Iberiar Penintsulako Erliebea
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,65 KB
Iberiar penintsulako erliebea Iberiar goi lautadaren inguruan antolatzen da. Erdialdeko Sistemak bi zatitan bereizitako lautada garai bat da: iparraldeko Iberiar goi lautada eta hegoaldekoa. Azken hori zertxobait gorabeheratsuagoa da, Toledoko mendiak direla eta. Iberiar goi lautadaren inguruan, berriz hau aurkitzen dugu:
- Ertz menditsuak: Galizia-Leongo mendigunea, Kantauriar mendikatea, Iberiar sistema eta Sierra Morena.
- Kanpoko unitateak: kanpoko sakonuneak (Ebrorena eta Guadalquivirrena) eta kanpoko edo periferiako mendikateak (Euskal mendiak, Pirinioak, Kataluniako kostaldeko mendikateak eta Mendikate Betikoak).
Iberiar Goi Lautada
Iberiar goi lautada ordoki garaia da, 600-800 m-ko altitudea du batez beste. Era Primarioan sortu zen, antzinako Hesperiar mendigunearen (orogenia hertziniarrean sortua) higaduraren ondorioz. Era Tertziarioan, Alpetar orogeniak ia Iberiar goi lautada guztia deformatu eta suntsitu zuen, eta, beraz, hiru unitate eratu ziren horren barnean: antzinako zokalo paleozoikoa, barneko mendilerroak eta barneko arro sedimentarioak.
Antzinako Zokalo Paleozoikoa
Gaur egun Iberiar penintsularen mendebaldean soilik ageri da (Zamora, Salamanca eta Extremadurako penelautadak). Horietan, zokaloa estaltzen zuten material tertziarioak suntsitu egin ditu higadurak, eta jatorrizko material silizeoak utzi ditu agerian: granitoa, arbela eta kuartzita.
Erliebea penelautadez edo uhin oso leuneko gainazalez dago osatua. Granito gainean modelatutakoak lauagoak dira (Salamanca iparraldea) arbel gainean modelatutakoak baino (Salamancako hegoaldea eta Extremadura). Penelautadetan uharte mendiek eta arroka azaleratzeek gorabeherak sortzen dituzte, baita erresistentzia handiagoko arrokez osatutako hondar erliebeek ere. Azken horietakoak dira, esate baterako, Extremadurako penelautadan kuartzita gainean eratuta tarteka ageri direnak. Penelautaden eta Iberiar goi lautadaren arro sedimentarioen arteko ukipen guneetan arroila sakonak daude (arribeak edo labarrak), ibaiak penelautaden material gogorren artean sartu zirenean sortuak.
Barneko Mendilerroak
Erdialdeko Sistema eta Toledoko mendiak dira. Era Tertziarioan eratu ziren, Alpetar orogeniaren ondorioz Iberiar goi lautadaren zokaloaren blokeak altxatu zirenean. Bi mendilerroen arrokak jatorrizkoak dira (granitoa, arbela eta gneisa), eta forma biribilduak eta gailur lauak dituzte, altxatutako higadura gainazalak baitira.
- Erdialdeko Sistema garaiagoa da, eta gutxi gorabehera erditik zatitzen du Iberiar goi lautada. Mendilerro nabarmenak Somosierra, Guadarrama, Gredos, Peña de Francia eta Gata dira.
- Toledoko mendiak ez dira hain garaiak, eta bitan zatitzen dute hegoaldeko Iberiar goi lautada. Tajo ibaiaren arroa eta Guadiana ibaiarena bereizten dituzte. Mendilerro garrantzitsuena Guadalupe da.
Barneko Arro Sedimentarioak
Iparraldeko eta hegoaldeko Iberiar goi lautadetakoak dira. Era Tertziarioan eratu ziren, Alpetar orogeniak Iberiar goi lautadaren zokaloaren blokeak hondoratu zituenean. Hasteko, aintzirak eratu ziren arroetan; ondoren, material tertziarioekin bete ziren. Materialok horizontalean kokatu ziren, estratu bigunak behe aldean (buztinak, areak, igeltsuak eta margak) eta gogorrak goiko aldean (kareharriak). Emaitza paramoz, landazabalez eta aldapaz eratutako erliebea izan zen.
- Paramoak egitura lauak eta garaiak dira, eta kareharrizko estratu gogorrez osatuta daude. Paramoetan, ibaien higadurak “U” formako haranak eratu ditu. Haran horiek paramoak ebakitzen dituzte eta mahai txikiagotan zatitzen. Paramoak iparraldeko Iberiar goi lautadaren arroaren iparreko eta ekialdeko eremuetan daude, baita hegoaldeko Iberiar goi lautadaren ekialdean ere (Alcarria, Mesa de Ocaña eta Mantxa).
- Landazabalak ibaiek zeharkatutako lautada zertxobait uhinduak dira. Paramoak higatzen eta behe geruzetako buztinak eta margak azaleratzen diren lekuetan eratzen dira. Ohikoak dira horietan muino lekukoak edo muino uharteak; gailurretan paramoen kareharriak dituzten hondar erliebeak, alegia. Landazabal aipagarrienak Duero, Tajo eta Guadiana ibaiek zeharkatzen dituztenak dira.
- Aldapak paramoen eta landazabalen arteko eremu inklinatuak dira.
Iparraldeko Iberiar goi lautadaren arroa hegoaldekoa baino altuagoa da (800-850 m batez beste), uniformeagoa ere bada, guztia Dueroren arro hidrografikoan baitago; horrez gain, mendiak daude ia arro guztiaren inguruan.
Hegoaldeko Iberiar goi lautadaren arroa baxuagoa da (500-700); Toledoko mendiek erliebe formak sortzen dituzte erdialdean, eta bi arro hidrografikotan bereizten dute Tajorena eta Guadianarena; gainera, Ozeano atlantikora iristen da.