duten desnibel handiak (2000 m batzuetan) beste ezaugarri bat ematen die: uholdezkotasuna. Emariak eta aldapak areagotu egin dute uraren higadura, eta haran sakonak sortu dira. Ibai nagusiak hauek dira: Bidasoa, Ibaizabal, Sella, Nalon, Navia, Tambre eta Ulla.
2. Isurialde Atlantikoa
Bertan dira Mesetako ibai handiak (Duero, Tajo eta Guadiana) eta Guadalquivir ibaia. Batez beste, 596,5 mm-ko prezipitazioa jasotzen du, eta Penintsulako % 65 drainatzen dute. Hain isurialde zabala izanik, ez ditu ezaugarri uniformeak. Hala ere, esan daiteke klima mediterraneo kontinentalak eragiten diola. Honen ezaugarriak hauek dira: kontraste termikoak urtean zehar eta lehortea udan. Malda gutxiko ibaiak dira, sorburutik ozeanora distantzia handia dagoelako (1.000 km inguru). Emariak altuak dira ia beti, drainatzen dituzten arroak zabalak direlako.
2.1 Duero ibaiaren arroa
Arro iparraldekoena Duero ibaiarena da. Erliebe unitate bakarra zeharkatzen du: Duero ibaiaren arro sedimentarioa, 98.160 km2; Kantabriar mendikatearen hego isurialdeko, Iberiar mendikatearen ipar-mendebaldeko eta Mendikate Zentralaren ipar isurialdeko urak biltzen ditu. Urbion mendien hego isurialdean sortzen da, eta Ozeano Atlantikoan itsasoratzen da, 913 km egin eta gero. E-M norabidean doa Portugalgo mugaraino, eta han hego-mendebalderantz aldatzen du norabidea, 100 km-an muga egiten duelarik. Granito aldea zeharkatzen du haitzarte estuetan barrena. Penintsulako ibaien artean emari absolutu handiena du. Erregadiorako ere erabiltzen dira haren urak.
2.2 Tajo ibaiaren arroa
Tajo ibaiaren arroa luzea da, eta Mendikate Zentralaren eta Toledoko mendien artean dago. Tajo ibaia Albarracin mendilerroan jaiotzen da, eta mendebalderantz jotzen du Lisboatik gertu itsasoratu arte, 1.120 km egin eta gero. Bokalean estuario handia osatzen du. Adar nagusiak Mendikate Zentralean sortzen dira. Arroko urak energia elektrikoa sortzeko eta erregadiorako erabiltzen dira.
2.3 Guadiana ibaiaren arroa
Guadiana ibaiaren arroak altuera gutxiko erliebeak izatea du ezaugarri. Ibaia nekez aurreratzen da, goi-ibarraren eta itsasoaren artean desnibel txikiak daudelako. Litologiak garrantzi handia du arro honen ezaugarriak azaltzeko: alderen batean kareharri asko izateak erraztu egiten du lurpeko zirkulazioa. Badajoztik aurrera, ibaiak Espainia eta Portugalen arteko muga egiten du, Cadizko golkoan itsasoratzen den arte, estuario handi bat osatuz. Emaria oso erregularra du goi-ibilguan, eta irregularra erdiko eta behe-ibilguetan. Oso gutxi aprobetxatzen da energia elektrikoa sortzeko, baina asko erregadiorako.
2.4 Guadalquivir ibaiaren arroa
Guadalquivir ibaiaren arroak izen bereko sakonunea drainatzen du. Ibaia Cazorlan jaiotzen da, lautada horizontal batetik doa, eta Sanlucar de Barramedan itsasoratzen da estuario itxura hartuta. Ibai-adar emaritsuenak ezkerraldekoak ditu.