Iberiar Penintsulako Eremu Geologikoak eta Litologia

Clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,33 KB

Eremu silizeoa

Eremu silizeoa granitoa, kuartzitak, gneisa eta arbelak dira batez ere. Zokaloaren azaleratzeak dira eta penintsulako mendebaldean hedatzen dira:

  • Galizia eta Asturiasko mendebaldea.
  • Leongo mendiak, Zamora eta Salamanca aldeko penillanurak.
  • Portugalgo ipar eta erdialdea.
  • Extremaduraren parte handi bat.
  • Erdialdeko Mendikatea, Toledoko mendiak eta Sierra Morena.
  • Erdiko Pirinioak.

Klima epel eta hezearen eraginez, eremu hau osatzen duten materialek aldaketa kimiko handia jasaten dute. Granitoaren kasuan, urak feldespatoari eta mikari erasotzen die, buztin bihurtzen ditu, eta kuartzoa aske geratzen da. Beraz, harea eta buztinezko nahastea eratzen da.

Mendikate zaharrek bizkarralde kizkurtuak edo harri biribileko blokeak ageri dituzte; kuartzitek, higaduraren aurrean sendoagoak direnez, gailurrak eta lurralde menditsuak eratzen dituzte.

Kareharrizko eremua

Kareharrizko eremua jatorri sedimentarioko kareharriz eta tuparriez osatuta dago. Goi-lautadaren bazterrean eta periferiako mendietan hedatzen da. Gironako kostan hasten da, Pirinioaurretik igaro, eta Iberiar mendikatera jaisten da, Mendikate Subbetikoetara luzatzeko (Alacantetik Gibraltarreko itsasertzeraino), "Z" alderantzikatu bat marraztuz.

Kare-haitzek lurralde menditsuak eratzen dituzte, horma malkartsuekin, labarrekin eta erlaitzekin; aldi berean, berekin dauden materialak (tuparria, hareak, buztina...) errazago higatzen dira eta sakonuneak sortzen dituzte.

Buztinezko eremua

Buztinezko eremua arro kontinentaletan jalkitako buztin eta tuparriek eratzen dute. Honako toki hauetan hedatzen da:

  • Goi-lautadan (Duero, Tajo eta Mantxa).
  • Alboetako sakonuneetan (Ebro, Guadalquivir, Tajo eta Sado behealdeak).
  • Mendien arteko kubeta izenekoetan (Calatayud-Teruel).
  • Granada, Guadix eta Bazako sakonuneak.
  • Guadianaren Extremadurako arroak eta Levanteko lautadak.

Arro horietan ere ugariak dira tuparriak, kareharriak eta igeltsuak. Geruza horizontal edo azpihorizontalek, higadurarekin batera, lautada zabalak sortu dituzte hainbat mailatan: eremuak eta haran oso irekiak, azpil forman, non muino lekukoak ageri baitira sakabanaturik.

Entradas relacionadas: